Etorkizuna dago egia badago

  • Alejandra Millerrek argi dauka, gatazka baten ostean, mundu guztiarekin hitz egin behar dela. Isilarazitako ahotsak eta narrazioak biltzen saiatu da, besteak beste, Kolonbiako Egiaren Batzordearen barruan, herrialde horretako gatazka armatuak era guztietako emakumeei eta LGTBIQ+ pertsonei nola eragin dien aztertuz. Izan ere, aurten aurkeztu du Egiaren Batzordeak bere txostena –11 liburuki–. Donostian egon ziren irailean, beren esperientziaren berri ematen udako ikastaro batean.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Alejandra Miller. Cali, Kolonbia, 1970

Ekonomialaria, ikertzailea eta unibertsitateko irakaslea lanbidez, konpromiso sozial handia erakutsi du, batez ere Kolonbiako mugimendu feministaren barruan. Bere herrialdeko bake-prozesuaren harira, Bakearen Batzordeko kidea izan da, eta berak zuzendu du batzorde horren barruko genero-taldearen jarduna. Ruta Pacífica de las Mujeres [Emakumeen Bidea Bakearen Alde] taldeko kidea da.

Kolonbiako bake-prozesuaren barruan, Egiaren Batzordeko kidea izan zara. Azalduko zenidake horren testuinguru orokorra?
Egiaren Batzordea, funtsean, bake-prozesuaren ondorioz sortu zen. Estatuak eta FARC gerrillek –Amerikako kontinenteko gerrilla talderik handiena eta zaharrena– bake-akordio bat sinatu zuten 2016an, eta, hala, trantsiziorako hiru erakunde sortu ziren: Bakerako Justizia Berezia, Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Unitatea eta Egiaren Batzordea. Gu 2018aren amaieran hasi ginen lanean. Hautaketa Mahaiak hamaika batzordekide aukeratu zituen, gizonak zein emakumeak, tartean nazioarteko eragile asko. Batzordekide gisa Kolonbiako mugimendu feministak proposatu ninduen.

Aipagarria da era honetako prozesu batean emakumeen eta LGBTIQ+ kolektiboaren egoerari zehazki heltzen dion talde bat egotea.
Oso garrantzitsua iruditzen zait Kolonbiako emakumeen mugimenduaren eta mugimendu feministaren eragin politikoa, eta batzordearen osaketa-dekretutik bertatik argi geratzea genero-lantalde bat sortu behar zela, ekintza guztietan ikuspegi hori aintzat hartuko zela bermatzeko. Lanean hasi ginen, eta genero-taldea osatu genuen: horrek jendea eta baliabideak eskatzen zituen, genero-ikuspegia ez zedin titular hutsa izan. Bestalde, bermatu beharreko beste gauza bat zen batzordearen txostenean kapitulu zehatz bat eskaintzea emakumeei eta LGBTIQ+ pertsonei gatazkan gertatu zaizkienei.

Zer gertatu zaie emakumeei eta LGBTIQ+ pertsonei gatazkan? Zer azpimarratuko zenuke?
Zer gertatu zen, zergatik gertatu zen eta zer ondorio izan zituen aztertu dugu. Eta, bereziki, indarkeria oso masiboak aipatu ditugu txostenean: batetik, lurraldeen desjabetzea eta derrigorrezko lekualdatzeak, eta, bestetik, indarkeria sexuala, noski. Eta horren ondorioak: emakumeak demokraziatik kanporatu zituzten.  

Lekualdatzeen kasuan, emakumeei gehiago eragin zien?
Lau milioitik gora emakume behartu zituzten beren lurrak uztera. Emakumeen gorputzak kontrolatzeko prozesuen bidez, eragile armatuei errazagoa gertatzen zitzaien lurraldeak kontrolatzea. Estrategia militar bat izan da. Emakumeei mehatxu egitea eta haiek lekualdatzea askoz eraginkorragoa da gizonak lekualdatzea baino, zeren emakumeek alde egiten dutenean ez dira bakarrik joaten, beren kargu daudenekin baizik, eta komunitateen desegituratzea ere badakar horrek. Lekualdatzearekin batera gabetzea aipatu behar da, lurren lapurreta eta emakumeek beren lurretan zeukaten guztia kendu izana. Bestalde, ikusi dugu sexu-indarkeriari lotutako mehatxuak oso eraginkorrak izan direla lurraldeak azkar husteko eta eragile armatuen eskuetan geratzeko.

