Etxalde ttipien alde, lau hamarkada borrokan eta aterabideen gauzapenean

  • Euskal Herriko Laborarien Batasuna sindikatuak 40 urte betetzen ditu aurten. Lau hamarkadaz baserriak arrunt aldatu dira, 2022ko baserri munduak ere gauza guti du ikusteko 1982koarekin. Hala ere, ikusirik Europako eta orokorrean Mendebaldeko herrietako lehen sektorearen bilakaera, badirudi beste lekuetan ez bezala, laborantza herrikoiak bizigarri eta erakargarri izaten segitzen duela Ipar Euskal Herrian. ELBko militanteek badakite, neurri handi batean, haiek eramandako borroken emaitza dela. FDSEAren sistema produktibista borrokatzeko sortu zuten sindikatua, eta lau hamarkadaz aritu dira laborantza herrikoia sustatzen, argiki frogatuz hegemoniak bultzatu eredua ez dela bide zuzena.

Artzainen manifestazioa, Baionan. (Argazkilaria: Daniel Velez)
Daniel Velez

Ordura arteko egituren baitan segitu, norabidea eta helburuak barnetik aldarazteko, edo norabide eta helburu propioak ukanen lituzkeen egitura berri bat sortu. Herriak eta etxaldeak duintasunez biziaraziko lituzkeen laborantza eredu bat iparrorratz, eztabaida potolo hori zuten 1970eko hamarkada bukaeran Zuberoa, Baxenabarre eta Lapurdiko laborari gazte batzuek.
Garaian azkar sendi zirelako baserri munduaren bestelakotzea eta horren albo-kalteak: Bigarren Mundu Gerlaren biharamunetan ginen, laborantzaren modernizazioa eta horrekin errimatzen zuen intentsifikazioa bultzatzeko politikak planteatzen zebiltzan: zaldi eta idiak traktore eta makinek ordezkatu zituzten; landak berrantolatu zituzten, zuhaitz eta hesi berdeak moztuz; pestizida eta ongailu kimikoak erabiltzea kartsuki gomendatua zen alde guzietarik... Frantziak elikadura autosufizientzia eta esportatu ahal izateko gehigarria lortu ahal izateko makineria potolo bat bideratua zuen: AEBk Marshall planaren baitan banatu laguntzak, 1946an sortzen den FNSEA sindikatua, agronomia ikerketan dabilen INRA institutua, Laborantza Orientaziorako Legeak, laborantza eskoletako formakuntzak, dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak… eredu produktibista sustatzearen alde jarri ziren guziak. Lortu zuten: 1945ean Frantziako Estatuko hamar laborarik 55 lagun elikatzen bazituzten, 1975ean 260 ahorena zuten asetzen.

Baina denentzako lekurik ez zen eredu berri horretan eta baserrien desagerpen basatiaren hastapenean ginen: 2,30 milioi baserri ziren 1955ean Frantzian; 1,59 milioi 1970ean; 1,26 milioi 1979an; 2000 urterako milioiaren langa azpira pasa zen, 663.800 baserrirekin eta gaur egun 390.000 dira. Ipar Euskal Herrian ere maldan behera egin zuten eta tendentziak segitzen du gaur egun ere: 2000tik 2010era 840 gutxiago dira, baserrien %25 da desagertu hamar urtez.

“Badakit ‘genozidio’ hitza ez dela arinki erabiltzekoa, eta dudan egon naiz erabili ala ez, baina erabiltzearen alde egin dut: dena bideratu dutelako baserriak desagerraraztera”, dio Jenofa Mendiboure ELBren sortzaileetan egondako Senpereko laborariak. Miarriztarra sortzez, ezagutzen ez zuen mundu bat zen etxaldearena, baina laborantza ikasketen kari egindako bi ikastaroetan laster ulertu zuen zer ez zuen nahi: “22 urterekin deskubritu nuen dena. Bi esperientzia ukan nituen, bata, Donapaleu ondoan, zorren pean itotzen ari zen laboraria, baina hala ere atera nahian, beti eta gehiago egiten ari zen; bestea, Charrente departamenduan, gizonak beti nahi zuen handitu, libratzen ziren lur guztiak nahi zituen, alta bakarrik zen!”. Bere eginen zuen bidea deskubritu zuen eskolan –ez kurtsoetan, baina bai gelakideen bidez–: “Bretainiatik etorritako neska batzuk ezagutu nituen, horiek travailleurs paysans [laborari langileak] mugimenduan ziren, Bernard Lambertekin [laborari borrokalari sozialista] antolatzen hasiak ziren”.

