argia.eus
INPRIMATU
Argia.eus berriturik dator urte berriarekin
  • Hilabeteak daramatzagu ARGIA.eus berritzeko lanean, eta azken ukituak ematen ari gara, ahalik eta txukunen aurkezteko.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2022ko abenduaren 02a
Kalean mugikorrarekin albiste bat eguneratu edo argazki bat atera eta bertatik albiste bat sortzeko gai izatea izango da berrikuntzetako bat (argazkia: Dani Blanco / ARGIA)
Kalean mugikorrarekin albiste bat eguneratu edo argazki bat atera eta bertatik albiste bat sortzeko gai izatea izango da berrikuntzetako bat (argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

ARGIAren webguneak 25 urte dauzka –hemen gaiari buruzko erreportajea–, eta ikusten ez bada ere, barrualdeko administrazio gunea adabakiak bata bestearen gainean jarriz eraikita dago. Hasieran, digitalizatuta zeuden elkarrizketak, gero astekariko erreportajeak, ondoren albisteak, hemeroteka, multimedia kanala, blogak, etiketak, online azoka… Atal bakoitza egin zen unearen erradiografiak  dira ARGIAren webgunearen tripak –gaur gaurkoz 120.000 artikulu ditugu indexatuta, eta etorkizun hurbileko proiektua da 1919 urtera arteko guztia berdin eskaintzea–, eta lanerako moldatzen baginen ere, honetan ere, garai berrietara egokitzeko beharra ikusten genuen.

Kalean mugikorrarekin albiste bat eguneratu edo argazki bat atera eta bertatik albiste bat sortzeko gai izatea. Hori izan zen berrikuntza honen abiapuntua duela urtebete inguru; beraz, erabiltzaileentzat ikusezina izango den arren, lanerako darabilgun tresnaren administrazio gunean aldaketa oso garrantzitsua da. Zenbat eta tresna modernoagoak, lanaren emaitza hobea izango delakoan gaude.

Hala ere, 25. urteurrena baliatu nahi izan dugu webgunearen alde publikoa ere eraberritzeko. Nagusiki, informazioa hobeto antolatu, hierarkizatu eta aurkeztea izango da helburua. Argia.eus-eko bi zutabe bertikal nagusien eskema alde batera utzi eta, hemendik aurrera, mundu mailan nagusitu den joerarekin bat egingo dugu: bloke horizontalagoen bidez sailkatuko dugu informazioa. Besteren artean, gailu mugikorretarako askoz egokiagoa da.

Multimediak ere bultzada jasoko du, eta podcastez gain, ikus-entzunezkoen produkzioak ere leku nabarmena izango du, esparru horretan informazioa eskaintzen eta eragiten jarraitzeko asmoa baitugu.

Diseinua ere finduko dugu, horrenbeste artikuluren artean nabigazioa atseginagoa izan dadin. Eta ikusita mugikorren bidez sartzen direla milaka lagun egunero ARGIAra, gure webgunearen mugikorren bertsioa ere berrituko dugu. Aurkezpena urtarrilaren 10ean izango da, eta behin hau amaituta, baditugu datorren urtean egin nahi ditugun proiektu indartsu gehiago.
Azken hilabeteetan Argia.eus-era interneteko erabiltzaileek egiten duten bisita kopurua bikoiztu egin da, eta uste dugu azala berritzeak lagunduko duela gure webgunera etortzen direnei ongietorri elegante bat ematen.