argia.eus
INPRIMATU
Gehiago izan gaitezke
Xalba Ramirez @xalbaram 2022ko urriaren 06a
Could we be more | Kokoroko | Brownswoods recordings, 2022

Interneten musika entzuten duzunetakoa bazara, ia seguru ezagutzen duzula Kokoroko. Agian uste duzu ezetz, baina hartu segundo bat eta bilatu Abusey Junction. Oscar Jeromeren gitarra riff malenkoniatsua ezaguna egin da Spotify eta YouTube gisako plataformetako algoritmoaren gogokoenen artean egoteagatik. Entzunaren entzunez, akaso, galdu du bere esanahia. Baina kanta eder askoa dela ez uka.

We Out Here bilduman lehenik eta ostean euren Kokoroko EP-an agertu zen kanta horri esker, mundu mailan ezaguna egin den Londreseko taldeak bere lehen lan luzea kaleratu berri du lau urte eta gero. Could We Be More da afrobeat, highlife eta soul nigeriarrak disko luze batean hartzen duen forma.

Ia erritmoz aldatu gabe, kanta batetik bestera egiten da salto, bidaia beraren parte sentituz pista guztiak. Bidaia kosmikoa une batzuetan, barnera begirakoa besteetan. Arrazakeriaren kontrako borroka bizi-bizi dago Londresen, eta jazz musikari gazteak horren erakusle dira, besteak beste, kulturartekotasunaz eta sustraien aldarria praktikara eramanez.

Dide O eta Home abestiek dute lehen aipatutako Abusey Junction-en dardara bertsua, edo antzekoena behintzat. Baina badira mugituagoak, Soul Searching eta War Dance, esaterako, baita single itsura hartu duen Something is Going On, Marvin Gayeren galderari erantzunez edo. Taldeko hiru nesken ahotsen koroek dotore janzten dituzte errepikak. Bide batez, beraiek dira taldearen arimak: Sheila Maurice-Grey tronpetan, Cassie Kinoshi saxoan eta Richie Seivwright tronboian. Those good times-en egiten dute dirdira gehien, agian nostalgikoena eta komertziala den pieza ederrean.

Diskoak badu, agian, zuzentasunerako joera handiegia. Maurice-Greyren tronpetak bestelako freskotasuna eman zion Nubya Garciaren Lost Kingdoms kantu zoragarriko solo zoragarriari, adibidez. Itxura du, lau urteren ostean, pentsatuegia dagoela lan hau, eta ezer ez dela zegokion bidetik ateratzen. Afro-jazzak bestela iradoki dezakeen arren.

Edonola ere, bidaia ederra da lan hau. Ez bilatu hemen, beraz, Afrikako doinu pentatonikoekin eta erritmo frenetikoekin osatutako lana. Sustraiak barnerantz doazelako bidaia honetan. Guztia neurgarri eta neurgailu den honetan, gehiago izan gaitezkeelako zenbakiz, eta gehiago izan gaitezkeelako bestela ere.