argia.eus
INPRIMATU
Ertibil 22
Iñigo Basaguren-Duarte @inigob_d 2022ko irailaren 06a
Argazkia: Iñigo Basaguren-Duarte

Arte-lehiaketen aurrean hainbat kontraesan sortzen zaizkit. Alde batetik, artistak eta artelanak lehiakortasunaren dinamikaren barruan kokatzen dituzte, artearen izaera eraldatzaile eta kolektiboa alde batera utziz eta logika merkantilisten barruan kokatuz; baina ezin uka, batzuetan, artista askok beraien burua ezagutarazteko moduetako bat denik. Ertibilen lehiaketaren kasua, behintzat, Bizkaian lanean dabiltzan artista gazteen lanak ezagutzeko aukera paregabea da. Uztailaren 14an aurkeztu ziren publikoki Ertibil 2022rako aukeratutako artelanak Bilboko Rekalde Aretoan. Lehiaketara aurkeztutako partaideen artean irabazle ateratako hiru artisten lanez gain aukeratutako beste hamabost lan ikusteko aukera dugu urriaren 16ra arte.

Ertibil Bizkaia
2022 erakusketa
NOIZ: Uztailak 14 - urriak 16
NON:  Rekalde Aretoa (Bilbo)

Rekalde Aretoan aurtengo edizioko irabazlea izan den Alazne Zubizarretaren lanarekin egingo dugu topo. Arrasatearrak Clotet Cream izeneko hogeita lau grabatuz osatutako pieza aurkeztu du, ur-tinta eta akuaforte teknikekin egindakoak. Alazneren obra ederra da, oso, baita iradokitzailea ere. Plazeretik eta gozamenetik abiatutako mundua eraiki du, eta mundu miresgarri horren hogeita lau argazki eskaini dizkigu, ametsetik zein bideo-joko batetik aterata diruditenak. Deabrutxoak, izaki miresgarriak eta ikusmenerako plazera diren forma geometrikoak elkartu ditu, hogeita lau leiho irekiren bitartez mundu baten panoramika eskainiz.

Saritutako bigarren lana Lucia Pedregal-en erretratu bat da, zeinean artista eta bere katua ikusten diren. Pieza honen bitartez Pedregalek autoezagutza eta bidaide dituen kideen aitorpena islatu nahi izan ditu. Hirugarren saritua Mar de Dios barakaldarra izan da. Azken urteetan landu duen ildoa jarraitzen duten zeramikazko hiru pieza aurkeztu ditu, sentsualak eta dotoreak diren hiru pieza, sorkuntza prozesuan bitartekoak diren momentuak irudikatzeko erabili dituenak.

Esan bezala, sarituak izan ez diren beste hamabost artista gazteren lanak ikusteko aukera ere ematen du Ertibil erakusketak. Hauen artean eklektikotasun handia aurkitu daiteke, bai teknikari –bideoa, argazkia, pintura zein eskultura, eta abar– bai piezen intentzionalitateari dagokienez. Mireya Moralek, adibidez, zuri-beltz malenkoniatsuzko bi argazki kontrajarri ditu irudi bakarra osatzeko. Maider Gonzalok, bestetik, taula baten gainean zinta itsaskorrarekin pintura lan bat dirudien irudia osatu du Mi Crush izeneko lanean. Paula Huartek, ordea, zeramikazko zazpi pieza batera jarri ditu. Zapi haur dira, formazioan, burbuila batek burua estaltzen diela.

Uzta oparoa aurten Ertibiliek jaso eta erakutsi diguna. Rekalde Aretoan egon ostean Bizkaian zeharreko ibilbideari ekingo dio erakusketak, Arrigorriaga, Basauri, Santurtzi eta Balmaseda bisitatuz.