“Arazoa ez da amatasuna, arazoa sistema da”

  • Hitzordua jartzea ez da erraza izan. Elkarrizketa uztailean egin genuen, eskolarik ez eta lau haurren zaintza antolatu behar izan genuen elkar ikusteko. Izan ere, “haurrek hiru hilabeteko oporraldia dute gurasook, zorte anitzekin, hilabete batez deskantsatu dezakegun bitartean”, aipatzen du elkarrizketatuak. Maternidades precarias (Amatasun prekarioak, Arpa, 2022) liburuaren idazlea eta kazetaria da Diana Oliver (Madril, 1981). 2013an jaio zen bere alaba zaharra, eta amatasunak hankaz gotti jarri zituen bere bizitza eta ogibidea. Zortzi urtez Zeta argitaletxean lan egin ondotik, ibilbide berria abiatu zuen Madrilgo kazetariak. Tacatá Comunicación sortu zuten, amatasunean eta haurtzaroan espezializatutako lehendabiziko komunikazio agentzia. Gaur egun kazetari autonomoa da eta El País egunkarian idazten du, batez ere. 

Argazkiak: David F. Sabadell
Argazkiak: David F. Sabadell

Noiz eta nola jaio zen Maternidades precarias?

Erranen nuke nire lehen alaba Mara jaio zenean sortu zela liburuaren lehen sustraia. Bat-batean nire buruari galdera anitz egiten hasi nintzen eta konturatu nintzen ez nekiela nola eginen nuen. Pentsatzen hasi nintzen nola zen posible ordaindutako lanik ez zuten edo testuinguru ekonomiko gogorretan bizi ziren emakumeak ama izatea. Hortik guttira, Silvia Nanclares idazlearekin ikastaro bat egin nuen, amatasunaz idazten eta irakurtzen duten bertze hainbat emakumerekin batera, eta bertan forma ematen hasi nintzen gainontzeko liburuetan faltan somatzen nuen diskurtso horri.

Zeintzuk izan dira zure erreferenteak?

Zalantzarik gabe, Jane Lazarren El nudo materno Biblia bat da niretzat. Etxean eskukatua dugu, irakurria eta berrirakurria. Izan ere, 70eko hamarkadan erlatiboki pribilegiatua zen  emakume batek idatzi zuen arren, indarrean dago oraindik eta nire ustez ezinhobeki jorratzen du amatasunaren konplexutasuna, azalduz zeinen zaila den ama izanik enplegua sostengatzea, edo sarerik gabeko amatasuna.

Amatasuna historikoki gai deserosoa izan da feminismoarentzat. Gaur egun nola ikusten duzu harreman hori? Nola bizi duzu zuk?

Polaritateak bere horretan jarraitzen du, amatasuna gutxiesten dutenen eta amatasuna erabat instituzionalizatuta ulertzen dutenen artean. Eta erdibidean sortzen ari dira bertze hainbat aldarrikapen, ez hain muturrekoak, amatasunaren balioa defendatzen dutenak. Hala ere, arazoa ez da amatasuna, arazoa sistema da. Alegia, amatasun eredu horiek ez datoz bat sistema honekin, eta ondorioz, amatasuna ulertzeko modu desberdin horiek elkarren artean lehiatzen ari dira, erroko arazoa sistema den bitartean.

Zenbateraino uste duzu dela amen arteko norgehiagoka hori patriarkatuaren munizioa?

Patriarkatuarena eta kapitalismoarena, zalantzarik gabe. Gure gizartean lana zoriontasun gisa ulertzen da, bizitzako jomuga gisa, eta zaintza edo artarekin zerikusia duen guztia guttiesten da. Horregatik, amatasunari ere balioa kentzen zaio. Sistemak bideratzen gaituelako, behin eta berriz, amatasuna guttiestera. Baina era berean, guk borrokatzen ez badugu, ez du inork egingo. Tira, gauza da konfrontazioa dagoela bateraezinak diruditen ikusmoldeen artean, funtsean hain elkarrezinak ez diren arren. Nik beti pentsatu izan dut, funtsean, gehiago direla elkartzen gaituzten borrokak banatzen gaituztenak baino. Baina sistemak bere esku dagoen guztia egin izan du eta egiten jarraituko du norgehiagoka horrek irabazi dezan.  

Testuinguru horretan aipatzen duzu garrantzitsua dela “amatasuna problema gisa ez ulertzea”. Zer erran nahi duzu, zehazki?

