argia.eus
INPRIMATU
Udazken honetan mundua amaituko omen da
Roser Espelt Alba @earuze 2022ko irailaren 06a

Etengabe esaten ari zaizkigu prestatu beharra dugula, uda honen ondoren hainbeste beldur eragiten duen –batez ere probreengan– gaitz hori baitator: krisia. Macronek berak esan du "oparotasunaren aroaren" amaierarako prestatu behar dugula. Ekonomialariok ez dugunez etorkizuna ikusteko kristalezko bola magikorik, kosta egiten da garia lastotik bereiztea. Bereziki, gaian adituak direnen ahotsa sistema kapitalistaren helburu propagandistikoek bideraturiko espekulazioetara mugatzen denean. Baina zer da benetan datorkiguna? Benetan al gaude atzeraldi sakon baten atarian?

Lehenengo galderari zehatz-mehatz erantzutea zaila bada ere, bistakoa da etorkizun hurbilak ez duela itxura onik. Hainbat elementu daude mahai gainean: lehenik eta behin, energiaren prezioa, gainontzeko prezioen igoeraren erantzule nagusietako bat, baliteke apur bat jaistea, baina argi dago energia merkearen aroaren amaieran gaudela. Horrek gure patrikei eragingo die, baina bereziki nabarituko da industrian eta mundu mailako merkataritzan. Esanguratsua da, ildo honetan, Alemaniaren kasua. Euroguneko motor ekonomikoak hain bereizgarri zuen superabit komertziala, energia merkearen –gas errusiarra tarteko– eskuragarritasunean oinarritzen zena, galdu du eta defizit egoeran dago. Prezioen igoera orokorrari erantzuteko, Erreserba Federalak eta EBZk interes-tasak igo dituzte. Egoera larriagotu besterik egiten ez duen neurria, finantza-kapitalaren interesak babesteko besterik ez baitu balio. Interes-tasen igoerak, munduko zorra BPGaren %350tik gora dagoen honetan, galbidera eraman ditzake família asko, enpresa asko, baina baita herrialde osoak ere. Esaterako, Brasil, Turkia edota Argentina bezain herrialde garrantzitsuak Sri Lankaren bide beretik joateko arriskuan daude.

Eta zeri egin beharko diogu aurre? "Ugaritasunaren aroa" amaitzeak, urritasunaren aroaren hasiera esan nahi du. Baieztapen honek bat baino gehiago harrapatuko zuen bere oparotasunaren aroa ea noiz izan zen ezin asmatuta. Krisi arreikuspen katastrofista orori dario shock doktrinaren kiratsa eta dagoeneko martxan dira propaganda diskurtsoak gutxi batzuen mendeetako oparotasunaren erresakaren kostuak gehiengo batek bere gain har ditzan, beste behin ere. Horren aurrean, birpentsatu beharko dugu zer den funtsezkoa eta zer behar dugun, zein sektore murriztu behar diren (edo erabat desagertu, armak eta petrolioa kasu) eta zein indartu. Aldaketa sahiestezina da eta gatazkarako prestatu beharko dugu, edozein gizarte aldaketak berezkoa baitu. Soberan duten horiek nekez egingo baitiote uko gehiengoak faltan dugun horri.