Lehen urteetan ELBko emakumeek antolaturiko manifestazio bat (Argazkilaria: Daniel Velez)
“Herritarrak lotu dira gure borrokari, hori indar bat da, gure borrokak zabaldu dira, herritarren izpirituan sustraituak dira”
Panpi Sainte-Marie

FDSEAk sustengatu eta sustatu errealitate horren aurka eragiteko behar gorria ikusten zuen laborari multzo horrek. Baina nondik eraginkorrago izanen ziren? FDSEAren barnetik edo ondotik, beste sindikatu bat sortuz? Hori zuten galdera. Eztabaida hori bazuten Frantzia mailako beste eskualdeetan ere, baina hemen gehitzen zitzaion lurrarekilako lotura berezia: Euskal Herrian ziren, FDSEAko bulegoetatik marrazturiko ekoizpen eredu produktibistak lekurik ez zuen lurralde batean –mendi aldea, baserri ttipiak, lurra, kultura, hizkuntza eta etxearekilako lotura azkarra...– eta tokiko berezitasunei erantzunen zien eragile baten beharra sentitzen zuten. Xede hori JAC baserri munduko gazte mugimendu katolikoaren baitan inplikatzearekin batera sortu zitzaien anitzi.
Eztabaida eraman bitartean, FDSEAn eta CDJAn [FDSEAri loturiko gazte sindikatua] segitzen zuten buru-belarri. “Gazte horiek engaiatu ziren ez baitezpada egitura horien ideiekin ados zirelakotz, bainan bertze laborari guziak hor izanez heiekin izaiteko”, oroitzen du Peio Iralur ELBren sortzaileetan izandakoak. Ardura eta erabaki postuak hartzen zituzten eta ordura arte FDSEAren baitan ikusi gabeko ekintzak eta leloak bideratzen ere lortzen zuten, bistan da, sindikatuko goragokoen kexua piztuz. Bat aipatzearren, agalakzia eritasunak Ipar Euskal Herriko artaldeak bortizki kutsatu zituen 1970eko hamarkada bukaeran, eta orduan emandako erantzuna nabarmentzen du ELBren sortzaileen artean egondako Bernadette Oillarburuk. FDSEAko Paueko eta piramidaren kaskokoek ez zituzten batere artzain kaltetuak lagundu eta hortik gutira mobilizatu ziren ELB sortuko zutenak –FDSEAren izenean, beraz–: “Artoa, artoa, artoa eta behi haragitakoak, besterik ez zuten buruan [FDSEAkoek], ez ziren batere mugitu artzainek indemnizazioak eskuratzeko. Guk manifestazio bat egin genuen, eta prefekturara ere joan ginen indemnizazio dosierrak bideratzeko”. ARGIA honetako azalean doan argazkia une horretan harturikoa da.

Ez zuten berehala trenkatu eta luze iraun zuen tirabirak: zazpi-zortzi urte. Talde bat bazuten osaturik –“40en taldea”– zeinetan elkartzen ziren FDSEAn eta CDJAn zebiltzan 40 laborari abertzale, lehen sektorearen analisia egiteko, laborarien arrangurei buruz gogoetatzeko, eskakizunak eta borroka estrategiak adosteko... 40en taldea-n onduko zen ELB sindikatuaren ideia. Gogoeta aberastu nahian ekarrarazi zituzten Frantzia mailako laborari ezkertiarrak, tartean Bernard Lambert bera.

