argia.eus
INPRIMATU
Infantilizazioa
Tere Maldonado @teremaldon 2022ko irailaren 29a
Antton Olariaga

Eskola ez da etxea ez familia, baina haiengandik kontzeptualki hurbilago dago institutua baino, eta hau gehiago unibertsitatea baino. Azken honetan familiek ez dute zer esanik ikasketa prozesuaz. Institutuan zeresan handiagoa dute (gauza bera ez bada ere DBHko lehen maila eta batxilerreko bigarrena, non batzuk adinez nagusiak diren) eta eskolan, oraindik gehiago. Baina eskola bera ere ez da etxea. Etxean, gutxi batzuen arteko semea edo alaba den haurra (edo seme-alaba bakarra), beste askoren arteko ikasle bat gehiago da eskolan. Ona da hori baino ez izaten ikastea. Jakina, gure gertukoentzat bereziak eta errepikaezinak gara, baina esparru publikoan denok izan behar dugu berdinak. Ez dut esan identikoak: berdinak, inor ez delako inor baino gehiago edo gutxiago. Eskolan ikasi behar da hori. Ez dago curriculumeko gaien artean, ez helburuetan, ez da konpetentzia bat. Baina egitateen bidetik ikasten den zerbait da.

Aspaldi, hamalau urterekin heltzen ginen institutura, derrigorrezko hezkuntzaren amaieran. PSOEko Espainiako gobernu batek LOGSE ezarri zuenetik 90eko hamarkadan, hamabirekin iristen da. Lehen, institutuko ikasleak unibertsitateko ikasleengana hurbiltzeko moduan tratatzen ziren. Adibidez, ez genien orain bezainbeste kontrolatzen klasera joatea: neurri batean, beren aukera zen. Hori bai, gero gerokoak: pentsaezina zen ikasturtean ikasgelatik agertu ez zen ikasle bat, ez gaindituz gero, protestaka hastea edo gurasoak agertzea azalpen eske. Gehienek oso ondo erabiltzen zuten askatasuna, erantzukizunez jokatuz eta klaseetara joanik. Batxilergoan behartuta egotea, klasea oztopatuz, pentsaezina zen. Bada, urteak aurrera joan eta institutuetako ikasleak gero eta gehiago agertu dira haur gisa eta gutxiago helduaroaren bidean dauden gazte gisa. Aldi berean, institutuko irakasleen lana izugarri hurbildu da eskoletan egiten den horretara, unibertsitatekotik urrunduz.

Irakasleek ez lituzkete ikasleak atsedenaldietan zaindu behar, baina patioak zaintzen jarri gintuzten eta hor gaude, gainean botatzen diguten guztia irensten duen kidego desmobilizatua garelako. Inoiz azaldu didate atsedenaldietan gauza asko ikus daitezkeela ikasleek erlazionatzeko moduez, baliotsuak izan daitezkeenak jokabide batzuk prebenitzeko. Dudarik ez, baina asteburuak haiekin pasatuz gero ere lortuko genuke horrelako informazioa. Jolas-garaian ikasleak zaindu behar badira (horrek berezko eztabaida beharko luke), horretarako langileak kontratatu beharko lirateke, kristalak garbitzen dituzten langileak kontratatzen diren bezala. Matematikako irakasle batek, historiakoak, biologiakoak, filosofiakoak, edo beste edozein ikasgairenak, lana ikasgelan egin behar du batez ere, edo irteera eta txango didaktikoetan, ikasleekin, eskola-orduetan. Eta bere lan-mahaian: irakasle baten orduak gutxi dira beti eskolak prestatzeko eta ariketak eta azterketak zuzentzeko.

Infantilizazio masiboaren prozesu orokorra institutuetan erabat suntsitzailea da. Jakin beharko genituzkeen gauza sinple batzuek gero eta ahaztuago dirudite: askatasuna eta erantzukizuna, eskubideak eta betebeharrak, ditxosozko txanponaren bi aldeak direla. Askatasunik gabe ez dago erantzukizunik. Betebeharra betetzea eskatu ahal izateko, eskubide batzuk aitortu behar dira. Bada, familien eta ikastetxeen gehiegizko babesak bata eta bestea kentzen dizkie nerabeei, izaki mutilatu bihurtuta, beren bizitzekin zerikusirik duen ezeren kargu egiteko gai ez diren gizakume. Zikiratutako izakiak, heldu gisa tratatuak izaten ailegatzeko interesik gabekoak, ito arte pantailan murgilduta.