argia.eus
INPRIMATU
Haurkeriak
Itxaro Borda 2022ko urriaren 26a

Boterera heltzen diren politikarien ametsa tabula rasa egitearena ote da? Bazterrak, erakundeak, egiturak, elkartasunak, sindikatuak suntsitu eta desaktibatuz, gobernatzen den mundu horri reset bat eginarazi eta datozen milenarioentzat, makina berriz abiarazteko pretentsio argi eta garbia dute. Neoliberalismoaren zeregina da gaur egun, aurreko hamarkadetako ideologia mesianikoen ildotik edo hauen ordez. Buruzagiek, garapenaren eta indar militarraren ikurrak airean, batzuetan eskuin-muturrera plegatuz, Italian edo Hungarian bezala, zalantzan eman ezinezko autoritatea bermatu nahi dute.

Macron ere xenda horretatik doa. Ez da Frantzian, baitezpada erretreten erreforma baten premiarik, baina gizonak sakon sartua dauka buruan eta dudarik gabe, bideratuko du, batetik, pribatizazioaren osteko diru-altxorraren aiduru diren pentsio fondoen onerako eta bestetik, bere ustezko autoritatea erreforma horretan errotzen delako. Erran du duela gutxi: “Ce qui se joue, c’est mon autorité” (Nire autoritatea da jokoan dagoena).

Urguilu hutsak sustatu boteretsuen haurkeriak garesti ordaintzen dituzte herritarrek, bereziki herritar zaurgarrienek.