2013an, Magdalena Piñeyrok Stop Gordofobia (Stop Lodifobia) ataria sortu zuen beste kide batekin batera: garai hartan, jende gutxik zekien zapalkuntza horri buruzko ezer. Plataformak lan handia egin zuen terminoa Espainiako Estatuan zabaltzeko, eta, hamar urte geroago, gauzak nabarmen aldatu dira. Euskal Herriari dagokionez, gaia landu dute zenbait taldek (Ramonak kolektiboa, adibidez) eta pertsona zehatzek; nolanahi ere, irailaren hasieran 1. Jatunaldi Lodiak egin zituzten Gernikan –bertako mahai-inguruan parte hartu zuen Piñeyrok–: mugarri bat.
Uruguaiarra, Kanaria Uharteetara migratua. Filosofian lizentziatu zen, eta Genero eta Berdintasun Politiketako masterra ikasi zuen ondoren. 2013an, Stop Gordofobia orrialdea sortu zuen beste kide batekin batera; duela gutxi jarduera eten dute (edukiak mantenduta, halere). Plataformak 106.000 jarraitzaile izan zituen Facebooken, eta 15.000na Twitterren eta Instagramen. Piñeyrok bi liburu idatzi ditu –STOP gordofobia y las panzas subversas [STOP lodifobia eta sabel matxinoak] (Zambra-Baladre, 2016) eta 10 gritos contra la gordofobia [10 oihu lodifobiaren aurka] (Vergara, 2019)– eta TEDx atarian Acabemos con la gordofobia ya [Suntsi dezagun lodifobia orain] hitzaldia eskaini zuen. Gaur egun, besteak beste, lodifobiaren, arrazakeriaren eta matxismoaren aurkako lantegiak eta hitzaldiak eskaintzen ditu.
Zure bigarren liburuaren hasieran esaten duzunez, urte asko pasa zenituen isilik, indarkeria lodifoboa izendatu aurretik. Gogoan al duzu noiz sentitu zenuen klik hori, gaiaz hitz egiteko premia?
Prozesu bat izan zen. Esango nuke lehen klika Tenerifeko 15M mugimenduan izan zela. 2011n plazan geunden, eta dena ari zen politizatzen: hitz egiten genuen gorputzaren politikez, asanbladez, horizontaltasunaz, ekologiaz… Baina inork ez zituen aipatzen gorputz lodiak. Feminismoek ere ez zuten loditasuna espazio politikotzat hartzen. Orduan, gau batez, kide lodi batekin hizketan, gaia atera zen eta ohartu nintzen nire gorputzarekin gertatzen zitzaidana lodia izatearekin lotuta zegoela, eta ez zitzaidala niri bakarrik gertatzen. Horren argitan nire bizipen mordo bat aztertu nituen, eta ohartu nintzen ez zela kontu indibiduala, politikoa baizik, egiturazkoa: gizartean finkatutako diskriminazio modu bat. Noski, beste militantzia politiko eta borroka sozial batzuetan ibilitakoa nintzen, eta bidegabekeria bat ikusten dudanean, matxinatu egiten naiz.
Eta Stop Gordofobia sortu zenuen Carlos Savoierekin batera.
Informazio bila ibili ginen bi urtez, eta 2013an plataforma abiatu genuen. Baina ez zen militantzia automatiko bat izan. Hasieran, guk bezalakoak bizi zituen jendea aurkitzeko sortu genuen orrialdea. Eta jende askok bere bizipenak azaldu zituen lehen pertsonan. Garai hartan beste militantzia politiko batzuetan nenbilen, adibidez, Bolonia planaren kontra ari ginen Ikasle Asanbladan, eta talde feministetan ere ari nintzen. Lodifobiarena, azkenean, interneteko hobby baten modukoa zen. Baina bi urteren buruan nire militantzia politiko nagusia bihurtu zen; izan ere, ohartu nintzen nire bizitzan jasan izandako zapalkuntzarik gogorrenetakoa zela, baina hala ere bigarren mailakotzat jo nuela neure lodifobia propioagatik, oso zaila baita horretaz hitz egitea.
