argia.eus
INPRIMATU
Bi altxor eta sorleku bakarra: Buenawixta
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2022ko urriaren 13a
Barrakos / Los Fresas | Artza Records, 2022

Asko poztu nintzen Artza anaiek diskoetxe berria abiaraztearekin bat Barrakos-en maketa –non erosiko nuen, Boga tabernan?– berreskuratu eta biniloan ateratzeko asmoa zutela jakitean. Izan ere, aipatutako maketa –1990koa– gure musika historian oharkabean gelditu den altxorra da. Hor ziren jada, besteak beste, La Perrera eta Nuevo Catecismo Católico taldeetan arituko zirenetako batzuk, eta hori hala izanda ere, bertan batutako zazpi kantek balio oso kuttuna dute: Andoaingo Gaztetxe zaharrean –non bestela!– ikusi eta ikasitako hardcore zein punkaren zantzu nabarmenenak bere estilo oso propiora eramanda, melodia oso nabarmenekin, aitzindariak ziren hitz sinple baina sarkorrekin, eta garai hertsi haiei bizkarra emanez oso modu askean.

BERTSOrekin hasten da Cynics taldearen tankerako harmonika eta erritmo aldaketadun hardcore-punka. Hurbildu da hardcore-punk melodiko gutizia. Azken arnasa da erabat borobila: Andoaingo uzta hura, Rhythm Pigs taldearen gitarra pasarteak eta 77ko punka batzeko gaitasuna duena. Borra rock-and-roll azeleratu instrumentala. Subterraneo doinu itsaskorrek eutsitako indar geldiezina. Buenavista da kolorerik gabeko semaforo arteko hardcore kamikaze eta askea, eta haien etxea zenari gorazarrea. Eta Intenta entender da Buenawistako punk-rockaren aurrekaria dela egiaztatzen duen pieza melodikoa.

Eta, hara!, diskoaren bestaldean igandeetan isil-isilik mezara elkarrekin joaten ziren Los Fresas-en grabazioa, aurretik argitaratu gabea: hor ere Barrakos-eko bat, zein Teen Dogs eta NCC taldeetako eta Andoaingo hardcorearen bigarren belaunaldiko figurak. Dejadme en paz da NCC filtro gabe, pisutsuagoa. El espejo da punk oldarkorra eta ramonianoa. Para ti Gonzalo Pleasure Fuckers-en autoan abesten. Punk-rock ilun eta kontsumista lantzen dute Almacenes Txu-Pamela kantan. Oroipenak izan daiteke En llamas abestiaren aurrekaria lasai asko, ederra! Eta, azkenik, The Troggs taldea gogora ekarri dute Tú mientes irakurketa berezian. Eskerrik asko Lazkaoko anaiei eta hau posible egin duzuen beste guztioi: Jomes, Xebax…