argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Turista gara
Uxue Apaolaza Larrea 2022ko urriaren 27a

Garai bakoitzak bere tenpluak ditu, botereak unean-unean jendeak zer gurtu behar duen erabaki duenaren araberakoak. Normalean, pertsonaren neurriak soberan gainditzen dituztenak, gora begiratzera garamatzatenak. Katedralak jainkoa bazen, ministerio neoklasikoak botere laikoagoak baziren, fabrikak lana bazen… Ondotik pasatzean handitasuna suma daiteke, zu zeu goratzen transzendentzia horren norabidean bazoaz, izutzen norabidez aldatuta bazabiltza. Turismoak horiek guztiak berrerabili ditu, esanahiz aldatuta, eta berriak eraiki, museoak kasu, Guggenheim, adibidez.

Hogeita bost urte bete ditu tenpluak, eta isildu dira momentuan ere erridikulutzat jo ziren kritikak, erridikuluak izaten baitira botereari komeni ez zaizkion gogoetak. Kostua aipatzen zen, Kultura sailetik ordaindutakoa; euskal kulturaren neurriko museoa ote zen galdetu zen, zertarako itaundu zen… Eta erantzuna zaplazteko moduan eman zen, eta ematen da. Izan ere, museoa arrakastatsua izan da: soberan bete ditu promotoreen asmoak. Bilbo ez da lehengo Bilbo, diote, museoari esker. Tenplua ez baitzen gure neurrira egin behar, gure neurriz gora baizik, transzenditzeko, gora begiratzeko, botereak une horretan, eta honetan, sinestu behar dugunari buruz erabaki duenaren norabidean.

Eta sinetsi behar duguna ez da artea, ez zaigu arrakastaren berri kontzeptu artistikoen bidez ematen, orain euskaldun batek arteaz lehen baino gehiago dakiela esanez, orain geure burua irudikatzeko dugun potentzialaren neurrien bidez. Datu ekonomikoak ematen zaizkigu, inbertsioa berdindu baino gehiago egin baita, turismoari esker. Tenpluaren ondotik pasatzen garenean, katedral baten ondoan bezain txiki gara, erlijioa etxe atariraino ekarrita.

Ez dugu hegazkinik hartu beharrik, azkenik, turista gara gure kaleetako espaloietan ere.