Orain, beldurra ematen du zenbait txantxa egiteak. Ez dago umorerik. Berehala mintzen dira. Ezin da jakin larrua noiz jo daitekeen ere. Orain ezin zaio pertsona bati neska edo mutila dela esan. Zenbat txiste ezin dira egin! Jatorriari buruzkoak, joera sexualari buruzkoak, potoloei buruzkoak, totelei buruzkoak, herrenei buruzkoak… Okerrena ez da txantxetarako esparrua estutzea, okerrena da eztabaida batzuk tabu bihurtu direla, ezin dira planteatu ere.
Ezintasun horien erantzule izaten da feminismoa, antiarrazismoa, kolektibo batzuen azal fina (LGTBIQ+, pentsa, zenbat hizki inor ez mintzeko), mota guztietako haurren gurasoak, politikoki zuzenaren defendatzaileak, eta, nola ez, ezker buenista.
Esango nuke, noizbait, pribilejioren baten abaroan bizi garen edonori gertatu zaigula, duintasunen baten defentsa gure eskubideren baten aurkakotzat hartzea, aulkian ezinegonez mugitzea, diskurtsoren bat eratzen hasi eta barruan zimikoren bat sentitzea. Zimiko horri kasu egin, eta ikustea, mina ez genuela eskubide batean sentitzen, pribilejio batean baizik.
Gai batzuk tabu bilakatzea lorpen bat da; eskubideak kentzeari buruzkoak, adibidez. Ez dago gaizki eztabaida bat tabu izatetik zuzendariari gutunetara eraman aurretik, galdetzea ea zergatik dabilen ezker buenista hain kontuz gai batzuk eztabaida publikora ateratzeko garaian. Kezkatzea ez soilik zure beldurtxoaz, baizik baita beste aldean zuk zeuk sortzen dituzun amesgaiztoez ere.