Batetik, amatasuna sakrifizio gisa irudikatzen duen iraganeko aurreiritzia arrastatzen dugu. Amatasunaz haratago, bizitzan ditugun helburuak asetzea eragozten duen zerbaiten gisan saltzen dute ama izatea, oztopo bat, eragozpena balitz bezala. Tira, nik ulertzen dut Adrienne Rich edo Jane Lazarrek aipatzen duten 70eko hamarkadako feminismoaren haustura jarrera amatasunaren instituzioarekin. Baina era berean uste dut fokua jarri beharra dagoela ideia garrantzitsu batean: sistemak, pentsatuta dagoen moduan, amatasunak zapaltzen eta baldintzatzen jarraitzen du gaur egun.  Bertze modu batera errateko: amatasuna gauzatu dezakegu bakarrik patriarkala bada eta sistema kapitalismoaren baitan badago. Amatasun kanporatua eta merkantilizatua onartzen da, ama izateak ezin baitu eragotzi denak biratzen jarraitzea. Sistemarentzat ama izan zaitezke, baina nabaritzen ez bazaizu bakarrik.

Zentzu horretan, eztabaida irekia dago haurrak artatzeko baimenen inguruan. Orain, hamasei aste dituzte bi gurasoek. Zer deritzozu?

Patriarkatuaren garaipen bat gehiago da hori ere. Eurek [gizonek] ez diete pribilegioei ukorik egin eta eskubide gehiago eman dizkiete zuzenean. Baina ez hori bakarrik, baimen berdinzaleek ez dituzte kontutan hartzen haurdun dagoen eta erditzen duen emakumearen prozesu fisikoa, eta horrek eskubide desberdintasuna areagotzen du nabarmenki. Hiru hamarkada baino gehiagotan guk ez dugu baimen horretan igoerarik ikusi eta eurei, aldiz, gurea bezalako aldarrikapen historikorik gabe, eskura jarri diete garaipena. Baliabide anitz inbertitzen ari dira gizonei formakuntza emateko, hezteko eta artatu behar dutela konbentzitzeko, guk prekaritatean zaintzen jarraitzen eta eurek baino pobrezia handiagoa arrastatzen jarraitzen dugun bitartean. Ez dira ari amen eta haurtxoen beharrak aditzen, merkatuaren interesak baizik.

Haurdunaldian baimen berezirik egon beharko luke, zure ustez?

Zalantzarik gabe. Haurdunaldia prozesu patologikoa ez dela ulertzea bezain garrantzitsua da argi izatea haurdunaldia ez dugula denek berdin bizitzen. Horregatik, haurdunaldia zaindu beharra dago eta behar horiek dituzten emakumeek eskubidea izan beharko lukete baja hori hartzeko. Ez hori bakarrik, erdiondoan ere baja ezinbertzekoa da, amatasun baimenaz aparte. Nola da posible behar horiek ez ulertzea?

Zure esperientzia konpartitzen duzu liburuan: sistemari tranpa egitea erabaki zenuen, erdiondoan zure haurrekin etxean lana eginez.

Bai, pribilegio prekario bat izan zela diot. Baina, funtsean, ezin izan nuen bertze modu batera egin: etxean biok lan egin behar genuen eta nik ezin nion nire soldatari uko egin. Eta ez balitz izan nire enpresak enplegua erregulatzeko espedientea egin zuelako,  bi urteko langabeziaren eskubidea lortuz horrela, nik ere alaba haur eskola batera eraman izanen nuke, familia anitzek egiten duten bezala, nahi baino askoz ere lehenago. Baina biziraun ahal izan nuen horrela. Edozein modutan, sistemaren porrota agerian dago erregulazio espediente bat pribilegio baten gisan ikusten badugu, hori baita nire alaba zaindu eta bide profesionala berbideratu ahal izateko modu bakarra…

Zure bizipena emakume anitzek ere bizi izan dute. Nola eragiten die emakumeei amatasun prekarioak?

Gure osasun fisikoan zein burukoan prekaritateak eragiten duen talka beldurgarria da. Kontziliazioari dagokionez, adibidez, hasieran badirudi zorionekoak garela, haurrekin egoteko aukera ematen digulako, baina eurek ez dira bakarrik zaintzen: behar eta eskaera jakin batzuk dituzte, erabat normalak direnak eta bere erreferentziazko helduek ase behar ditugunak. Momentu berean haurrak artatzea eta lana egitea ezinezkoa da erabat.