Zaila da oraindik?
Bai. Lodifobiari buruz hitz egin nahi dugun aldiro, baten batek barre egiten du beti, ez zaio iruditzen borroka sozial bat denik. Hemen bertan gertatu zitzaidan, Euskal Herrian. Hitzaldi bat emateko deitu zidaten, eta talde mistoa zen. Bada, militanteek gizonezko kideei aurre egin behar izan zieten, haiek ez zutelako nahi halako hitzaldirik antolatzerik; esaten zuten ea nolatan uste genuen lodiok politika egiten ari ginena; dieta egin eta argaldu, horixe egin behar omen genuen.
Ufa.
Halakoak ere izaten dira. Horregatik diotsut ahalduntze-prozesu bat izan dela hau borroka sozial bihurtzea. Hain lotsatuta geunden gure gorputzarekin, lotsa horrek ez baitzigun uzten honelakorik esaten: ez dut onartuko zuk ni iraintzen jarraitzea.
Badirudi lodiok bi armairu hautsi behar ditugula. Bata, gure burua loditzat hartzea: “Lodia naiz”, eta ez “lodia nago”. Eta gero: ez daukat aldatzeko asmorik. Bigarren armairu hori ere hautsi behar da, eta horrek esan nahi du kemena duzula liburuak irakurtzeko, talde batean parte hartzeko, lodiekin biltzeko Euskal Herrian eta honen kontra borrokatzeko.
"Pertsona lodiok garen modukoak izatea aukeratzen dugula uste da, edo ez dugula aski ahaleginik egiten gorputz-kanonarekin bat egiteko”
Ia hamar urte joan dira plataforma sortu zenutenetik, eta gauzak asko aldatu dira. Zer nabarmenduko zenuke?
Ikaragarria izan da. Aurrerapen nagusia, hitza asko zabaldu dela. Gero eta ezagunagoa da, eta askoz gehiago ezagutzen dira haren esanahia eta guk bizi dugun zapalkuntza. Gauza indartsua eta sendatzailea da gaiaz hitz egitea. Eta, bestalde, pertsona lodi mordo batek ekin dio aktibismoari eta gaiari buruzko edukiak sortzeari.
Espainiako Estatuan, erreferentziazko lodiaktibista asko herrialde latinoamerikarretako migratuak zarete –Lucrecia Masson, zu zeu...–, eta Latinoamerikan ere oso mugimendu indartsua da –Laura Contrera, Constanza Álvarez...–. Ez dakit loturarik ikusten duzun hor.
Ez dut uste kasualitatea denik. Gorputzaren egoera kolonial baten kontzientzia piztu zitzaigula pentsatzen dut, halabeharrez. Hegoaldekook bizi osoa pasatu dugu zapalkuntza hori bizitzen, edertasunaren eta bizitzaren eta guzti-guztiaren kanonak beti izan baitira europarrak, zuriak eta ilehoriak. Ondoren, denborarekin, gaia teorizatu eta ikertu da, eta ikusi dugu lodifobiak erro sakonki arrazistak eta kolonialak dituela, Sabrina Strings-ek kontatu duen moduan.
Gainera, elkarrizketaren hasieran klikari buruz galdetu didazu, eta nire bizitzako klik nagusia migrazioa izan zen. Nerabea nintzela migratu nuen, eta bat-batean ohartu nintzen munduan desberdintasunak daudela, desberdintasun injustuak, eta, horren ondorioz, nire familiak eta nik neuk gure herrialdetik alde egin behar genuela. Halako lurralde batetik zatozenean, non badakizun bizitza oso injustua bizi duzula aberastasunaren banaketa txarraren, ustelkeria politikoaren eta abarren ondorioz, jada zalantzan jarria duzu munduaren ordena, eta errazagoa suertatzen zaizu zure gorputzaren bizkar jartzen dutena identifikatzea.
