argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Dena bizitza berean
Uxue Apaolaza Larrea 2022ko irailaren 06a

Beharbada, udan erlaxatzeko aukera izan duzue, hondartzara joan zarete, Pirinioetara furgonetan, parranda egin duzue (eta egiten utzi dizuete), edo gutxienez, bizitza arinagoa izan da urtaro beroenean, ez dakit, lan karga urriagoa izan duzuelako, esaterako, edo, besterik gabe, arropa gutxiago jantzi behar delako. Tira, ba nik erretxinduta jarraitu dut, bai behintzat ni naizenaren ehuneko esanguratsu batek. Uztail betean, beraz, ez nengoen umorez Confebaskeko lehendakari berriaren ateraldiak baretasunez hartzeko. Lerroburua irakurri orduko emaileko zirriborroetan “ez ahaztu” mezuan gorde nuen linka (inoiz ez ahaztea da amorruari eusteko nire mailako erretxinek egiten duguna): “Langileek egokitu egin behar dute erosteko ahalmena ez galtzeko eskaera”.

Tabernan, lagunartean, jendeak badu joera berek baino pobreagoek gehiegi gastatzen dutela sentitzeko; auto markak aipatzen dira, telefono mugikorrenak, lan gutxiegi egingo dute bestela… Isabel Bustori ere gertatzen zaio, antza. Zertarako joan nahi du langileak oporretara? Noraino, hondartzak etxean edukita? Oliba oliorik behar al du langile batek? Dentistara joateko eskubidea? Eta dentistara joan nahi badu, ezin al dio hilabete batzuez hainbeste kafe hartzeari utzi? Egiten dituen gastuak ikusita, mesede ere bada gutxiago erosi ahal izatea, osasungarriagoa, adibidez, jakiak egos ditzagun, frijitu beharrean, haragi gorri gutxiago jan dezagun.

Sistema honentzat ez da jasangarria eskatzen dugun bizi maila. Ez gara jasangarriak. Jasanezinak gara. Dena nahi dugu bizitza berean, eta batzuk, agian, gaur egungo bizitza honetara duintzera baino ez gara etorri (lanaren bidez). Probatu dira langileak lanera dohainik joaten diren sistemak. Proba dezakegu berriro, jar dezala enpresak langileen mantenurako departamentu bat, eros dezatela gure partez, aukera dezatela asteburuan merkataritza-gune batean ikusiko dugun filma ere. Irudimen gutxi daukagu bestela ere, erosi gabe bizitzen ez badakigu. Are gehiago, zergatik gureari bizitza deitu? Gaizkiulertuak sortzen ditu horrek. Lan-talde bat sor dezake Confebaskek horretarako ere, langileon existentziari beste izen bat jartzeko. Ea horrela zalantzak argitzen zaizkigun.