Azkenaldian sentsazioa da errespetuzko heziketa gisa ulertzen den horrek presio gehiago eragiten diola amatasunari, ezta?

Noski, informazio anitz dugu eta badakigu historikoki normalizatu den haurren tratu txarren indizeak guttitu direla, heziketa eredu berriei esker. Baina, era berean, gaur egungo hazkuntza estandarrak betetzea ezinezkoa da anitzetan. Ezinezkoa da sarri errespetuzko heziketak eskatzen duen mailako jarduerak, zaintza eta heziketa bermatzea, une berean lan bat eta etxea sostengatu behar baditugu. Zaila da lau eskutara egiten bada ere, bikotekide inplikatu batekin, ezinezkoa baita denera iristea. Eta orduan dator akidura, errua eta frustrazioa. Eta ez naiz sartuko sare sozialek zentzu horretan eragiten dutenari buruz solasten…

Sartu, sartu…

Azken urteetan erruduntasun sentimendua areagotu dute sare sozialek nabarmenki. Ez dute bakarrik amatasunaren idealizazioa betikotzen, nahi eta ezinaren kultura ere sustatzen dute, behin eta berriz. Edonork izan nahi du sare sozialetan ikusten ditugun ama horiek bezalakoa, erditu ondorengo astean gorputz perfektua dutenak, ama zoriontsuak direnak, hezitzaileak, dibertigarriak eta etxea garbi-garbi dutenak beti… Eta bizitza errealean denera iristen ez garenez, berriz ere dator frustrazioa eta errua. Garrantzitsua da ulertzea Instagramen ikusten dugun amatasunaren idealizazio horren atzetik daudela gehiengoek ez ditugun hainbat baliabide. Zoriontasunaren gizartean bizi gara, “nahi baduzu posible duzu” diktadurarekin, eta ezin baduzu, nahikoa saiatu ez zaren seinale.

Lanari dagokionez, emakume anitzek amatasuna atzeratzen dute egonkortasun ekonomiko baten esperoan. Baina zer gertatzen da egonkortasunik ez bada sekula iristen?

Tira, ni neu ez naiz sekula atera prekaritatearen gurpiletik eta 16 urte nituenetik lan egin dut. Eta kontuz, ez dut biktimizatzeko asmorik, bertzerik gabe horrela izan delako azaltzen dut. Haurrak zaintzen lan egiten hasi nintzen eta gerora zerbitzaria izan naiz, saltzailea eta fabrika batean lan egin dut, bertzeen artean. Denetarik egin dut. Gaur egun prekaritatearen gurpilean jarraitzen dut eta ziurtatu dezaket ez dela izan saiatu ez naizelako. Baina nirea ez da salbuespena. Nire amak, adibidez, 20 urtez lan egin zuen kontraturik gabe, etxeak garbitzeagatik miseria bat kobratzen. Goizeko 05:00etan ernatzen zen eta arratseko 20:00etan bueltatzen zen. Kriminala zen, eta hori emakume anitzek bizi izan duten amatasuna da. Orain nire gurasoak amatxiren etxera joan behar izan dira bizitzera, ezin dutelako alokairurik ordaindu. Eta okerrena da berak erretiratzeko eskubiderik ez duela sekula izanen, bizitza osoan lan egin duen arren. Argi dago “nahi baduzu posible duzu” kultura betikotzen dutenak ez direla sekula prekaritatean egon.

Zenbateraino uste duzu eragin dizula kazetaria izateak prekaritatearen gurpilean egotera?

Horrek eragin zuzena izan du, noski. Kazetari izatea gaur egun hobi hagitz garestia da. Ogibidea erabat prekarizatua dago eta hedabideek geroz eta gehiago lan egiten dute langile autonomoekin, hagitz gaizki ordainduz. Sarri kontuak bota izan ditut erreportajeetan edo elkarrizketetan eman dudan denbora kalkulatzeko, eta ordua lau edo bost eurotan atera izan zait. Telepizzan lan egiten nuenean gehiago irabazten nuen. Tamalgarria da.

Zer deritzozu amatasunari buruzko hedabideen kontakizunari?

