argia.eus
INPRIMATU
Duela 30.000 urteko zirujauak
  • Borneo, duela 31.000 urte. 10-13 urte arteko mutiko batek istripu bat edo gaixotasun bat izan zuen eta kalte larriak eragin zizkion ezkerreko hankan. Mutikoaren bizia salbatzeko, oina anputatu zioten, hanka berna-bizkarretik ebakita.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2022ko irailaren 20a
(Argazkia: Tim Maloney / Nature)

Anestesiarik eta antibiotikorik gabe egin zioten ebakuntza Borneoko mutikoari, baina onik atera zen. Ezagutzen den ebakuntza kirurgiko zaharrena da, Nature aldizkarian argitaratu berri den ikerlan baten arabera. Eskeletoa 2020an aurkitu zuen Liang Tebo kobazuloan Australiako eta Indonesiako arkeologo talde batek. Indibiduo hari hanka anputatu ziotela ondorioztatzeaz gain, nahiko ondo orbaindu zitzaiola ere ikusi zuten. Mutikoak bizirik iraun zuen beste hainbat urtez, eta 19-20 urte zituela hil zen, anputazioarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik.

Ebakuntza egin zuenak anatomiako ezagutza xeheak izan behar zituen eta pazientea hilko zuen hemorragia saihesteko gai izan behar zuen

Ikerlariek garbi dute anputazioa ez zuela trauma edo istripu batek eragin. Esaterako, animalien erasoek eragindako anputazioek haustura birrindu eta zanpatuak utzi ohi dituzte, eta Borneoko eskeletoak ebaki zeihar garbia du, zirujau batek tresna zorrotzekin eragiten duenaren antzekoa.

Ebakuntza egin zuenak anatomiako ezagutza xeheak izan behar zituen eta pazientea hilko zuen hemorragia saihesteko gai izan behar zuen. Baina ikerlarientzat esanguratsuagoa da ebakuntzaren ondorioei aurre egin izana. Halako zauri batean infekzio arriskua oso handia da. Kirurgiarako ahalmenaz gain, inguruko landareen propietateak ondo ezagutu behar zituzten.

Orain arte, anputazio baten arrastorik zaharrena duela 7.000 urte Frantzian nekazari bati egindako da; ezkerreko besaurrea falta zitzaion eskeletoari. Horregatik adituek uste zuten halako ebakuntzak egiteko ezagutza mediko konplexuak Neolitoan iritsi zirela, nekazaritzaren garapenarekin bat. Baina Borneoko mutikoak erakusten du komunitate biltzaile-ehiztari askoz zaharragoak ere horretarako gai zirela. Froga gehiagorik ezean, adituek ez dakite Borneoko komunitate horrek ezohiko jakintza aurreratua ote zuen ala medikuntza kultura konplexu hori uhartetik kanpo ere zabaldua zegoen. Baina Tim Maloney ikerlari taldearen buruak dioenez, aurkikuntzak “medikuntzaren historia ulertzeko modua astindu dezake”.