Ez dut ezer berria aipatzen heziketak inplikazio sozial handia duela esaten baldin badut, ezta are aitorturik ere heziketa dela gertakari sozial nagusia. Gizarte edo kultura baten balore, jokabide, sinesmen, ohitura, arau eta abarren transmisioa eta introiekzioa baino ez baldin bada, nola ulertuko dugu heziketa gizarte horren konfiguraziotik kanpo?
Horregatik dira heziketa-prozesu guztiak ekintza politiko, etiko, eta ideologikoak, bere horretan. Eta arrazoi beragatik da ezinezkoa hezitzaile bezala erabaki neutroak hartu ahal izatea, hezitzeko modua aukeratzerakoan, edukiak eta helburuak zehaztean, metodologia hautatzean, edota orohar, eskola antolatzean.
Heziketari buruz dugun kontzepziotik bertatik ari gara gizartean eragiten, eskolak eraldaketaren alde edo status quo-aren alde egin behar duen erabaki behar izaten baitugu, hasieratik bertatik. Oinarrizko hautu horren arabera sailkatzen ditugu historian zehar egituratu izan diren eskola-erakunde mota ugariak, mundua eta pertsona ulertzeko eta hauen aurrean kokatzeko beti egon diren modu politiko diferente horien isla huts gisa.
Oro har, haurren zigorra, manipulazioa eta zapalkuntza oinarri dituen begirada da oraindik ere, paradigma pedagogiko nagusia. Egun, egia da, arraroa da irakasle batek parametro horiek dituela argiki aitortzea, bere burua autoritariotzat jotzea, edo irakasle autoritarioaren rola esplizituki defendatzea, baina ez rol horretan kokatzen ez garelako, baizik eta besterik gabe, oso errotuta eta naturalizatuta dagoelako gure baitan, eskolan funtzionatzeko modu hori: nola azaldu bestela, komunera joateko baimena eskatu beharra, hitzaren eta mugimenduaren gaineko gure kontrol erabatekoa, erabakimen erabat hierarkikoa, eta abar, eta abar, eta abar. Foucaltek ongi ohartarazi zigun bezala, antza handiegia du eskolak, oraindik, espetxearekin.
Beste begirada, askatasuna helburu, pertsonen garapen osoa bilatzen duena litzateke, zeinaren arabera heziketa den gizarte eraldaketarako dagoen kasik aukera bakarra. Honetan, dena den, askatasunaz egin ohi den irakurketa okerrean egon daiteke arriskua, askatasuna ez delako hemen eta orain gauza berezkoa edo naturala, askapen prozesu baten bitartez konkistatu beharrekoa baizik, eta hau horrela ez balitz bezala jokatzen dugulako, behar baino maizago.
Egiturazko zapalkuntza(k) horrenbeste direnean, eta hain ezkutatuta dauden garaiotan bereziki, emantzipazioa da askatasunaren baldintza eta giltza. Horregatik, oso garrantzitsua da haurren alfabetazio politikoa, haurrak ez daudelako, haur izate hutsagatik, sistema soziopolitiko boteretsu honen eraginetik salbu, kontrakoa baizik. Eragingarriagoak dira, eta hain zuzen ere horregatik, diskurtso hegemonikoen aurrean zaurgarriago.
Libre(ago)ki hezi nahi dugun hezitzaileon funtzioen artean, aske izatea eragozten diguten jarrerak, diskurtsoak, praktikak eta egitura politikoak zein diren eta non dauden detektatzeko laguntza eskaintzea dago. Nekez izendatu ahalko baita libre gisa, errealitate soziala auzitan jarri gabe eta bidegabekerien aurrean jarrera irmoa hartu gabe, zapalkuntzari ez ikusiarena egiten dion heziketa. Edo tira, nondik begiratzen den. Librea akaso bai, baina indarreko sistemaren ideologiarentzat. Bidea zabalik.
Beharbada ezin da, beharbada ezin dugu. Baina debekatua dugulako, edo horrela jokatzean hartuko genituzkeen arriskuengatik, ezta? Ez dezagun, askatasunaren izenean edo askatasunari zor diogun errespetuaren aitzakian, gainera, heziketa despolitizatzearen aldeko aldarri lotsagabea egin.
A, eta bide batez: zapalkuntzarik ezin aipatu baldin bada, zapalduta gauden seinale, ezta?