Gurina igurtzi dut gozo-gozo ogian eta eztia bota diot gainetik. Kafeari zurrutada eman diodan bitartean bigarren aldiz irakurri dut gaur, antzerki konpainiako kideok, jaso dugun e-posta misteriotsua.
Honela dio:
“Zorionekoak zuek, morez jantziak! Zorionak euskal feminista sortzaileok, hemendik aurrera ez duzue martxoaren bueltan bakarrik lan egingo, ez horixe! Sorpresa zoragarri bat prestatu dugu zuentzat: hemendik aurrera, azaroa ere izango duzue egutegian gorriz markatuta edo hobe esanda morez kar kar kar... Ongi irakurri duzue, AZAROA. Presta zaitezte zuen egutegiak urtean BI hilabetez topera izateko. Kontziente gara martxoaren zortziaren inguruan lan pilaketa handia edukitzen zenutela, horregatik eta zuen ongizaterako, hemendik aurrera azaroaren hogeitabostean emakumeen aurkako biolentziaren kontrako nazioarteko eguna dela eta, beste hilabete bat gehitu diegu zuen lan egunei. Prestatu bi hilabete hauetan datorkizuenerako eta gora borroka feminista!”.
Txantxaren ideologoa nor ote den jakiteko asmoz hirugarren aldiz mezua irakurtzera noala, hamar mail berri jaso ditugula konturatu naiz. “Hau ez da normala”. Kafeari beste zurrutada bat eta tostadari kosk egin diot, mezuak irakurri ditut.
Ia guztiak berdinak dira:
“Kaixo, zuen emanaldia aproposa ikusten dugu azaroan egin ahal izateko. (Data baten proposamena), egun horretan agenda libre izango zenukete?”
Proposatutako egunak begiratu ditut: azaroak 19, 24, 26 eta 27, guztiak hartuta.
Gure erantzun guztiak berdinak dira:
“Kaixo, mila esker gure antzezlanean jarri duzuen interesagatik. Egun horiek justu beteta ditugu, baina urria libre izango genuke eta abendua ere bai. Urtarriletik aurrera ere antzezlanarekin jarraituko dugu…”
Beraien erantzuna:
“Ze pena, emakumeen tematikarekin elkartu nahiko genuke…. Agian martxoa?”
Tostadari kosk egin diot "emakumeen tematikak" zein ote diren pentsatzen dudan bitartean. Diplomatika izaten saiatu Amancay, kontuz, hauek dira lana ematen dizutenak.
Gure erantzuna:
“Jo, martxoa ere tope dugu baina otsaila, apirila eta maiatza ere libre…”
Beraiek:
“Ze pena…. Beste batean izango da.”
Txantxa elaboratuegia dela, eta egia izan behar duela pentsatzen dudan bitartean berriz irakurri dut goizean jaso dugun lehenengo mezua.
Erantzuna idatzi dut:
“Kaixo, ez dakit nor edo nortzuk zareten mezu hau idatzi duzuenak, nahiz eta imaginatu dezakedan. Emakume sortzaileon lana urtean bi hilabetetara mugatzea indarkeria da. Guk kontatzen duguna “zuen istorio feminista” lelopean kokatzea indarkeria da. Gure istorioak unibertsalak ez direla pentsatzea indarkeria da. Martxoa edo azarotik kanpo gure sorkuntzek tokirik ez dutela pentsatzea indarkeria da. Gure lana, data mugatu horietara murriztea emakumeak garelako, indarkeria da. Borroka feminista ez da moda bat, gora borroka feminista”.
Erantzunaren zain geratu naiz, kafea amaitu dut. Bazkal ostean erantzuna iritsi ote den begiratu dut. Klaseak ematera joan naiz eta itzultzean e-posta begiratu dut, erantzunik ez. Ohera joan baino lehen ordenagailua azkeneko aldiz begiratu dut. Mezu bat dago.
Honela dio:
“Kaixo, zuen lanaren berri jakin dugu eta azaroaren 25ean emakumeen idarkeriaren aurkako egunaren inguruan egiteko aproposa iruditzen zaigu. Azaroko egunen bat libre izango zenukete?”.