Liburuaren lehen atalean nabarmena da gaia ahalik argien planteatu nahi duzula, sakontasunik kendu gabe. Zaila da oreka hori lortzea.
Edozeinek irakurri eta ulertzeko moduko liburu bat idatzi nahi nuen, baina halako liburu batek behar duen sakontasunari eutsiz, zeren gai berria baita, gai konplexua, eta horri buruz eztabaidatzeko gauza izan behar dugu, zer gertatzen den azaltzeko gauza izan behar dugu, oraindik ere jende askok esaten baitigu lodifobia ez dela existitzen. Beraz, hizkuntza erraza eta guztientzako modukoa erabiliz, lodifobia existitzen dela azaldu eta zabaldu nahi nuen.
Zure lehen liburuan, aldiz, lodifobia ikuspuntu teorikoago batetik azaltzen zenuen.
Bai, nire lehen liburuan masterreko tesia bildu nuen. Nire teoriaren arabera, lodifobiaren zapalkuntza hiru ardatzek zeharkatzen dute: estetikak, osasunak eta moralak, eta ezin dira bereizi. Alde estetikoak gorputzaren kanpo-eredu bat eskaintzen du, eta gorputz lodia zatar eta nazkagarritzat jotzen. Alderdi hori erraz identifikatzen da. Ondoren, osasunari dagokionez, gorputz lodia gaixo dagoen gorputz gisa hartzen da, homosexualitatea ere gaixotasuntzat jo izan den moduan. Zientziak eta zapalkuntzak harreman estua dute; beste momentu batean luze eta zabal jardun gintezke horretaz.
Eta ardatz morala?
Beste biei buruz hausnartzen ari nintzela aurkitu nuen. Nire kautan honela pentsatzen nuen: jende asko gaixo dago, eta badira beste asko ez datozenak guztiz bat edertasun-kanonarekin, baina ez dute lodiok adinako indarkeriarik jasaten. Guk indarkeria izugarria jasotzen dugu gure gorputzen gainean: irainak, bullyinga, indarkeria medikoa, jazarpena kalean… Orduan, hor badago beste zerbait. Eta alderdi morala da: pertsona lodiok garen modukoak izatea aukeratzen dugula uste da, edo ez dugula aski ahaleginik egiten gorputz-kanonarekin bat egiteko. Eta hortixe dator zigorra. Gainera, horrek harreman estua du gorputzaren beste ulerkera neoliberal horrekin, zeinak gorputza autoeraikia dela esaten baitu, eta kanpoan uzten baititu gorputza taxutzen duten testuinguru sozioekonomiko, kultural, genetiko eta abarrak.
Eta, bestalde, galdera bat bota nahi nuke: gaur egun, nork dauka modurik osasunaren aginduak betetzeko, hau da, egunean bost fruta eta berdura jan, lauzpabost jatordu egin, ariketa fisikoa ordubetez, zortzi ordu lo egin, antsietaterik gabe, lana eta egonkortasun ekonomikoa ziurtatuta izanda hori guztia egin ahal izateko? Osasunaren moralak langile-klasea zigortzen du.
"Lehen liburua aurkeztu nuenean, bira eten behar izan zuen, ezin niolako eutsi. Ezin nion hainbesteko minari eutsi"
Halaber, liburuan zalantzan jartzen duzu body positivity korrontea. Ez duzu uste norbere gorputzarekin ondo sentitzea jarrera-kontua denik.
Uste dut autoestimua ere auzi politikoa dela eta oso zaila dela norbere burua ez gorrotatzea mundu honetan, zeinak gorroto zaituen eta gorroto horretarantz bultzatzen zaituen etengabe. Eta uste dut gure burua maitatzera behartzea autozigortzen segitzeko modu bat dela.
