argia.eus
INPRIMATU
Emakumea, artea, kartzela eta borroka (I)
Itziar Moreno Martínez 2022ko irailaren 13a

Goizeko zazpiak dira Renneseko kartzelan. Erdi-esna, lo-erdi, ohean nago, amets gozoetan uger. Krauk-krauk! Ziegako atea irekitzen da tupustean. “Vous avez une heure pour vider la cellulle”, zaunka atetik. Banaramate. Extradizio bidaia. Eskolta. Eskuburdinak. Aginduak. Zorabioa. Kaserna zikinak. Orduak zain. Hegazkina. Leihoetatik jostailuzko mendiak eta landa-eremu karratuak, marroiak eta berdeak, puzzle batean bezala; ederra da, hunkitzen naiz. Euskal Herria begiesten dut han behean txiker; eta itsasoa, harro bezain amaigabe. Itsasoa... Malkoei eusten diet. Policía Nacional: “Usted se viene con nosotros”. Eskuburdinak. “Siéntese aquí”. Furgoia. Beroa. Izerdia. Alcalá-Meco. Frantziar harresietatik espainiar murruetara. Dena itxuraldatzen da, egiazki, deus ez aldatzeko.

Zuk arrazoi, Griselidis: aurpegirik gabeko hirien bihotzetan, harresi garaien artean, pare-parekoa da abesten entzuten den isiltasuna. Gorputzik gabeko zarata, ahorik gabeko oihuak. Gure Ortzi ere bera eta berdina da, ordea, eta topikoak topiko, haren begirada bilatzen dut barroteen artetik, hesien gainetik... finean, kotoizko jirafak topatzeko, han, urrunean. Begiekin marrazten ditut hodeiak eta, bat-batean, oroitzen naiz.

Orduan bai, iluntasunean, Rosarekin batera bizitzari irri egiten diot, sekretu magiko bat ezagutuko bagenu lez, guk biok baino ez. Okerra eta goibela den oro argi eta ongizate bihurtzen duena. Bazekien Olgak berak ere, preso egonagatik, aberatsak garela; badugulako zerbait, zera... zer eta bizitzatik aske omen dabiltzan askok, maiz, ez duten zera hori.

Bizitza ezeztatzen duen hilobi hotz bezain gogor honetan, adoreak, baloreak eta koloreak topatzen ditugu.

Eta zer inporta zer garen, ezta Louise? Gure garaiko mozkinak baino ez baikara, gure akatsekin eta baita dohainekin ere. Gure egitea da garrantzia duen bakarra: gu nor garen baino, gizateriarentzat geratuko dena gu desagertuko garenean.

Eta bai, Griselidis, bizitza ezeztatzen duen hilobi hotz bezain gogor honetan, adoreak, baloreak eta koloreak topatzen ditugu, euren harrizko urdailak gure haginekin apurtzeko; piztia ezezagunen atzetik lasterka besoak barreiatzeko; ilargia zuhaitzetatik hartu eta, euriaz orlegi garela, izarren odolean, lurrak irekitako erraien bidean aurrera egiteko... ASKATASUNA izan bedi gure betiko maitale.

Beharbada horregatik izango da, Zehra, atea gurutzatzean atzera begiratuz gero, zaurituta sentituko garela, hegal bat txarrantxan lotuta geratuko zaion txoriaren antzera; ez engoitik preso, ezta arras aske ere. Bada orduan ere, ostera ere, lepoan hartu eta segiko dugu aldarrikapenez sortzen, margoez, hitzez eta ekintzez sistemari aurre egiten. Azken batean, irudimenez borrokatzen jarraitzeak askatuko baitu hegoak moztu ezineko txorien hegaldia.

Griselidis Real puta, idazle eta aktibistak, kartzelan zegoela, ezinegonak margotu eta ametsak idazten zituen. Rosa Luxenburgo, Olga Benario eta Louise Michel iraultzaileek erbesteko eguzki gupidagabean zein adreilu-harresien itzalpean poesiarekin egiten zuten hegan eta borrokan. Zehra Dogan artista eta kazetari kurduak, pinturen faltan, janari ustelarekin marrazten zuen emakumez lepo zegoen ziegan.

Hauek guztiek zein barruan topatutako kide askok erakutsi didate, urteotan, borroka, feminismoa eta sorkuntzaren arteko lotura estua; hain justu ere, odol beraren zainak direla. Beraien hitzak nireekin josi ditut testu hau idazteko, zuen oroimenez, ereduz eta omenez.