argia.eus
INPRIMATU
Energia eta lurraldea
Mikel Otero Gabirondo @otero_mikel 2022ko azaroaren 10

Baliabide fosilak altxor energetikoa izan dira. Naturak pazientziaz aplikaturiko indarren ondorioz, milioika urteetan landare eta mikro-organismoek eguzkitik jasotako energia ikatza, petrolio eta gas formatuetan kondentsatu eta metatu ziren. Garraiatzeko errazak, moldakorrak, dentsitate energetiko altukoak, finean merkeak. Eskala ulertze aldera, gasolio litro bakarrak zaldi batek hamairu orduko lan-jardun jarraituan garatu dezaken potentzia bera du (edo pertsona heldu osasuntsu batek 100 orduko jardunean). Hori horrela, gure zibilizazioa erraldoi energetiko hauen gainean eraiki dugu, eta egun munduko energiaren %85 fosila da.

Gehiago esango nuke; fosilen erabilpen masiboak energia eta lurraldearen arteko lotura hautsi zuen. Baliabide fosilak sistema energetikoaren jaun eta jabe bihurtu aurretik, gure arbasoek ongi ulertzen zuten behar energetikoak asetzeko lurraldearen zati nagusi bat horretara bideratu behar zela. Izan sukaldatu edo beroa lortzeko biomasa, animali-trakzioa elikatzeko landa eta soroak, aleak xehetzeko errotak edo siderurgia ahalbidetzeko ikazkintza begetala eta ur jauziak, lurraldea erabilpen energetikoei lotua zegoen. Gaur ez. Gaur egun mundu zabaletik datoz erregai fosilak (erabiltzen dugun energiaren lau bosten), eta iruditzen zaigu energia lortzea eta lurraldearen erabilpena ez daudela loturik. Aldi baterako fikzioa da.

Aldi baterako diot, erregai fosilek bertute asko badituzte ere, badirelako bi arrazoi nagusi hauek bertan behera uztera behartzen gaituztenak. Alde batean, izaera finitua. Komenigarria da guk fosilak abandonatzea beraiek gu utzi aurretik. Beste aldean, larrialdi klimatikoa. Fosilak erretzen ditugunean askatzen dugun karbonoa da, luzez, kaos klimatikoaren erantzule nagusia eta, erabat ez badugu tronpatu nahi, ezinbestekoa da baliabide fosilen aroa ahalik eta azkarren gainditzea, energia berriztagarriak hedatuz.

Argi egonik fosilek eskaini diguten energia kopuru erraldoia ezingo dugula berriztagarriekin eskuratu eta orain arteko xahuketak amaitu behar duela (ikerketa onenen arabera, erdia lortzen badugu, konforme), Euskal Herrian bizi garen hiru milioi pertsonek bizitza duin bat izateko ditugun behar energetikoak asetzea ez da łan makala izango. Eta, derrigor, lurraldearen beste funtsezko erabilpenekin uztartzea eskatuko du, elikaduratik hasita. Hori bai, kontutan hartzen badugu eskala txikian eta guztion gusturako instalazioekin gehienez ere erabiltzen dugun energiaren %10-15 lortu daitekela, nago ni ez zaigula komeni lurraldea marra gorriz betetzea blokeo-egoera batera iritsi nahi ez badugu. Egin behar ez dena argitzeaz gain, egin beharrekoa diseinatzea dagokigu. Eztabaida delikatua izango da, baina atzerapenik gabe eman beharrekoa.