argia.eus
INPRIMATU
Anduaga txapeldun
Montserrat Auzmendi del Solar 2022ko azaroaren 11
Argazkia: E. Moreno Esquibel

OLBE-k antolatutako Belliniren I Puritani opera. Euskadiko Orkestra. Zuzendaria: Giacomo Sagripanti. Bilboko Opera Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin. Eszena zuzendaria: Emilio Sagi. Eszenografia: Daniel Bianco. Bakarlariak: Jessica Pratt (sopranoa), Xabier Anduaga (tenorea), Andrzej Filonczyk (baritonoa), Manuel Fuentes (baxua), Alejandro López (baxua), Josu Cabrero (tenorea), Laura Vila (mezzoa). Lekua: Euskalduna Jauregia. Data: urriaren 15a.

Ez diot inolaz ere gureari bakarrik distira eman nahi, ezta I puritani ekoizpen eder honetako gainontzeko bakarlarien aktuazioa gutxietsi nahi ere, baina, egia esan, etxean kilate askoko tenorea dugu, eta merezi duen lekua eman behar zaio.

Uda honetan Xabier Anduagak txundituta utzi gintuen Donostiako Musika Hamabostaldian La fille du régiment operan egindako interpretazio bikainarekin. Horregatik, jakin-min handia genuen ikusteko (eta entzuteko) obra honetan, I puritani operan hain zuzen ere, lehen erakutsitako ezaugarri horiek guztiak oraingo honetan frogatuko ote ziren jakiteko. Esan daiteke I puritani-ko Arturoen papera zailenetakoa dela tenore batentzat. Berez, bakarlariaren kalitate-neurria ematen digun rola da. Eta, kasu honetan, neurria bikaina izan zen.

Dena den, ez ziren Anduagaren dohainak bakarrik izan emanaldi hau azken aldian ikusi dugun onenetakoa egin zutenak. Puntu positibo asko izan zituen Euskalduna jauregiko jardunak. Alde batetik, eszenografia oso ederra izan zen. Zuriaren ugaritasunarekin eta kolore beltz ukituekin, Daniel Biancoren eszenografiak ametsezko mundu batera eraman gintuen, obraren atzealde historikoa desitxuratu gabe, guztiari aura zinematografiko bat ematen ziona.

Gainera, Euskadiko Orkestra, Giacomo Sagripantik gidatuta, dotore aritu zen. Nabarmendu gabe azpimarratzen jakin zuen, une oro ahotsekin oreka ona mantenduz. Emanaldi honen beste puntu oso positibo bat Bilboko Opera Abesbatzaren aktuazio bikaina izan zen, opera honetan lan batere erraza ez zuena.

Xabier Anduaga abeslariarengana itzuliz, bere kristalezko agudoek eta bere erregistro ertain ederrak distira egin zuten. A te o cara arian eta Fini mi lassa duoan, gaueko beste izarra izan zen Jessica Pratt sopranoarekin batera, entzuleak maitemindu zituen.

Bakarlarien arloan, ez zuen Anduagak soilik distira egin. Esan dudan bezala, Jessica Prattek Elvira zoragarria egin zuen. Pertsonaia honek ahotserako dituen zailtasun guztiak erraz eta edertasun tinbriko handiz konpondu zituen. Gozotasuna eta adierazkortasuna erakutsi zituen erdi bana.

Gainerako bakarlariek protagonisten mailan egoten jakin zuten. Bai Andrzej Filonczykek, Riccardoren paperean, bai Manuel Fuentesek, Sir Giorgio Valtonenean, eraginkortasunez bete zituzten beren interpretazioak.