argia.eus
INPRIMATU
Katuek baino ertz gehiago
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2022ko azaroaren 03a
Feline | Family Spree recordings, 2022

Batzuetan elementu asko elkartu behar dira aurreikusi ez duzun emaitza bat ateratzeko. Hori gertatu da nolabait Gernika eta Bermeo artean sortutako Feline taldearekin. Primeros Auxilios punk taldeko Iñaki Baini-k etxean elektronikarekin jolasteari ekin eta maketa batzuk grabatu zituen. Beste musika koordenada batzuetako Ainhoari (Labana, Seda...) eta Rubeni (Audience) kantak erakutsi, eta haiek ukitu berritua eman zieten. Azkenik, Puro Odio taldeko Eneko batu zitzaien.

Guztia jarraian izan da: oinarrizko maketetako kantei buelta bat eman, Capsula taldeko Martin Guevarak Bilbon duen Silver Recordings estudioan hamar kanta grabatu, Family Spree Recordings zigiluak apustua egin eta zuzenean jotzen hasi. Eta, hara, egiten dutena freskoa da, eta harrera beroa izaten ari da. Ez da kasualitatea “Feline” Stranglers taldearen diskoetako baten izena izatea; nabaritzen da haien arrastoa eta, zalantzarik gabe, teklatuek eta sintetizadoreek pisu nabarmena dute emaitzan, baina harago doaz.

Ezohikoa da gure artean melodiei halako garrantzia emateaz gain, leloak eta koroak modu horretan zaintzea. Horrez gain, estilo entsalada zabala lantzen dute, batzuk zein besteak harrapatzen dituena.

Always kantak, esaterako, badu intrigadun new-wavetik, baina baita gitarradun rock-and-rolletik ere. Zure bidea dantzagarriagoa da, ahotsak tartekatuz eta garage ukituekin, hit bat. I hate you! kantaren doinua ere ez da erraz ahaztekoa: erritmo biziagoa dauka, power-poperoa da eta –gehienak bezala– itsaskorra. The eye ilunagoa da eta, aldi berean, poperoa. Too sad abestiak tartekatzen du ildo Ramonianoa eta baita giro espazialagoa ere. So alone kantak salto egiten du popetik garagera eta, zergatik ez, americanara. Emozio, zu Stranglers taldeak kutsatutako power-popa da. Looking, Kalifornian –berezko garai hartan– erditutako pop gema. Ian eta Myra Fuzztones, Jotakie eta Ama Say taldeen arteko bakanal indartsua. Eta, borobiltzeko, beste garai batean idatzitako How do you think it feels balada newyorktar erraldoiaren irakurketa ederra.