2010ean, Celaa sailburu sozialistak 3L ereduaren "esperimentazio-markoa" abiarazi zuen. Hezkuntza lege berriak bezala, hark ere ingelesa eta gaztelania irakaskuntza-hizkuntza bihurtu zituen: ikasgai banatako edukiak hizkuntza horietan eman behar ziren, eman beharko dira.
2010 hartan, Jaurlaritzak urte birik behin egiten duen Ebaluazio Diagnostikoak (ED) honako emaitza hauek eman zituen 2. DBHko ikasleen euskara-ezagutzan:
• Hasierako mailan (apalenean), ikasleen % 33,6.
• Tarteko mailan, ikasleen %42,4.
• Goiko mailan, ikasleen %24,1.
Ez lehenago, ez ondoren, inoiz ez da hain ehuneko alturik izan goi mailako ezagutzako ikasleen artean; inoiz ez hain ehuneko bajurik maila apalenekoen artean.
Publikaturiko azken ED 2019koa da: aurtengo martxoan. Horretan, ikasleen %15,6 dago maila altuenean. Bederatzi urtean, ia herena gutxiago. Aurreko txostenetan ez bezala, 2019koan ez dago ikasleen euskararen ezagutza mailaka islatzen duen taularik, baina 69. orrialdean hauxe dio:
"Euskarara erakartzen ez den kolektibo garrantzitsu bat dagoela azpimarratu behar da (%30,2 Lehen Hezkuntzan eta %47,9 DBHn)".
2017an, DBHko ikasleen %45,6 ziren euskararen ezagutza-maila bajuenean zeuden ikasleak. Gogoratu: 2010ean, % 33,6.
Datu gehiago ere ematen ditu 2019ko txostenak: "DBHn, elebitasunaren helburua ez da lortu B publikoaren %83n, itunpeko Bren % 64,3n. Baina D ereduak ere ez du bermatzen elebitasunaren helburu hori lortzea, ez baita bete D publikoaren %49,1en eta itunpeko Dren % 57,8n". Datu ofizialak horiexek badira ere, hezkuntza lege berriak eredu bakarra planteatzen du, hain justu gaur egungo B ereduaren parekoa. Nahiz eta euskarari dagokionez emaitzak negargarriak izan.
Azkenik, 2019ko EDren 72. orrialdeko hau: "DBHko 2. mailan puntuazioak behera egiten du arian-arian ED10etik, eta ED19an lortutako emaitzak edizio guztietako txikienak dira bi sareetan (244 D publikoan eta 254 itunpeko Dn). Aurreko edizioarekin alderatuta, 10 puntuko galera gertatu da D publikoan, eta 11 puntukoa itunpeko Dn". Urte bian, 10 eta 11 puntuko galera.
2010 ez hain aspaldiko hartan, eredu eleanitza martxan jarri zuten hartan, euskarazko hizkuntza-komunikazioaren emaitza orokorra 258 zen. 2019an, 241. Hamazazpi puntu gutxiago. Gaztelaniaz 250etik 251ra pasa da.
Datuok ikusita, larrua behar da hezkuntza legeko eredu bakarra saltzeko, eta larrua beharko da datuoi bizkarra eman eta horren aldeko botoa emateko...