argia.eus
INPRIMATU
Petra Elser. Beyond Spain
“Politikoki kontrapuntu argia jarri dugu”
  • Frankfurteko liburu azokan Espainia herrialde gonbidatua izango zela jakindakoan martxan jarritako Beyond Spain ekimena antolatzen aritu da azken hilabeteetan Petra Elser. Hitzaldiak, mahai-inguruak eta irakurraldiak egin dituzte, besteak beste. Itzultzailea da Elser, Euskal Herrian bizi izan da luzaroan, baina aspaldi honetan berriz ere Frankfurten ditu lana eta bizitokia. Harremanetan jarraitzen du euskal errealitatearekin. Itzultzailea, aktibista eta etorkinak euskalduntzeko esperientzia oparoa lantzen ezagutu dugu gurean.

Patxi Gaztelumendi @iptx 2022ko azaroaren 03a
Beyond Spain ekimeneko mahai-ingurua, Espainiako Estatuko demokraziaren egoerari buruz, Frankfurten. Eskuinean, Petra Elser.

Zer moduz joan da Frankfurteko zuen egitaraua?
Orokorrean oso pozik gaude. Inguruan 25 idazle, hizlari eta parte-hartzaile mugitu ditugu eta hurbildu dira hona. Diasporako komunitatea, Alemanian eta inguruan bizi diren euskaldun, katalan eta galiziarrak. Guretzat aukera ederra izan da komunitate ugaritako idazle eta jendearen artean harremanak sortzeko. Literatura eta mundu ezberdinen artean, sindikalistak, lan politikoa egiten dutenen artean…. Politikoki kontrapuntu argi bat jarri dugu. Liburu azoka ireki eta Espainiako errege-erreginak ikusi ditugu ia egunero hemengo hedabideetan eta guk beste irudi bat eman dugu, horren kontra sortu dugu gune bat.

Prentsan idazle batzuk espainiar bezala agertu dira: Katixa Agirre, Bernardo Atxaga… Baina guk ez dugu hori elikatu eta alde horretatik pozik gaude. Gero hitzaldi interesgarriak entzun genituen, irakurraldi politak eta jendetsuak, rap kontzertua areto betearekin, hiru hizkuntza komunitatetako taldeekin. Hori ez da inoiz egin Alemanian, oso adierazgarria izan zen kulturalki eta zentzu horretan poz-pozik gaude.
 

Zergatik ikusi zenuten beharrezkoa horrelako formatu bat?
Ez dakigu espainiarren estrategia beraiek asmatu zuten edota alemaniarrek proposatu edo behartu zituzten. Kasu guztietan estrategia izan zen kultur aniztasunaren adierazle moduan aurkeztea haien burua. Idazle euskaldun, katalan eta galego asko gonbidatu zituzten eta horrekin erakutsi nahi zuten oso irekiak direla, guztiek lekua dutela, denak kabitzen direla Espainia barruan eta aldi berean denak direla espainiarrak. Guk erakutsi nahi genuen hori faltsua dela. Nahiz eta hemen erakutsi hizkuntzaren aniztasuna edo euskal literatura eta literatura katalana, gero hizkuntza politika oso ezberdina da. Hori erakutsi nahi genuen, benetan zer gertatzen den gure nazioen komunitateetan eta zein den hizkuntza politika eta non murrizten duten hizkuntzaren erabilera. Eta Espainia barruan egotera behartzen gaituzten bitartean inoiz ez dela izango eskubide osoa norbera bere hizkuntzan bizitzeko. Nola aurkeztu gure literatura, politika, kultura gure ikuspegitik, aldez aurretik jarrita zegoen egitarau baten barruan, gonbidatu moduan. Diruarekin denetarik egin ahal da, hegaldia ordaintzen badizute aukera daukazu idazleak ekartzeko.
 

Nolako publikoa hurbildu da?
Ekitaldien arabera ezberdina izan da. Gai historikoen ekitaldietara, Gernika eta 1936ko Gerra, memoriaren inguruko ekitaldietara batez ere gazteak hurbildu dira. Nabari zen beraiek gai hori ez dutela ezagutzen eta interesa daukatela. Errepresioaren gaira gazteak hurbildu ziren eta gero aspaldiko ezkertiar jendea, betiko interesengatik.

Hizkuntza eskubide eta eskubide politikoei buruzko hitzaldietara irakasleak, sindikalistak, etorkinekin harremanak dituztenak. Hizkuntza gutxituen gaia ez da bakarrik Euskal Herrian ematen, herrialde askok dituzte hizkuntza gutxituak. Afrikatik hona datozen etorkinen herrialdeetan hizkuntza gutxituak hitz egiten dituzte, baina ez dira onartuak. Alemaniako eskoletan atzerriko jatorria duten ikasleen ehuneko handia dago. Saiatu ginen hango esperientziak hemengo jendeari ulertarazten, beraiek ere haien lanean erabili ahal izateko.

Irakurraldietan bi motatako jendea batu dugu: alde batetik, erreferentziak zituztenak, batez ere euskal literaturarena, batzuk baita katalanena eta galegoena ere. Bestetik, publiko herrikoia, auzoko publikoa edo literaturazaleak.
 

Euskal literaturarekiko harremanik piztu da?
Hemen aspaldi piztu zen harreman hori. Duela 15 urte Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua alemanera itzulita aurkeztu genuen. Gero Zubiak literatur bilduma sortu zen, eta euskal idazle ezberdinen bilduma argitaratu zen. Oraindik existitzen da hainbat lekutan. Raul Zelik-ek argitaratu zuen Lagun armatua. Gero badaude irakurraldi batzuk Euskal Etxeak antolatutakoak. Euskal idazleak gonbidatzen dituzte. Beraz, badago jendea erreferentziak badituena. Lagun izoztuaren irakurraldia oso formatu interesgarrian egin zuten: pertsona batek liburuaren historia kontatzen zuen eta tartean hiru pertsonak irakurri zituzten liburuen zatiak; neska kurdu gazte bat, Irandik duela 30 urte errefuxiatu moduan etorri zen gizon bat eta mediku bat Mediterraneoan itsasontzi batean ibili dena errefuxiatuei laguntzen. Ideia izan zen haiek hirurek eleberri bat irakurtzen zutela baina era berean haien istorio propioa sartuta zegoela. Asko gustatu zitzaidan. Hori izan zen literatura modu herrikoian tratatzea eta bizitzaren, politikaren eta gizartearen parte izatea eta ez merkantilizatuta.