argia.eus
INPRIMATU
Barru eta kanpo
Maddi Galdos Areta 2022ko irailaren 30a
Landura | Jose Luis Otamendi | Susa, 2022

Egunak laburtzen ari dira nabarmen, ihintza gailentzen ari da goizetan eta aurki lurruna ahotik darigula bildu beharko dugu jertse eta bufanda artera. Uda amaiera gozoa izan dugu, halere, euskal literaturazaleok: bestetzuen artean heldu zaigu apalategietara Jose Luis Otamendiren (Azpeitia, 1959) azken poema-liburua. Landura (Susa, 2022) izenpean aurkeztu du azpeitiarrak bere ibilbideko bederatzigarren poema-bilduma, 47 olerkiz osatua dena.

Orain arte ere ibilia da Otamendi poemotan proposatzen dizkigun xendretan: giro soziopolitikoarekiko eta, oro har, jendartearekiko kezkek pisu nabaria dute hitzon nondik norakoetan, besteak beste, justizia eza eta berau estaltzeko hizketak jomuga. “Badagoela diogu baina gero / ez da izaten jakirik denontzat / nahikoa badela diogu eta gero / ez daukagu denok arnasteko / behar besteko aire hori”. Aipatu kezkek badute, ordea, berezitasunik bilduma honetan, aro aldaketa posible batekiko hausnarketa eta galderak nabarmentzen baitira bertan. Mundu zaharra eta berria dira hizpide hala, eta, tartean, beste hainbat literatur lanetara ere heldu diren osasun larrialdiaren eta itxialdiaren auziak.

Nabarmenki mundu mailako diren horiekin batera dakarzkigu ni poetikoak, halaber, mundu mailako ere badiren baina sukalde kontutzat hartu ohi ditugunak. Bizitzaren edo egunerokoaren ataka ezberdinek norbera non kokatzen duten hausnartzeari ematen dio bide horrek: akaso hori ere badelako landura, eta bestaldera urrun begiratzeko zailtasunak gertu begiratzera garamatzalako. Barruaren eta kanpoaren zein niaren eta besteen arteko dikotomiak, hala, auzitan jartzen direla iradoki genezake: behin baino gehiagotan errepikatzen da, besteak beste, norberaren osaketan gainontzekoek duten esanguraren auzia. Beste bat izateko jarraibideak poema aipatutakoaren adierazle da, eta bildumak duen beste erdigune batera ere bagaramatza: gizatasuna berreskuratzeko elkartasun deiadarrera. Izan ere, poetak deitoratu egiten du katebegi izan eta humano izateari utzi izana.

Makinak, gauzak, zorion-testak eta azal puskak topa ditzake irakurleak lerrootan, eta guztiak denboraren joan-etorrian murgiltzeko gonbita egiten duela ohartuko da. Kutsu narratiboko poemok badute, hala, bilaketaren antza: odolez zikinduta diren oinpeko harrien azpian udaberri berririk edo harearik ba ote da?