argia.eus
INPRIMATU
Bizitzarako lurrik gabe etorkizunik ez
Beñat Irasuegi Ibarra @birasuegi 2022ko azaroaren 22a

Bizitzarako beharrezkoak diren lurrik gabe geratu gara. Elikadura ekoizpenak, energia sorkuntzak, lan egiteko tokiak, kultura garatzeko topalekuak, hezkuntzarako eremuak, datuen metaketak, denek behar dute lurra, eta ez daukagu, edo ez behintzat jabetza kolektiboan. Eta horrela ezinezkoa da etorkizun burujabeak eraikitzea. Etorkizunak jabetza pribatuaren esku utzi ditugu.

Bizitzarako lurraren galera ez da gatazka gabe gertatzen, eta egunerokoan ikusten dugu disputa, komunak izan beharko luketen espazioak kapitalaren mesedetan ustiatzeko, bizitzarako gaur egungo edo etorkizuneko beharrak bigarren plano batean utziz. Gertatzen da ere, bizitzarako beharren artean, behar batzuk besteen aurrean gailendu nahi izatea, bizitza bera interdependentzien sare bat dela onartu gabe. Azalean ikusten ditugun tentsioak dira, oraintxe bertan Erdizen, Arbonan, Donostiako alde zaharrean, Piaspen edo Euskal Herriko eta munduko herri, auzo eta eremu askotan gertatzen ari direnak. Tentsio gehienak, kapital metaketarako oraindik lurrak duen garrantziaren ondorio dira, baina gero eta gehiago ikusiko ditugu, herritarron behar ezberdinen arteko mailaketaren ondorioz gertatzen direnak. Gatazka eremu unibertsal baten aurrean gaude.

Ekonomia kontuetan maisu dudan Oscar García Jurado lankide andaluziarrak beti gogorazten digu, lurrak ez duela balioa galtzen, horregatik dela hango eta hemengo jauntxoen boterearen oinarri

Ekonomia kontuetan maisu dudan Oscar García Jurado lankide andaluziarrak beti gogorazten digu, lurrak ez duela balioa galtzen, horregatik dela hango eta hemengo jauntxoen boterearen oinarri, eta ezinbestekoa dela, lurra bertan lan eta bizi denarentzat izatea. Bidean bi ildo landu behar ditugu ezinbestean. Batetik, lurraren erabileraren planifikazio herritarra behar dugu, gaurko eta etorkizuneko erabilera herritarren eta ez kapitalaren beharren arabera antolatzeko. Bestetik, lurren eta bizitzeko espazioen berreskuratze proiektuak indartu eta ugaritu behar ditugu, baditugu adibideak hurbilean: Lurzaindia, Etxalde, La Borda, Marinaleda, Biziola eta sortuko direnak.

Nola egin ordea komun materialen pribatizazioa ia gertatu den eta komun inmaterialen pribatizazioa gertatzen ari den garaiotan egoerari buelta emateko? Bideak publiko-komunitarioa izan beharko du, herritarrok egina, horretarako eskura ditugun tresna instituzional eta kooperatiboekin gure lurraldeetan jabetza kolektiboko proiektuak eta egiturak sortuz, lurra erosi, berreskuratu eta kolektibizatuz. Adibidez, gure aurrezkiak Koop57n batu ditzakegu, txikitik ere bizitzarako lurrak eta etorkizunak berreskuratzeko.