Emazteen gutunak azeleraturiko erabakia

Sindikatu berri bat sortzeko aukera indartu zuen 1981ean Alderdi Sozialistako François Mitterrandek Frantziako presidentetza irabazi izanak. Hain zuzen, ordura arte FDSEAk zuen monopolioaren bukaera hitz emana zuen, aski fite gauzatuko zuena gainera. Sindikatu hori “erabat gakotua” zelako eta barnean geldituz gauza guti aldatu zitezkeela ondorioztaturik sortu zuten 1982ko urriaren 30ean Euskal Herriko Laborarien Batasuna. Frantzia mailako CNSTP Langile Laborarien Sindikatuen Konfederazio Nazionalaren parte egin ziren.

Baina beste osagai erabakigarri bat ere izan zen: 1981eko abenduaren 3an 40en taldea-n zebiltzan emakume batzuk idatzitako gutuna. Hainbat argumentu emanik, honela bukatzen zuten gutuna: “Ez dugu gehiago FDSEAren kide izan nahi. Iduritzen zaigu zerbait egiteko momentu egokia dela. Erabakia hartzen dugunon artean bakarrik emazteak gara, baina ez gara emazteen komisioaren izenean mintzo eta atea zabalik duzue denek. Anitz bagina, egitura azkar bat sortzeko baldintza gehiago genituzke, tartean, aholkulari juridiko eta animatzaileekin. CNSTP Langile laborarien Sindikatuen Konfederazio Nazionaleko langile batekin harremanetan gara, lan bilera bat bideratzeko –batez ere informazio bilera litaikena–. Data laster zehaztekoa dugu. Topaketa horren ondotik irudikatu genezake zeozer sortzea”. Bileran irakurri zuten gutuna eta begi onez hartua izan zela oroitzen dute izenpetzaileek. Hortik gutira sortuko zuten ELB, 1982ko urrian. Beste batzuk FSP sindikatua osatzeko hautua egin zuten –hori Alderdi Sozialistari lotua zen–, baina ez zuen luzaz iraun.

“Ez gara borrokatzen den sindikatu bat bakarrik, eraikitzen duen sindikatua ere bagara. Gaur egun diren egitura anitz ELBkoek sortu zituzten”
Jenofa Mendiboure

Ipar Euskal Herriko kantonamenduen ordezkariak eta ekoizpen sail bakoitzekoak biltzen zituen 22 kideko talde bat hasi zen erregularki biltzen eta sei laborariz osaturiko talde ttipiagoa ere bazen, sindikatuko lehendakariaren eginbeharra zuena –buru bakarra izaterik ez zutelako nahi–: Peio Iralur, Jenofa Mendiboure eta Bernadette Oillarburuk, baita Jean-Marie Algalarrondo, Mixel Berhokoirigoin, Arño Cachenautek ere osatzen zuten –garai berean sorturiko Laborari deitu sindikatuaren kazetaren zuzendari zen Jeannot Chilibolostek ere segitzen zituen batzarrak–.

Hortik urte batera, botoen %29 ipar euskal herrian

1983an ziren lehen sektorea kudeatzen duten Laborantza Ganberetako hauteskundeak eta Ipar Euskal Herri mailan bozen %29 eskuratu zuen ELBk. Etxalde ttipien aldeko mezua zabalduz egin zuten lehen kanpaina hori, FDSEAk sustaturiko sistema produktibistaren kalteak bistaratuz.

Ekintzak, okupazioak, manifestazioak... hastapenetik izan da mobilizazioaren bidez gauzak aldarazi dituen sindikatua. (Argazkia: Daniel Velez)

Jenofa Mendibourek oroitzen du behi esnearen sektorerako 1984an ezarri zen kuota sisteman ekoizpen eskubideak etxalde ttipiei bideratzearen alde borrokatu zirela eta hor lortu zutela laborarien arreta eta eskertza: “Kuoten gaia biziki garrantzitsua izan zen, etxalde ttipien alde borrokatu ginen eta laborariek ikusi zuten gu ginela bakarrak beraiei zerbait eskaini nahian. Libratzen zen esne kantitatea etxalde ttipiei bideratzearen alde borrokatu ginen eta hori ikusi zuten”.

