argia.eus
INPRIMATU
Faxismoaren gorakada Italian eta handik haratago
Andrea Bartolo @TxindurriG 2022ko urriaren 20a

Duela aste batzuk Italiako hauteskundeak izan ziren. Emaitzetan, berriro, ez genuen sorpresan handirik jaso: eskuin-muturrak boterea eskuratu du, alderdi neofaxista baten gidaritzapean (Fratelli d’Italia). Datu politiko batzuk kontuan hartzea beharrezkoa zaigu, Italian gertatutakoak zuzenean interpelatzen gaituelako. Izan ere, faxismoaren gorakada ez da Italiako salbuespena, Europar Batasunaren (EB) etorkizun hurbila baizik.

Lehenengo datu politikoa abstentzioaren gorakada da: %37 (azken hauteskundeetatik %10 areagotu da). Horrek bi auzi mahai-gaineratzen ditu: alde batetik, Europako beste hainbat hauteskundetan ikusi dugun moduan, demokrazia liberalaren zilegitasunaren krisia azaleratzen da. Beste aldetik, sozialdemokraziaren diskurtso “antifaxistaren” mugak ikusarazten ditu (“bozka gaitzazue, faxismoa iritsi ez dadin”), urteetan hautesleak mobilizatzeko balio izan zuena, baina gaur egun agortuta dagoena. Europan urteak daramatzagu ikusten gobernu sozialdemokratek –faxismoaren mamuari esker boterera heldu direnek– faxistek egingo lituzketen politika berberak egiten dituztela: neoliberalismo basatia, pobreen kontrako gerra, NATOren inperialismoa babestea, etorkinen aurkako politikak… Hau da, EBk agindutako oligarkiaren interesen aldeko politikak.

Europan urteak daramatzagu ikusten gobernu sozialdemokratek
–faxismoaren mamuari esker boterera heldu direnek– faxistek egingo lituzketen politika berberak egiten dituztela

Honekin, bigarren gakora heltzen gara: “europeismoaren” eta faxismoaren arteko dikotomia faltsua. Faxismoaren gorakada saihesteko, “EBren aldeko apustua” egin beharko genukeela sinestarazten digute, “europar balioak” babestuz. Hala ere, dikotomia faltsu horren atzean, errealitate ankerra dugu: egungo egiturazko krisian, Europaren “balio” eta estrategiaren ordezkaririk onena faxismoa bera da; gero eta gertuago dugun autoritarismo garairako (austeritatea, inperialismoa, gerra...), Europak tresna eta forma autoritarioak behar baititu. Hots, faxismoa behar du.

Faxistek EBko estrategiarekin bat egiten dutela frogatzeko, eta Italiara bueltatuz, lehendakaria izango den Giorgia Melonik agindutako lehen neurriak aipa genitzake: Mario Draghirekin sinatutako politika ekonomikoari buruzko akordioa, Ukrainari armak bidaltzen jarraitzeko promesa eta Atlantikoko aliantzarekiko konpromiso irmoa. Hortaz, aurretik aipatutako dikotomia faltsuaren ordez, europeismo eta faxismoaren arteko harreman dialektikoa mahai-gaineratu behar dugu. Izan ere, faxismo “berria” Europako burgesiaren produktua da (2008ko krisiaren osteko eztanda sozialari erantzuten diona), eta orain bere zeregina gauzatzea dagokio: datorren krisia kudeatzea, burgesiaren klase-interesak babestuz.

Horren aurrean erantzun antifaxista irmo eta eraginkorra planteatzea ezinbestekoa zaigu. Hala ere, argi izan beharko genuke faxismoaren gorakada ez dela hauteskundeen zirkuaren bidez geldituko, are gutxiago propaganda “europeista” hutsarekin. Faxismoaren birusaren aurkako txerto bakarra langileon auto-antolakuntza da, borroka materialetan eta inperialismoaren kontrako borrokan gauzatuko dena, Kapitalaren Europaren aurkako borroka ziklo berria berrosatuko duena.