argia.eus
INPRIMATU
Kalapitaren bila
Iñigo Basaguren-Duarte @inigob_d 2022ko urriaren 30a
Argazkia: Iñigo Basaguren-Duarte

Zubiak bi munduren arteko muga markatzen du. Alde batean Bilbora doan errepidea dugu. Bestean ezer ez, inon ez. Zubia mundu ezagunaren eta gune liminalaren arteko aduana da. Azpitik zeharkatu dugu beste dimentsio batera eraman behar gaituen porlanezko atari bat izango balitz bezala, beste aldean sortu behar den zalapartaren bila. Han, eraikitzen bukatu ez zuten txalet auzo erraldoi eta aberats baten hondakinetan, inoiz gauzatu ez den etorkizun baten mamuen artean antolatu dute II. Kalapita Fest-a.

Kalapita Fest II
NOIZ: urriak 9
NON:  Txorierri

Txorierriko gune abandonatu honetan, porlan eta sastraken arteko bideari jarraituz, banan-banan aurkitu ditugu antolatu dituzten sei emankizunak. Tunel baten barruan izan da lehenengoa. Bertan, Alex Mendizabal kanabera bati lotutako zakar poltsa batzuen barruan jarritako bi bozgorailuek jaurtitzen zituzten loop-en soinuarekin jolasean ibili da, poltsak airean alde batera eta bestera dantzan jarriz. Mugimenduak, tunelaren oihartzunak eta tartekako seinale galerek emaitza ederra sortu dute.

Eguzkipean eta isiltasunean abiatu gara hurrengo topagunera. Bidean haur batek gidatutako motor txiki batekin gurutzatu gara, agian hona etorri behar ziren auzokideetako baten mamua izango zen. Porlan arrakalatuaren bazter batean, belar txarren artean Izarne Oyarzabalek, Mikel Vegak eta Fernando Ulzionek osatutako hirukotearekin egin dugu topo. Azken bien inprobisazio musikalari erantzun die lehenengoaren dantzak, urruntasunean hegazkinen aireratze eta lurreratzea gertatzen zen bitartean. Tarteka dantzariak belar txarrei tira egin die, heriozko paisaia esnatu nahiko balu bezala.

Hirugarren emanaldiaz gozatzeko urbanizazioaren ur biltegia izan behar zenaren barruan sartu gara, non Ibon RGk eta Luis Andrek han bertan grabatu duten diskoa aurkeztu duten. Hor ibili dira porlanari orroka, tronpetaren haize enbatekin kolpatuz. Bi izaki dira elkarri hitz egiten saiatzen. Urtegia bera hirugarren musikari bat izan da, bere barneko edozein soinu, marmar xume bat zein lurrari emandako ostikada sendo bat, beste dimentsio batera eraman baitu.

Larrean botata bazkaldu ostean azken gunera abiatu gara, beste tunel batera. Hiru emankizun antolatu dituzte bertan. Abrigo bikoteak sortutako trantze egoeratik irten garenean, Lorea Oar-Artetak soinuarekin esperimentatzen jarri gaitu, zurrumurrutik oihura pasatuz. Handik isiltasunera. Bukatzeko, Don the tigger-en (Adrian de Alfonso) emanaldia izan dugu. Han, inora ez daraman tunel baten muturrean, bere ahots ederraren proposamenak paisaia malenkoniatsu eta ilunetatik eraman gaitu.

Egunaren azken eguzki izpiekin bat irten gara gune ahaztu horretatik. Hesi bat gurutzatu eta zibilizazioan gara berriz, inon ez egun ederra eman ondoren. Muga zeharkatzeak merezi izan du.