argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Mestizajeak
Ula Iruretagoiena 2022ko urriaren 19a

Lurraldeen mestizajea
Bartzelonan “Biennal del Pensament 2022” egin dute eta nafar hiriburuan 1972-2022 Iruñeko Topaketen omenezko programa. Programazio kultural esanguratsuak garai bertsuetan hemen eta han gertatzea ez ezik, EAEko agendan Iruñeko jardunaldien oihartzun isila ere albiste izan da. Lurraldean hormigoizko horma ikusezin batek eragiten duen blokeoaren aurrean, lurraldeen mestizajea proposa dezagun. IruñeaInnsbruck, HernaniSevillaMarkinaGerendiain…

Diziplinen mestizajea
1972an orduko abangoardia artistikoa bildu zen Iruñean, eta Prada Poole arkitekto esperimentalak plastikozko burbuila puzgarrien bidez osatu zuen Topaketen behin-behineko eraikina, Ibizan probaturiko egituraren garapena. Topaketen 50. urteurrenean, Poolen lana azaltzen duen erakustaldi bat egin da Iruñean, arkitektura praktika artistikoen zakuan sartuz.

Pentsaldien mestizajea
2022ko Iruñeko Topaketetan entzundako pentsaldiak, praktika artistikoetatik sorturikoak, interesa piztu dezakete edonorengan. Lehena, ikerketa fokoei buruz. Interesa sortzen digun “horretan” zentratu beharrean, gatazka eragiten digunean lan egingo bagenu, errealitatearen konplexutasunetan murgilduko ginateke eta emaitza borobilen ordez, erantzun oparoak, itxierarik gabekoak eta segur aski kontraesankorrak izango genituzke. Kontraesana duintasunez besarkatzearen beharra goraipatuko genuke (Mireia Sallarésen hitzetan). Bigarrena, gorputzari buruz. Hain gaude ohituta errealitatea gizakiaren lekutik begiratzera, baina mikrobiologiatik gorputza bakteria kolonia bat da, energia eta elikadura trukatzen dutenak, eta ez dago argi non hasi eta bukatzen den, gorputz indibidual baten ideiarik ez dago (Maria Ptqk-k esana). Zibilizazioren zutabe nagusiak desegiten hasi dezaketen begirada hauek datoz gizakiaren zibilizazio proiektuaren porrota gertu dagoenean, 2022an 1972ean baino gehiago.