Behi esne kuotena izan zen borroka inportantea baina horren gisara, beste anitz eramandakoa da ELB. Militante sare zabala eta determinatua zuten oinarrian eta egiten zituzten ekintza eta manifestazioetara jende multzo polita hurbiltzen zitzaien. “Ez zen oraingo manifestazioetan bezala, manifestazioa antolatu eta jendea hurbiltzen zela... Bazen azpiko lan handia, banan-bana jendea deitzen genuen, etortzea galdetuz. Baina bai, jendea heldu zen”, oroitzen du Mendibourek.

Alta, parean haien izena eta lana itsuski zikintzen aritzen ziren FDSEAkoak. Mespretxuak eta irainak bortitzak ziren, hastapenetik lotuz ELB sindikatu ttipi eta ezgaiaren irudiari baita “bonba pausatzailea”-renari ere. Argitu zuten haiena, 1984ko urtarrilean plazaraturiko agiri batekin: indarkeriaren erabilpenaren hautuarekin ez zuen bat egiten –agiri horri gehitu zioten, bigarren bat zeinetan salatzen zituzten Estatuen errepresioa eta euskal errefuxiatuen hilketak–. Berrogei urteek erakutsi digute blokeo uneetan, desobedientzia-zibilaren eta ekintza-zuzenaren bideak lehenetsi dituztela borroka-tresna gisa.

“‘Laborantzaren estakuruz politika egiten duzue’ erran izan digute beti parekoek eta horrek esplikatzen du nolaz praktiketan ederki aritzen diren etxalde batzuk ez diren ELB-tan”. Abertzaleek zuten ELB sortu eta gaur egun ere abertzaleak dabiltza borroka sindikal horretan. Baina sindikatuak dituen 600 kideak ez dira denak abertzale, Panpi Sainte-Marie ELBko idazkari nagusiak zehazten duenez: “Jakin izan dugu kreta horretan ibiltzen: sindikalismoa –laborariak defenditu eta laborantza eta elikadura proiektu bat eraman– eta lurralde honetako herritar gisa hemen erabakitzeko grina horren artean oreka atxikitzen asmatu dugu. Erabaki guneetan abertzaleak gara baina erabakiak hartzerakoak beti pentsatzen dugu entzunen gaituen laborariari, izan daitekeena Ezterentzubiko laboraria, beharbada frantses bozkatuko duena, horrentzat eta guzientzat ari garelako borrokan”.

Zerrenda osatzea luzeegi litzateke, baina laburbiltzeko erran daiteke zabala dela borroka-zelaia eta hona hemen osagai batzuk: gazteak baserrian instalatuz segida bermatzearen aldekoak, lurraren espekulazioaren kontrakoak, lanaren truke diru-sartze duin bat errezibitzearen aldekoa, transgenikoen kontrakoa, kalitatean oinarrituriko ekoizpenen aldekoa, etxalde ttipiak sustengatuko lituzkeen Nekazaritza Politika Bateratu baten aldekoa, laborantza munduaren desoreka dakarten nazioarteko eta lekuko agroindustria enpresen kalteen salaketa eta beste. Euskal Herriko etxalde ttipiak defenditzeaz gain, mundu mailakoen eskubideen alde ere mobilizatzen den sindikatua da. Horregatik da Confederation Paysanne-n parte izateaz gain, nazioarteko Via Campesina sindikatuan ere bai.

Baionako suprefetura aitzinean egin izan dituzte usu mobilizazioak (Argazkia: ELB)

“Haiek “[FDSEAkoak] sistema baten kudeatzaileak dira. Gu borrokarako sindikatua gara, legearen kontra joateko prest garenak. Zinez laborariak defenditzeko bururaino joaten direnak gu gara, FDSEA ez duzu sekulan auzitegian ikusten. Guk, ez dugu sistema hori kudeatu nahi, pentsatzen dugu aldatu behar dugula. Orain arte kapitalismoak, zeingehiagoka horrek ikaragarri min egin digu: zenbat laborari dira desagertu? Zenbat etxalde dira hustu?” dio Sainte-Mariek.