Azken batean, logika horretan, kontua ez da bakarrik “munduak gorroto nauelako gorroto dut nire burua”, baizik eta, gainera, ez dut lortzen nire burua maitatzea gorroto nauen mundu batean, eta horregatik ere txarra naiz. Beste ardura indibidual bat. Uste dut ardura indibidualetik atera behar dugula, eta hau guztia arlo kolektiboan kokatu.
Hitzaldi eta lantegi mordoa egin dituzu. Zerekin topo egiten duzu normalean?
Osasunari buruzko galderekin, batez ere. Eta sekulako minarekin. Sekulako lotsarekin. Adibidez, lehen liburua aurkeztu nuenean, bira eten behar izan nuen, ezin niolako eutsi. Ezin nion hainbesteko minari eutsi.
Eta gauza ederrik?
Liburua aurkezten gertatu zaidan gauzarik politenetako bat Madrilen izan zen, La 13-14 izeneko zentro okupan. Dena hippyez eta punkiz beteta, eta hara non iritsi zen adineko emakume bat, gona belaunetaraino, zapatatxoak, apain-apain orraztuta… Nik, nire aurreiritzi guztiekin, okertu egin zela pentsatu nuen. Baina hitzaldia amaitzean liburua erosi zidan, eta esan zidan alabak ez ziola hitz egiten eta horregatik etorri zela. Zergatik ez zion hitz egiten alabak? Ba, antza, amak argaltzeko esan zion, eta alabak erantzun zion “zuk nahiago zenuke alaba drogazale bat izan, alaba lodi bat baino”. Eta hortik aurrera ez zion gehiago hitz egin. Orduan andreak esan zidan alaba ulertu nahian etorri zela hitzaldira, eta liburua sinatzeko eskatu zidan, alabari oparitzeko eta barkamena eskatzeko.
Oilo-ipurdia.
Bai, benetan. Azken batean, osatze kolektibo bat da. Aurkezpen bakoitzean, hitzaldi bakoitzean, jendeak gauzak kontatzen dizkizu, edo beste norbaiten istorioa entzuten du, edo batek amarentzat erosten du liburua. Zerbait sortzen ari da, eta oso hunkigarria da.
Nola jaso dira lodiaktibismoaren aldarrikapenak feminismoetan?
Tokiaren arabera. Espazio batzuetan lodifobiaren gaia onartu dute, aintzat hartu beharreko borroka bat dela ikusi dute, eta eragin egiten diela. Beste espazio batzuetan, ez. Zenbait lekutan esaten dizute lodifobia ez dela existitzen eta loditasuna txarra dela osasunarentzat. Eta beste gauza bat gertatu da, mundu angloan lodiaktibismoa hasi zenetik errepikatu dena: borroka honetaz jabetzen da feminismoa, azken batean mundu guztiari eragiten diolako lodifobiak, baina, azkenean, halako mezuak bultzatzen dituzte: “gure burua maita dezagun” eta “guztioi gertatzen zaigu gauza bera”. Eragiten dien zatiari erreparatzen diote, baina ez dute beren pribilegioen ardurarik hartzen. Izan ere, guztioi ez zaigu gauza bera gertatzen: ni ozta-ozta sartzen naiz aulki honetan, eta zu erraz. Ez zaigu gauza bera gertatzen, eta ez da ezer gertatzen. Gure desberdintasunek ez gaituzte zertan banatu, Audre Lordek zioen moduan, baina mahai gainean jarri behar ditugu, haien kontra borrokatu ahal izateko.
* * *
AZKEN HITZA
Akatsak
“Denok izan ditzakegu jarrera arrazistak, lodifoboak edo matxistak, gure gizarteetan horretarako hezi gaituzte eta. Mugimendu sozialetan punitibismoa alde batera utzi behar dugula iruditzen zait, eta erantzukizuna aldarrikatu behar dugula: Uruguain “kargu hartzea” esaten diogu. Niretzat kontua ez da akatsa bera, ezpada nola egiten diogun aurre. Zer egingo duzu zuk ‘lodia’ hitza erabiltzeak sortzen dizun lotsarekin? Niretzat hori da garrantzitsuena. Ez zuk orain lotsa sentitzea ‘lodia’ esateko, ezpada zer egingo duzun lotsa horrekin hemendik aurrera, lodifoboa dela jakinik”.
