argia.eus
INPRIMATU
Inor ez direnak
Laura Penagos Rodríguez 2022ko abuztuaren 30

Achagua, Embera, Ette Naka, Kogui, Naka-Yuwe, Pisamira, Tikuna eta Yuruti dira Kolonbian dauden 69 hizkuntza indigenetako batzuk, eta bertako 400 mila biztanlek hitz egiten dituzte. Gaur egun, 102 komunitatek egiten diote aurre Mendebaldeko eredu hegemonikoari. Eredu horrek, mendeetan zehar, aberastasunez gabetu ditu herriak, ez bakarrik aberastasun materialez, baita kulturalaz ere, eta sumisioz hartu ditu mendean.

Eredu horrek, horrela dei badaiteke, doktrinatu egin gaitu herrialde miserable, bortitz, ustel, arrazista, klasista, krudel eta gizagabea izateko. Espainiako kolonialismoaren ondorioak. Alabaina, azken hauteskundeen emaitzak ikusita, badirudi herri hau bere milaka urteko lozorrotik esnatzen ari dela. Herri gisa bizitzaren balioa aldarrikatzen ari dela sinetsi nahi genuke, lurrarekiko errespetua, kulturaren garrantzia eta artearen aberastasuna.

Besterik da ziklo sozial berri horren etorkizuna zein izango den. Gertakari erabakigarri asko bezala, hau ere kalean ernatu da, auzoan, oihanean, mendietan, nekazariekin, indigenekin, giza eskubideen defendatzaileekin eta gazteekin. Prozesu horretan pilatutako botere eta motibazio izugarri hori bideratzeko ardura eman dio herriak sistema demokratikoari, sistema desitxuratu eta lizun horri. Eta ardura horren eskualdatzearen bidez, herria hustu egin da. Demokrazia horren eskutik helduko omen da gure ametsetako gizarte-aldaketa. Agian bai, agian ez. Baina Kolonbiako estatu mota errepublika izateak eta konstituzioa izateak, alegia, Europako eredu demokratikoan oinarritutako sistema politikoa izateak, ez du bermatzen herritar gehienak lehen mailako izatea.

Kolonbiako azken hauteskundeen emaitzak ikusita, badirudi herri hau bere milaka urteko lozorrotik esnatzen ari dela

Gai izango ote da Francia Márquez gure lehendakariorde berria herri gogoa demokraziaren labirintoan barna gidatzeko, Ariadna balitz bezala? Franciak badaki zer den beltza izatea, pobrea izatea, ukatuta eta baztertuta bizitzea. Eta badaki inor ez direnek eusten diotela, zorionez edo zoritxarrez, sistema horri. Nik bere diskurtsoari erreparatzen diot, baina, batez ere, haren eragina eta koherentzia miresten ditut. Azkenean badirudi emakume batek ordezkatuko gaituela.

Berriro pentsatu behar dugu mundua, gurea, gure oroimenari eutsi; Muisca, Tikuna, Achagua, Embera, Nasa Kogui, eta beste hainbat herri gogoan. Gure ardura da ulertzea gizarte gisa zer gertatu zitzaigun, zer egin genuen edo zer egiteari utzi genion. Eta konpromiso hori geurea da, ez instituzionala. Izan ere, zer da lau urteko agintaldi laburra, behar diren aldaketa sakonak egiteko? Bide horrek ematen duena ematen duela, ez genuke ahaztu behar benetako aldaketari ekiteko ezinbestekoa dugula gure ondasunen, gure kulturaren, gure hizkuntzen unibertsoa biziberritzea. Lurrean errotzen gaituzten ondasunak baitira horiek, zilbor-hesteak ama-umetokian sustraitzen gaituen bezala.