Baina lurraldeko bestelako borroketan ere inplikatzen dira: Ipar Euskal Herriaren aitortza instituzionala, euskararen ko-ofizialtasuna eta euskal unibertsitatea galdetzen dituen Batera plataforman; 1998ko Lizarra-Garazi akordioan eta gaur egun ere Bake Bidea-k antolaturiko ekimenetan; Deiadar eta Korrika gisako hitzorduetan, eta abar.

Egitura andana sortuz

“Ez gara borrokatzen den sindikatu bat bakarrik, eraikitzen duen sindikatu bat ere gara. Ipar Euskal Herrian laborantza herrikoia baldin bada ELBri esker da. ELBk ez du dena egin, baina gaur egun diren egitura anitz ELBkoek sortu zituzten” dio Mendibourek.
Adibide gisa aipatu ditzakegu 1979an sortu zuten GFA Lurra, lurrak kolektiboki erosi eta lurrik gabekoak instalatzen laguntzeko egitura eta gaur egun aktibo den Lurzaindia-ren arbasoa dena; 1983an sorturiko AFOG elkartea, etxaldearen gestioan laguntzeko sortua, erabakietan laboraria ahal bezain burujabe izateko gisan; 1989an osatzen dute laborantza herrikoian dabiltzenen arteko sarea, gerora Idoki kalitate sormarka sortu zuena; 1991n muntatzen dute Arrapitz federazioa, laborantza garapen herrikoi baten gauzapenean dabiltzan hamazazpi egitura kolektibo biltzen dituena; 1993an sortzen dute BLE elkartea, nekazaritza ekologikoan dabiltzanentzat; izan Ossau Irati ardi gasnarentzat, Irulegiko arnoarentzat, Ezpeletako biperrarentzat eta Kintoa eskualdeko zerriarentzat adosturiko sor-markak; 2005ean Euskal Herriko Laborantza Ganbera eta berriki, laborantza proiektua fintzen eta abiarazten laguntzeko Trebatu elkartea... guztiak ez aipatu arren, luzea da azken 40 urteetan sorturiko egituren zerrenda.

2001: lehen indarra Ipar euskal herrian

Departamendu mailako Laborantza Ganberak Zuberoa, Baxenabarre eta Lapurdiko errealitateari erantzuten ez ziolako, laster loratu zitzaien Euskal Herrirako egitura propio baten aldarria. Parekoen eta Pariseren partetik sistematikoki errefusa izanik, ondoko mezuarekin osatu zuten 2001eko hauteskundeen kanpaina: garaile ateratzen bagara, Ipar Euskal Herriak behar duen egitura hori sortuko dugu. Bozketa horietan gertatu zen aldaketa: lehen aldikoz irabazle atera zen ELB, Zuberoa, Baxenabarre eta Lapurdiko botoen %51,16 lortuz –FDSEAk %45,30–. “Hogei urteko saria dira emaitzak, eta sinesgarritasun baita indar handia ere emanen digute borrokan segitzeko” adierazi zuen bozketen gauean, zerrendaburu zen Berhokoirigoin zenak.

Biarnoko emaitzak kontuan hartuz departamendu mailan FDSEAk segitzen zuen irabazle eta Laborantza Ganberako bulegoan ELBkorik ez sartzeko hautua egin zuten, beste behin ere –gainera, Ipar Euskal Herriko emaitzak kontuan hartuko zituen aulki banaketa egitea errefusaturik, 33 aulkietatik bakarrik bi eskaini zituzten ELBkoei–.

Ipar Euskal Herrirako egitura sortzearen aldeko mozioa aurkeztu zuten beraz Berhokoirigoin eta Maryse Cachenaut ELBko hautetsiek baina Pauen gehiengoak erabaki zuen ez zela Laborantza Ganberaren eskumenetan horri buruz erabakitzea. Blokeoa ezin gehiago jasanik, bilkura gelatik atera ziren ELBko biak eta ez ziren berriz itzuli. Hortik lau urtera sortuko zuten Euskal Herriko Laborantza Ganbera eraikitzearen lanari lotu ziren.

