argia.eus
INPRIMATU
Bizi(g)arria
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2022ko azaroaren 22a
Harria | Autoekoizpena, 2022

Harritu nau –zentzu onean– proiektu berri honek. Adiera edo zentzu asko ditu hitzak eta Bergaran Aitor Aldanondok harri baten inguruan sortutako honek baditu hainbat. Urteetan hartutakoa –bizitakoa– nolabait atera nahi izan du lan honetan.

Ibilbide musikala punk-harrian jarduten zuen Brigada Criminal taldean hasi zuen Aldanondok. Halako batean, baina, taldekideentzat harriaren pareko zama bihurtu zen estilo hura eta, batez ere, hori inguratzen zuena. Hala bada, erabaki zuten harriaren, rockaren, esentziara, jatorrira jotzea eta poseetatik kanpo Fiachras mugarria sortu zuten. Gustura aritu ziren, eroso, baina harriaren azpian gehiago sakonduz eta Iruñ(e)arriako lagunekin batera Bizardunak erditu zuten, folk basati samarra oinarri hartuta.

Gerora, Aldanondo urrundu da pixka bat agertokietatik eta denbora hori baliatu du barrura begiratzeko. Bizi izandakoek eta azalean zizelkatutakoek zer pentsa eman diote; disko honetan irudikatu nahi izan du heriotza gainditu osteko bizitza, hain zuzen ere, irakaspenei eta sufrimenduari irabazitako bizitza; alkimisten harria, funtsean.

Hala, Maitane, Ekaitz eta Guillerekin martxan jarri duen proiektu berri honetan abesten dio ikasitakoari, bizitakoari, eskertu beharrekoari eta ospatukoari. Gainera, bidean beste hainbat konplize ere batu ditu: Freddi Pelaez, Haritz Artola, Adolfo Alcocer, Domentx Uzin, Iñigo Cabezafuego, Mikel Azkargorta, soka zortzikote bat eta beste. Horietako bakoitzak indartu du kantuaren pisua, zama eta tonua.

Eta hemen, proiektuak orain arte erditu duen lan bakarrean, euskaraz abestutako hamabi kantuetan, badira Aldanondoren ibilbidean esanguratsuak izan diren giroak, eta baita beste batzuk ere, ezezagunagoak. Calexico eta Morricone-ren antzeko giroak erdietsita; baita Shane McGowan zaharrarekin topa egiteko moduko kanturik ere. Bestalde, folka ere ez dute alboratu nahi izan, ezta Hertzainak-en eskolako artifiziorik gabeko rocka ere. Eta bada, horiez gain, psikodeliaranzko joera bat, kantu batzuetan oso nabarmena, esaterako.