Pobretuak kriminalizatzeko Jaurlaritzaren politika albiste izan da, berriz ere, azaroan. Salaketa anonimorako postontzia sortu du Lanbidek, herritar zintzoek Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten herritar potentzialki iruzurtien “jardun irregularren edozein... [+]
Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]
Donostiako Harrera Sareak belodromoko arkupean oztopoak jartzea salatu du. Zehazki, azken egunotan jarri dituzten hesien aurka egin dute sare sozialetan. Zabaldutako adierazpenetan adierazi dutenez, udala muga horiek jartzen dabil etxerik gabeko donostiarrek bertan lo egin ez... [+]
Kolorea eta argia ez ditu bereizten, ez du itsu ez garenok bezala ikusten, bestela baizik. Ez gaitu ikusten, ez dugu bera ikusten. Itsu gara bata bestearentzat. Hizketan hasi orduko ikusi dugu elkar, haren euskara segiduari gozo segitu diogu, hikarik naturalenean. Berak ekarri... [+]
Gizarte-bazterkeria arriskuan dauden 10 eta 14 urte arteko haur migratzaileak eta haien mentore izan nahi duten ikasle helduagoak (goi mailako ikasketak egiten ari direnak) elkartzen ditu Urretxindorra proiektuak. Proiektuaren bederatzigarren edizioa abiatu berri da eta 37... [+]
Sokatirarako jantzi ofizialei buruzko arauek diote emakumeek gona jantzi behar dutela, eta gizonek prakak. Emakumeak hori amaitzeko eskaera egina zuen, baina aurten ez diote utzi galtzekin lehiatzen. Eztabaida "luze" joango dela erantzun diote.
1977ko azaroaren 9an, María Isabel Velasco Gutierrezen gorpua aurkitu zuten Basauriko presondegiko ziega batean, kiskalita. 23 urte zituen. Istripua, arduragabekeria edo hilketa izan ote zen argitzeko dago oraindik. Velascoren kideek
–Bilboko Gorte kaleko... [+]
Enpresa, erakunde eta eragileen arteko Truke esperientziak antolatu ditu Beterri Saretuz ekonomia eraldatzailearen ekimenak, eta Jennifer Alonsok maiatzaren 11n Hernanin egingo duten hirugarren saioan parte hartuko du, inklusioaz hitz egiteko. Sutargi enpresan, bazterkeria... [+]
Hamar egun daramatza familiak argindarrik gabe, estatu mailan indarrean dagoen moratoria urratuz, Auzoan Bizi etxebizitza sareak salatu duenez. Berakahren antzeko jarrerak “ohikoak” direla ziurtatu dute.
Shaky, Violeta, Arsalan eta Zhara ziren. Bikotea eta 3 eta 4 hilabeteko haien seme-alabek osatutako familia. Beste lau pertsonekin batera bizi ziren Bartzelonako Tetuan plazan okupatutako etxabe batean. Banku baten egoitza izan zen espazioa, hark itxi eta deslai utzi zuen arte... [+]
Ikasleen erdiak arrunki jasotzen ditu eskolaz kanpoko klase partikularrak, eta hirutik bi noizbait joan da partikularretara. Ikasle Abertzaleek egindako galdetegien emaitza da, baina klase hauek “ez dira ikasteko borondaterik ez duten ikasle alferren errefortzurako... [+]
Africa United elkarteak prentsaurrekoa eman du Espainiako Poliziak atxilotu zuen toki berean. Estatuak gertatua “isilarazi” nahi duela eta Ndiayeren familiak ez duela inolako kalte ordainik jaso salatu dute.