Nola landu duzue sexu-indarkeriaren gaia?
Genero-indarkerian oinarritutako indarkeria espezifikoak dira sexu-indarkeriak. Horren erakusgarri argia da datu hau: gatazka armatuan sexu-indarkeria jasotako biktimen %90 emakumeak izan ziren. Bortxaketatik harago, sexu-indarkeriaren hamahiru modu identifikatu ditugu. Horiek ere aitortu nahi genituen, zigor kodean agertzen ez diren arren. Azkenik, ez genuen tabula rasa egin nahi, hau da, ez genuen esan nahi denek “bortxatu zuten eta gauza bera izan zen eremu guztietan”. Xehetasunetan sakondu nahi genuen: zer taldek, zer garaitan eta zer lurraldetan gauzatu zuten indarkeria zehaztu nahi genuen. Hala, dokumentazioa, testigantzak eta bestelako iturriak ikertuz, ondorioztatu dugu eragile guztiek ez zutela sexu-indarkeria gerrako estrategia politiko gisa erabili, eta hor badira azpimarratu beharreko alde batzuk.

"Sexu-indarkeriari lotutako mehatxuak oso eraginkorrak izan direla lurraldeak azkar husteko eta eragile armatuen eskuetan geratzeko"

Adibidez?
Paramilitarren kasuan, 1995etik 2005erako garaian, ikusi dugu sexu-indarkeria gerra-estrategia gisa erabili zutela, batez ere emakumeak lurraldetik ateratzeko eta zeukatena kentzeko. Hori oso argia izan zen Karibeko, Metako eta Putumaioko talde paramilitarretan. Poliziari dagokionez, ezin izan dugu identifikatu estrategia bat zenik, baina ikusi dugu sexu-indarkeria erabili zutela etsai gisa identifikatutako emakumeen aurka, atxilotu politikoak edo gerrillaritzat jotako emakumeak zigortzeko.

Argazkia: Dani Blanco

Eta gerrillen kasuan?
Gerrillen kasuan ezin izan dugu identifikatu politika bat zenik; are, zigor handiak zehazten ziren horren aurka araudietan, eta lekukotzen bidez jakin dugu zigor itzelak ezarri zitzaizkiela sexu-indarkeria gauzatzen zutenei. Edonola ere, sexu-indarkeriak gauzatu zituzten, garai batzuetan gehiago. 90eko hamarkadan batez ere, zeinetan gerraren degradazio bat gertatu baitzen gure ustez, narkotrafikoaren sarrerarekin eta hedapen militar gero eta handiagoarekin. Estrategia politiko bat izan ez arren, sexu-indarkeriak abantailak zekarzkien gerrillei, beldurra eragiten duelako eta horrek subordinazioa edo lekualdatzea dakartzalako.  

Indarkeria erreproduktiboa, ordea, bai izan zen FARCen politiketako bat.
Uste dut interesgarria dela indarkeria erreproduktiboari erreparatu izana, lehenengo aldia baita Egiaren Batzorde batek fenomeno zehatz honi heltzen diona. Guk, batez ere, derrigorrezko planifikazioa aztertu dugu, zeina, zuk diozun moduan, FARCen politika zehatz bat izan baitzen: gerrillan sartzen ziren emakume guztiek haurdun ez geratzeko neurriak hartu behar zituzten, eta, haurdun geratuz gero, abortatu egin behar zuten. Salbuespenak ere baziren. Gatazka handiagoko eremuetan araua zorrotz betetzen zen, eta beste bloke batzuk malguagoak ziren. Gero, salbuespenak izaten ziren komandanteen bikotekideen kasuan. Haurdunaldia garatzen uzten zieten, nahiz eta gero haurrak familiarengana-edo bidali.

"FARCeko gerrillan sartzen ziren emakume guztiek haurdun ez geratzeko neurriak hartu behar zituzten, eta, haurdun geratuz gero, abortatu egin behar zuten"

Erreparatu diezaiogun LGBTIQ+ kolektiboari. Zer indarkeria mota jasan dute gatazkan?
Eragile armatuek goitik behera kontrolatu nahi zituzten lurraldeak, eta horren baitan, jakina, ordena moral heteropatriarkal bat ezarri nahi zuten eta horrek inpaktu handia izan zuen LGBTIQ+ pertsonen gainean. Hiru indarkeria-modu aurkitu ditugu nagusiki: mehatxuak, derrigorrezko lekualdatzeak eta sexu-indarkeriak (oso nabarmen emakume transen kasuan). Sexu-indarkeria hainbat helbururekin gauzatu zen. Aipagarria da zentzabidea esaten zaiona. Emakume lesbiana asko bortxatzen zituzten, emakume izaten ikas zezaten, edo, zenbait kasutan, ama izatera behartzeko.