Hedabideek ez diote merezi duen balioa ematen, eta hori amatasunaren atzean dagoela dena! Osasunean, politikan edo ekonomian adituak diren kazetariak daude han eta hemen, masterrak daude eremu horietan guztietan, eta, aldiz, ez dago amatasunaren inguruko formakuntza berezirik. Eta noski, kazetari guztiek ez dugu amatasuna jorratzeko behar den ezagutza eta sentsibilitatea. Noski, gero haurtzaroaren edo heziketaren inguruko titular katastrofikoak topatzen dituzu sarri.

Azkenaldian modan dago bizitza eta zaintza erdigunean jartzeko beharraz solastea. Zuk diozu “ezin dela zaintza erdigunean jarri ez bada funtsezko biraketa bat ematen ekoizkorra denetik erreproduktiboa denera”.

Bizitza eta zaintza erdigunean jartzeaz solastea marketin kanpaina ikaragarria da, baina errealitatea da ez dela gertatzen ari. Erran bezala, merkatuaren eta ekonomiaren interesak lehenesten dira, zaintzak kanporatzearen truke. Horregatik, ezinbertzekoa da logika hori aldatzea eta duintasunez zaintzeko beharrak ase ahal izateko politika publikoetan lana egiten hastea. 0-3 urte bitarteko haur eskoletan inbertitzea garrantzitsua da, aukera bat da, baina zaintza eredu gehiago ere badaude eta amatasunak ez luke izan behar bakarrik zerbitzua kanporatuz bizi dezakegun bizipen bat. Familia anitzek denbora, presentzia eta baliabideak behar ditugu, haurrekin eta nagusiekin behar adina egon ahal izateko eta amatasun duinak bermatzeko. Frustragarria da.  

Amaitu aurretik, zeintzuk uste duzu direla erronka nagusiak amatasun duinak bermatzeko?

Hasteko, ezinbertzekoa da neurri guztiak lanean edo ekonomian oinarritzearekin bukatzea. Ama anitz daude lanik ez dutenak eta, ondorioz, ezin dute amatasun baimenik izan, adibidez. Horretarako, baimen unibertsalak ezinbertzekoak dira, desberdintasun horrekin bukatzeko. Horretaz aparte, zaintzari, ugalketa prozesuei eta hazkuntzari merezi duten balioa eman behar zaie. Berriz diot, amatasuna ez da arazoa, amatasuna ez da gurpilean dagoen makila, baizik eta kontrakoa. Sistema da amatasuna askatasunez eta duintasunez bizitzea eragozten duena. Sistemak sortzen digu errua eta sufrikarioa. Sistemak mantentzen ditu prekaritatea eragiten duten egiturak eta sistema da desberdintasuna elikatzen duena. Ezin dugu amatasuna sistema horretan sartu, presioz, sartzen ez den pieza baten gisan; puzzlea hautsi beharra dago eta egitura berri bat sortu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Amatasuna
Erru sentimendua heriotza perinatalean

Haurdunaldiaren zazpigarren hilabetean hil zen Aduna, Amets Etxeberriaren alaba. Halakoetan, erru sentimendua da bizkar gainean emakume askok hartzen duen zama, dolua ere oztopatzen duena. Profesionalengandik jasotzen duzun tratua funtsezkoa dela dio Etxeberriak, horri aurre... [+]


Gurasobakarrak hautuz
“Txarra eta ona, dena intentsitate handiagoz bizi dugu”

Familiaz, azalpenak eman beharraz, topikoez, askatasunaz, kontziliazioaz, sareaz eta komunitateaz, erru sentimenduaz, ekonomiaz, traba legal eta administratiboez, haurraren eskubide urraketez... solastatu gara, hautuz gurasobakar diren Argider, Junkal, Koldo eta Maitanerekin... [+]


Erloju adimendunak, gurasoen kontrol gosea asetzeko

Udako oporrak gainean, non dagoen uneoro jakiteko erloju adimenduna erosi diozu seme-alabari? Ez duzu bakarrik uzten, arduraz jokatuko ez duen beldurrez? Egungo belaunaldi gaztea inoizko kontrolatuena dela diote The Guardianen, eta dagoeneko adinez nagusi diren heldu... [+]


“Ez ezazu indarkeria obstetrikoa salatu, ez baduzu argi galduko duzula: denbora, dirua eta osasun mentala”

Nazio Batuen Erakundeak Espainiako Estatua zigortu du Nahia Alkortak bere lehen erditzean jaso zuen biolentziagatik, baina gobernuek ez dute ebazpena onartu. 'Mi parto robado' liburua idatzi du bizitakoa gizarteratzeko, eta arazo sistemikoa dela azaltzeko.