Okupazioa izan da ELBk behin baino gehiagotan erabili duen borroka bidea (Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin)

1.000 lagunek ongi etorria eginik sortu zuten 2005eko urtarrilaren 15ean. FDSEAk baita Frantziako Gobernuak jarritako trabei aurre egin behar izan zieten lehen urteetan –EHLG ilegala kontsideratu izana, dirulaguntzen errefusak, auzien zerrenda luzea –guztiak irabazi zituen EHLGk–, mota ezberdinetako presioak–. “Auzi horiek trabatu gaituzte asko, eta memento berean azkartu gaituzte. Eta uste dut irabazi dugula laborari munduaren eta gizartearen zati inportante bat. Ikusi dute gure borroka zuzena zela, eta behar zela”, zion EHLGko lehendakari gisa auziperaturiko Berhokoirigoinek. Horren agerraldia zuten auzi egunetan epaitegiaren aitzinean baturiko ehunka herritarren sostengua.

Ideia hori azpimarratzen du Sainte-Mariek ere, azken 40 urteen balorapena egiterakoan: “Beti erran dugu laborantza ez dela bakarrik laborarien afera, eta herritarrek lagundu behar gaituztela, azkenean jaten dutenaren ekoizle garelako. Horregatik ere dugu “laborantza eta elikadura politika”-z hitz egiten eta ez bakarrik laborantza politikaz. Irekidura hori lortu dugu eta herritarrak lotu dira gure borrokei. Hori indar bat da, gure borrokak hedatu dira, herritarren izpirituan sustraituak dira. Beti erran izan dugu ez garela sindikatu korporatista bat, gaur egun zinez sentitzen da”. Adibide gisa ematen ditu lur espekulazioaren kontra eraman borrokak edota hegazti gripeari aurre egiteko neurriak salatzeko egin protestak.

Lehen aldi hartatik hogei urte pasa direla, laborarien artean lehen indarra izaten segitzen du ELBk, azkenik, 2019an botoen %54 baino gehiago lorturik. Laborarien eta herritarren sostengu hori ezinbestekoa du Sainte-Mariek, tartean, borrokari indarra ematen diolako. Gazte taldea ere badu sindikatuak eta hor ukanen ditu biharko militante zenbait. Hala ere, egitura gehienek pairatzen duten militantziaren ahultzea ikusten du bozeramaileak. Arrazoien artean ondokoa nabarmentzen du: “Lehenago bazen jende gehiago ELBn. Baina hainbeste egitura sortu ditugu, non behar den jendea denetan eta gure indarrak barreiatuak dira. Inplikatzen den jendea behar dute sortu ditugun egitura guztiek ere... Nonbait, arrakastaren ordaina dugu hori”.

Azken urteetako borroka esanguratsuenetarikoa, hegazti gripeari aurre egiteko neurrien kontrakoa. (Argazkia: ELB)

Geroa nola ikusten duen galdeturik, idorteak eta elikagaien gaineko espekulazioak bideraturiko udan kokatzen du erantzuna Sainte-Mariek: “Laborari batzuk biziki gaizki dira, aurtengo uda bezalako beste bizpahiru eta itoko dira! Ezin zaie gehiago erran ‘gehiago ekoiztu, egin mailegu berri bat eta hobeki izanen zara’. FDSEAren mezuak ez duela balio argi gelditzen ari da. Mezu hori hautsi behar dugu behin betikoz”. Parekoen mezua hautsi eta haiena zabaldu, azken lau hamarkadetan egin izan duten gisara.