Arlo horretan gizartearen konplizitatea nabarmendu duzu.
Bai. Armatuak komunitateetara iristen zirenean, hango jendearengana hurbiltzeko modu bat izan zen “garbiketa soziala” esaten zaiona, hau da, mespretxagarritzat jotzen dena ezabatu behar zen, eta hor tartean zeuden prostituzio-egoeran dauden emakumeak, LGBTIQ+ pertsonak, lapurtzat jotzen zirenak, droga-kontsumitzaileak eta abar. Kolonbiako gizarteak bazekien LGTBIQ+ pertsonen aurka indarkeria handia gauzatzen zela, eta txalotu egiten zuen, baimendu egiten zuen. Gizarte gisa begiratu behar dugun ispilu nagusietako bat da.

Paramilitarren eta gerrillen artean bereizketarik egin al duzue indarkeria LGBTIQ+fobikoan ere, emakumeen aurkako sexu-indarkeriaren kasuan bezala?
Paramilitarren kasuan, halako indarkeriek LGTBIQ+ pertsonen deuseztapena bilatzen zuten. FARCen kasuan, lehenik instrumentalizazioa bilatzen zen, baina baita deuseztapena ere. Eta fronteen araberakoa ere bada: fronte tradizional zaharretan, 60ko hamarkadan sortutakoetan adibidez, mehatxuak izaten ziren: kolektiboko pertsonek alde egitea bilatzen zuten. Pazifikoko fronte berriagoetan, aldiz, kokainaren kontuarekin-eta, zuzenean deuseztatzen zituzten. Eta, noski, erbestea ere aipatu behar da. LGTBIQ+ biktima asko joan ziren erbestera. Hortaz, nire ustez elementu oso mingarri baina funtsezko bat daukagu hor gizarte moduan.

Emakumezko gerrillari ohiekin ere bildu zarete.
Bai, atal bat eskaini diogu gai horri. Batetik, emakumeek gerrillarekin bat egiteko motibazioak aztertu ditugu. FARCeko emakumeei buruz estereotipo bat nagusitu izan da beti: beren komunitatetik bahitu, bortxatu eta abortatzera behartutako neskatoak zirela. Jakina, izan ziren derrigorrez errekrutatutako neskatoak, baina ez ziren gehiengoa. Estereotipo hori apurtu behar zen, eta emakumeak berez onak eta zaintzaileak direla dioen rol hori desnaturalizatu. Eta horretan sakondu dugu emakumeen beren testigantzen bidez.

Zergatik egin zuten bat emakumeek gerrillarekin?
Hainbat arrazoirengatik. Batetik, erabaki politikoz. Hau da, herrialdea eraldatzeko bide bakarra borroka armatua zela uste zuten, eta altxamenduarekin bat egiteko erabaki kontzientea hartu zuten. Beste batzuek, berriz, etxean jatekorik ez zutelako bat egin zuten gerrillarekin; batez ere lurraldean bertan zeuden emakume nekazarien kasua da hori. Horrez gainera, beste emakume batzuek sexu-indarkeriari edo familia barruko indarkeriari ihes egiteko aukera aurkitu zuten gerrillan.

Gatazkak eta bake-prozesuak zer ondorio izan dute gerrillari izandako emakumeen gainean?  
Era guztietako ondorioak, noski. Batetik, abortatzera derrigortu izanak sekulako eragina izan du, gorputzetik beretik hasita. Zenbait emakume zortzi edo bederatzi aldiz behartu zituzten abortatzera, oso baldintza kaskarretan.
Bestalde, emakumeak bizitza zibilera itzuli direnean, horrek ere izan du eraginik. Askok zaintza-lanen ardura hartu behar izan dute, eta bizitza pribatuan daude, lidergo politikorako aukerarik gabe. Hor talka handia dago. FARCi dagozkion hamar kongresistatik bi baino ez dira emakumeak, eta hortik behera antzeko edo okerrago.