'Bi arnas' proiektuaren ziklo amaiera ospatu dute
“Torturak ama eta alabarengan sorturiko zauria arintzen lagundu du dokumentalak”

Torturatu zuten Iratxe Sorzabal presoa eta haren ama ditu protagonista Bi arnas dokumentalak. Duela bi urte abiaturiko prozesua borobiltzeko ekitaldia egin dute eta bide horretan lortutako etekin ekonomikoak bi elkarteri eman dizkiote: Harrera eta Axut! Ekitaldiak une... [+]


Erdi Aroan erditzea

Toledo, 1272-1280. Alfontso X.a Gaztelakoak Ama Birjinari eskainitako 427 kanta monodiko bildu zituen. Santa Mariaren Kantigek Erdi Aroko musika eta literatura bildumarik garrantzitsuenetakoa osatzen dute, baina, kantiga miniaturaz apainduta daudenez, ilustrazio horiek beste... [+]


Eskolako guraso elkarteetan gizonezkoak hamarretik bi baino ez direla utzi dute agerian Katalunian

Gurean ere agerikoa den errealitatea islatzen dute Kataluniako datuek: guraso elkarteetan, eskolako bilera eta zereginetan, gurasoei zuzendutako tailerretan… emakumeak dira gehiengoa. “Haurrak heztearen funtzioa amek hartzen dute eta sentsazioa dute gainezka... [+]


Haurdun geratu nahi eta ezin, isilpeko dolua

Antzutasuna tabu eta estigma den gizarte honetan, zenbat galdera erantzun bila: haurdun geratu nahi eta ezin lortu, noiz arte luzatzen dira saiakerak, eta bide horretan zenbaterainokoa da nekea, bakardadea, erruduntasuna, lotsa, beldurra, obsesioa? Nola eragiten die etxeko eta... [+]


2023-11-29 | Saioa Baleztena
Alaine Agirre. Isildutakoa aldarri
“Eraldatu egin naiz amatasuna bilatu eta ezin aurkitzearen prozesuan”

Bertzeen artean, Odol mamituak, X hil da , Bi aldiz erditu zinen nitaz ama, eta Kamisoi zuri zetazkoa eleberrien eta Txoriak etortzen ez diren lekua poema liburuaren idazlea da Alaine Agirre (Bermeo, 1990). Isildutakoak ekartzen ditu paperera. 2021eko irailean argitaratu zuen... [+]


Gurasotasun baimena hemezortzi astera luzatuko da sektore pribatuan ere, EAEn

Gizarte Segurantzak baimendutako hamasei asteen laguntza osagarri gisa planteatu du Eusko Jaurlaritzak bi asteko luzapena. 2019tik sektore publikoko langileek baimena eskuratzeko aukera dute.


Garazi Abrisketa
“Gure alaba hilik jaio zen, baina familiaren aitortza jaso zuen eta hori garrantzitsua izan da zauriak sendatzeko”

Garazi Abrisketa (Arrankudiaga-Zollo, 1988) ama izan zen maiatzean, baina bere alaba hilik jaio zen. Esperientzia horrek amatasunari, heriotzari eta tabuari buruz luze eta sakon hausnartzera eraman du. Aiaraldea Hemen aldizkarian elkarrizketaren zati bat argitaratu ondoren,... [+]


Hamar neurri proposatu dituzte, amek akademia uztea saihesteko

Ama izan ondoren emakume askok akademia uzten dutela eta, amaz osatutako ikertzaile-talde batek hori ez gertatzeko hamar neurri proposatu ditu, eta PLOS Computational Biology aldizkarian argitaratu ditu.


Nahia Alkorta Elezgarai. Sabeletik mundura
“Indarkeria obstetrikoa aitortu zaigun lehen emakumeak gara munduan”

“Oinarrizko eskubideak aitortzeko egiten dut. Niri ez dit inork nire erditzea itzuliko, ezta bizitutako trauma hori sendatuko ere. Beraz, ondorengoei halakorik ez gertatzeko ari naiz lanean”. Hitz gordinak dira, minetik eginak, eta min horretatik abiaturik,... [+]


Eguneraketa berriak daude