40 urteen kari, irailaren 10ean Donibane Garazin egindako manifestazioa (Argazkia: Patxi Belaitz)
Bernard Lambert, "laborari langile" kontzeptuaren teorizatzailea. Bernard Lambert laborari sindikalistaren hausnarketetatik elikatuak dira ELBren sortzaileak. Besteak beste, 1981ean ekarrarazi zuten hitzaldi bat ematera. Paysans travailleurs (“Laborari langileak”) kontzeptuaren teorizatzailea, 1960ko hamarkadan loraturiko laborarien ezkerreko mugimendu berriaren bultzatzaile izandakoa da. Laborari semea, bretoia, zehazkiago Loira Atlantikoetakoa, formakuntza politikoa JAC mugimenduan egin zuen, baserri munduko beste militante ezkertiar anitzen gisara. Hogei urterekin, 1951n lotuko zen gurasoen baserriaren segidari, berehala zentratuz laborarien eskubideen aldeko borrokan. Iraultza ezagutzeko gisan, laborarien mobilizazio masiboak –horri tiraka osatuko zuten 1970eko hamarkadan laborari langileen mugimendua– eta industriako langileekilako aliantzak osatzeko beharra ikusten zuen. 1970ean plazaratu zuen Les paysans dans la lutte des classes (“Laborariak klase borrokan”), Marxen begiradatik aztertuz laborantzaren antolaketa. Hori aitzin, politikaren esparrutik aritu zen ideiak zabaltzen, diputatu gisa 1958tik 1962ra. FDSEAren eredu produktibistaren kritika osatzeko determinatzaileak izan dira bere hausnarketak, Ipar Euskal Herrian bezala Frantziako beste xokoetan ere bai. 1981ean berak eta beste batzuk sortu zuten CNSTP Laborari Langileen Sindikatuen Konfederazio Nazionala, tartean ELB ere barne biltzen zuena.
1984an zendu zen istripuz, eta bat-bateko ezbeharrak pena handiaren erdian utzi zuen laborari ezkertiarren sarea. Euskal Herritik ere joan ziren laborariak ehorzketetara, zor zitzaion azken agurra egitera. Hortik hiru urtera sortuko zen berak ereindako ideietatik Confédération Paysanne sindikatua, ELB ere kide duena –CNSTP eta FNSP Laborarien Sindikatuen Federazio Nazionala elkartuz–.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza
2024-12-16 | Jon Torner Zabala
Euskal Sagardoa
Ipar eta hego, mendeetako tradizioa txapel beraren pean

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak erronka ezarria dio bere buruari: Euskal Herri osoko sagar eta sagardogileak biltzea. “Sagardoaren kultura lurralde osoan dago, eta lurralde osoan mantendu dira sagardotarako sagarrak”, esan digu Unai Agirrek, sor-markaren... [+]


2024-12-16 | Garazi Zabaleta
Ozaetako (barrundia) sagar zuku ekoizpena
8.000 sagar zuku litro ekoitziak, 900 biztanleko herrian

“Aterako dut sagar zuku bat?”. Galdera horrekin hasi da Barrundiako Ekonomatoko kide Koldo Lopez Borobia, Susana Lopez de Ullibarri eta Santi Txintxurretarekin izandako elkarrizketa. Sagar zukuaren bueltan eta sagarrondoz inguratutako lorategian elkartu gara. Hau ez... [+]


2024-12-13 | Euskal Irratiak
Ardien mihi urdinaren eritasunaren ondorioei elkartasunez ihardetsi nahi die ELBk

ELB sindikatuak ardien mihi urdinaren eritasuna pairatu dutenendako elkartasunera deitzen du. Abendu hastapenean,departamenduko 650 ardi etxalde hunkiak izan dira. Kasu zenbaitetan, hamarka ardi galdu dituzte hazleek, bereziki marroak. Etxalde batzuek erraterako marroen %80... [+]


Idorrak dira munduko lurren %40, eta lehortze bidea egin dute lurren %75ek

Bide honetatik jarraituta, mende amaierarako, 5.000 milioi pertsona baino gehiago biziko dira lur idorretan. Arazo humanitario, ekonomiko eta sozial ugari eragingo lituzke horrek.