"Kolonbiako gizarteak bazekien LGTBIQ+ pertsonen aurka indarkeria handia gauzatzen zela, eta txalotu egiten zuen, baimendu egiten zuen"

Iván Duqueren agintaldian aritu zarete lanean. Ez dizue jarduna erraztu.  
Esan daiteke batzordeak haize politikoa kontra izan duela, [Duqueren] gobernua etengabe saiatu baita bake-akordioari zilegitasuna kentzen. Lanerako oinarrizko baliabideak baino ez ditugu izan, eta asko nazioartetik jaso ditugu. Gainera, une zaila egokitu zitzaigun, gatazkak berriro piztu baitziren. Baina gure ikerketa-lana, publikoa izan arren, eztabaida politikoan presente egon arren, aldi berean diskretua zen, eta horrek lagundu egin digu, hein batean. Ez zen erraza izan lekukotasunak aurkitzea, baina lortu genuen. Lurraldeetako taldeak itzel jardun dira: ibaiak zeharkatu dituzte eta zaldiz bidaiatu dira zazpi orduz komunitateetara iristeko. Ez zuten beldurrik, eta hori egundokoa da.

Abuztuan hauteskundeak izan ziren Kolonbian, eta aldaketa ekarri dute. Uste duzu Gustavo Petroren gobernu berria lagungarria izango dela bake-prozesurako?
Guk eraldaketa sakonerako gomendio batzuk proposatu ditugu. Azken batean, batzordean beti erantzun nahi izan diogu galdera berari: zergatik errepikatzen da gerra Kolonbian? Aukerak izan diren arren –1991ko irekidura demokratikoa eta 2016ko bake-akordioa, besteak beste–, zergatik ez gara gai izan gerra geratzeko? Orduan, gerraren iraunkortasun-faktoreak bilatu nahi ditugu: horiek konpondu ezean, gerra errepikatuko da, eta gure gomendioak oso argiak dira zentzu horretan. Hori esanda, gobernu berri honek oso ondo hartu du batzordearen lana, eta, ez hori bakarrik, Petrok bere botere-hartze diskurtsoan esan zuen batzordearen gomendioak zorrotz bai zorrotz beteko zituztela.

Lehen esan duzun moduan, zuek lanean ari zineten bitartean, gatazka berriro piztu da. Beste talde armatu batzuekin (ELN, adibidez) bake-akordioak lortzea izan daiteke hurrengo pausoa?
Guk proposatu dugun gomendioetako bat horrekin lotuta dago, noski, gobernuak “bake totala” eta guk “bake handia” deitzen dugun horrekin. Horren harira, elkarrizketa- eta negoziazio-prozesuak abiatu behar dira altxamendu armatuan jarraitzen dutenekin, baina ez haiekin bakarrik. Gure ustez, mundu guztiarekin hitz egin behar da, konnotazio politikoa duten altxamenduekin, jakina, baina baita armak dituzten beste guztiekin ere –kriminalitatearekin edo legez kontrako errentarekin lotutako talde armatuak, adibidez–. Batzuekin eta besteekin ez da eskema bera erabiliko, baina ahalegin handia egin behar dugu fusilak isilarazteko eta beste eraldaketa sakon batzuk gauzatzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kolonbia
2024-11-20 | Leire Artola Arin
Laura Orozco, giza eskubideen aldeko ekintzaile kolonbiarra
“Petrok lau urtetan ez du konponduko Kolonbiako problematika, baina hobetzeko esperantza daukagu”

Zure komunitatean harrapatuta, gainerako herritarrengandik isolatuta. Talde armatuen tiro eta indarkeriaren erdian, lurra eta elikagaiak lantzeko ere etxetik atera ezinik. Halaxe deskribatu du Kolonbiako Chocó departamenduko bizimodua bertako ekintzaile Laura Orozcok... [+]


Sua-sua

Uwa, kamsá, tukuná, uitoto, tikuna, embera, nasa-yuwe, nukak, sikuani, siano, macuna, yuruti, kichwa, achagua, bora, ettenaka. Horiek dira Kolonbian hitz egiten diren hizkuntzetako batzuk. Tamalez, Kolonbian bizi nintzenean, Cundinamarcan, nik ez nuen gure... [+]


Kolonbian zezenketak debekatu dituzte, “No más olé” legearen bitartez

Zezenketez gain, burtzikatzeak, zekorketak eta haztegiak debekatuko dituzte 2027. urtetik aurrera. “Erabaki historikoa” izan dela adierazi du Kolonbiako presidente Gustavo Petrok.


Soka izan

Abenduaren 18an migratzaileen nazioarteko eguna ospatzen da. Iaz Bilboko Alhondigan ekitaldi instituzionala egin zen eragile sozialekin batera, eta ni parte hartzera gonbidatu ninduten. Aukera ezin hobea izan nuen han sortzaile berriak ezagutzeko eta, batez ere, Miren Agur... [+]


Gure “Mona Lisa” iraultzailea

Herri axolagabea! Zein ezberdina izango litzatekeen zuen patua, askatasunaren prezioa ezagutuko bazenute! Baina ez da berandu. Emakumea eta gaztea naizen arren, heriotzari aurre egiteko ausardia dut orain, eta mila aldiz gehiagotan ere izango nuke, ez ahaztu!".

Hitz... [+]


FARCeko disidentzia talde nagusiak iragarri du Gobernuarekin bilduko dela Norvegian

Kolonbian, FARC gerrilaren disidentzia-talde handienak adierazi du bakerako borondatea adierazi dutela eta Gobernuarekin elkarrizketak abiatuko dituela Norvegian, berak hala proposatuta. Eragile sozialekin eginiko topaketa batzuetan egin du iragarpena.


Kolonbiako presidenteordeari lehergailuak jarri dizkiote etxe alboan

Francia Márquez presidenteordearen etxe inguruan zazpi kilo lehergailu arukitu dituzte, eta ondorioztatu dute bere aurkako atentatu saiakera bat zela. Márquezek bere ibilbide militante eta instituzionalean eraso eta mehatxu andana jaso ditu.


2023-01-04 | Leire Artola Arin
ELNk ukatu du Kolonbiako Gobernuarekin aldebiko su-etena adostu zuenik

ELNk azaldu du aldebakarrekoa dela Kolonbiako presidenteak urtarrilaren 1ean iragarri duen aldebiko su-etena. "Ez da horrelako akordiorik eztabaidatu gobernuarekin", baieztatu dute. Gustavo Petrok atzera bota du su-eten ituna, eta gerrillari taldeari eskatu dio... [+]


2023-01-02 | Leire Artola Arin
Su-etena adostu dute Gustavo Petrok eta bost talde armatuk ekainaren 30era arte

Kolonbiako presidentetza hartu zuenetik “erabateko bakea” izan du helburu Petrok, eta 2023 urtea su-etena sinatuta hasi dute herrialdean: ELNrekin, FARCeko disidentziekin, eta zenbait talde paramilitarrekin hitzartu dute. Ekaina amaitu arte egongo da indarrean,... [+]


“Ezin dugu espazioak bortxatzaileekin partekatzen jarraitu”

Mayra Acunya eta Angela Ocampo, Kolonbiako aktibista feministak eta indarkeria matxistatik bizirautea lortu duten bi emakumezko dira. Herrialde Katalanetan izan dira bisitan, eta La Directa aldizkariak elkarrizketatu ditu: irakurri hemen jatorrizkoa. CC-by-sa lizentziari esker... [+]


2022-09-19 | ARGIA
“Erabateko bakerako” elkarrizketak hasi dituzte Kolonbiako Gobernuak eta FARCeko disidentziek

Lehen bilera egin dute ordezkariek Caqueta departamenduan, NBEko eta Norvegiako begiraleekin. “Erabateko bakerako” elkarrizketen bidea ireki dute asteburuan, eta azpimarratu dute beharrezkoa izango dela bi aldeek su-etena errespetatzea bitartean.


Inor ez direnak

Achagua, Embera, Ette Naka, Kogui, Naka-Yuwe, Pisamira, Tikuna eta Yuruti dira Kolonbian dauden 69 hizkuntza indigenetako batzuk, eta bertako 400 mila biztanlek hitz egiten dituzte. Gaur egun, 102 komunitatek egiten diote aurre Mendebaldeko eredu hegemonikoari. Eredu horrek,... [+]


Urteko 49. sarraskia Kolonbian: Awá herri indigenako hiru lagun hil dituzte, tartean lider sozial bat

Giza eskubideen urraketen behatoki gisa lan egiten duen Indepaz elkarteak igandean salatu du Kolonbiako enegarren sarraskia. Ekuadorrekiko mugatik gertu, Nariño departamentuko Tumaco herrian, Awá jatorrizko herriko hiru pertsona hil dituzte, tartean... [+]


Eguneraketa berriak daude