2024-11-08 | Euskal Irratiak
Iñaki Berhokoirigoin
“Oraingo munduan, iruditzen zaigu kontsumitzailea ere ez dela irabazle”

Ostegun arratsean abiatu da Lurrama, Bidarteko Estian egin den mahai-inguru batekin. Bertan, Korsika eta Euskal Herriaren bilakaera instituzionala jorratu dute. Besteak beste, Peio Dufau diputatua eta Jean René Etxegarai, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, bertan... [+]


Karine Jacquemart (Lurramako aurtengo gomita berezia)
“Egungo elikadura- eta nekazaritza-sistemek ez gaituzte autonomo bihurtzen”

Laborantza iraunkor eta herrikoiaren hitzordua den Lurrama azokan izanen da Karine Jacquemart, Frantziako Foodwatch elkarteko zuzendaria. Elikadura-eskubidea herritar orori bermatzeko helburuari tiraka, hainbat ekintza bideratzen dabiltza –herritar mobilizazioak, agintari... [+]


2024-10-25 | Filipe Lascaray
Jaunttoak, lurra eta herritarrak

Kanboko bi hautetsi nagusiak (auzapeza eta lehen axuanta) errabiatuak dira. Hiru herritarren kontra plainta ekarri dute, Marieneako pentzearen alde protestatzeagatik.  Bigarren aldia da enetzat, goizeko 06:00etan, ohetik ateratzen gaituztela (bizilagunarekin), hamar bat... [+]


2024-10-09 | Onintza Enbeita
Xabier Arriaga, 'Txiplas'. Baserritarra
“Gipuzkoako ENBA-k eta EHNE-k nekazaritza eredu bera defendatzeak asko esaten du”

Emakume bat ikusi zuen Xabier Arriagak Gernikako kafetegi batean kafesnea esne gaingabetuarekin eta gurinezko opil batekin hartzen. Orduan konturatu zen nolako kontraesanetara ohitu nahi gaituen sistema kapitalistak.


2024-10-07 | Garazi Zabaleta
Sareko
Bertako elikagai ekologikoak identifikatzeko bilatzailea

EAEko ekoizpen ekologikoaren kontseilua da ENEEK-Ekolurra, eta zertifikazioaz gain, eredu ekologikoaren aldeko sustapen lana ere egiten du elkarteak. “Gaur egun, argi ikusten dugu etorkizuneko eredua dela ekoizpen ekologikoa, eta badagoela honi buruzko informazioa emateko... [+]


Marieneko lurren aldeko hiru atxilotuak aske utzi dituzte, baina otsailean epaituko dituzte

 Apirilean Kanboko Herriko Etxean sartu eta han egindako protestekin lotuta hiru lapurtar atxilotu ditu asteazkenean Frantziako Poliziak. Aske geratu badira ere, otsailean epaituko dituzte. Herriko Etxearen babesarekin, Bouygues enpresak duen etxebizitza eraikuntza... [+]


2024-10-02 | ARGIA
Bi lagun atxilotu dituzte Itsasun eta Uztaritzen, Marieniako lurren aldeko protesten harira

Filipe Laskarai eta Benjamin Charron atxilotu dituzte jendarmeek asteazken goizean, apirilean Kanboko Herriko Etxean sartu eta han egindako protestekin lotuta. Marieniako lurrekin ez espekulatzea eskatu zuten laborari eta ekintzaileek ekintza hartan.


2024-09-23 | ARGIA
‘Sareko’ bilatzailea martxan, EAEko produktu ekologikoak non eskuratu jakiteko

Ekolurrak irailaren 23a, Europar Batasuneko Nekazaritza Ekologikoaren Eguna, aprobetxatu du tresna berria aurkezteko. Elikagai ekologikoak kontsumitzeko erraztasunak eman nahi dizkie herritarrei, Sareko bilatzailearekin: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ekoizle ekologikoen 269... [+]


Trenetik salto egin nahi

Hemen gatoz, atzera ere, hausnarra berritzera. Edo behintzat saiatzera. Edo horrekin amestera. Ez dakit, ordea, berritik zer izango dugun; izan ere, antza, munduak lehengo lepotik burua jarraitzen du. Barkatu okerra: gizakiok jarraitzen dugu lehengo lepotik.


2024-09-23 | Jakoba Errekondo
Sagardoaren kurkubitatik plastikora

Plastikoan bilduta saltzen dizkigute zuritutako sagarra, mandarina, ahuakatea eta abar. Eta ez gaitu lotsagorritzen.


Eguneraketa berriak daude