argia.eus
INPRIMATU
Belarritik bihotzera
Xabier Etxaniz Erle 2022ko irailaren 02a
Esna irauteko ipuinak | Xabier Olaso | Denonartean, 2021

Ipuinak entzun eta, brixt-brixt, belarritik bihotzera joaten dira”; aipu horrekin ekiten dio Xabier Olasok ipuin bilduma interesgarri honi. 57 ipuin biltzen ditu Olasok liburu honetan eta guztiak dira laburrak, arinak eta, irakurlearen gozamenaz gain, bestelako asmo bat bilatzen duten istorioak.

Irakurleak lehendik ezagutzen zituen istorioen bertsio berriak topatzeko aukera izango du, Txanogorritxo izenekoa, esaterako, non neskatoa “otso-larruz egindako beroki luzea soinean jantzita duela dotore-dotore ibiltzen den Parisko kaleetan zehar". Horien parean umore kutsukoak dira nagusi. Baserritarrak kasu, edo Kukuarena: kukuak min hartu eta “bere min-kantua zabaldu zuen lau haizeetara: Pu-pu; pu-pu”.

Badira ere oso laburrak diren istorioak; Epailearen erabakia izenekoa, adibidez: “Urriaren 4an, Animalien Mundu Eguna zelarik, epaileak kaiolako atetila ireki, eta aske utzi zuen kardantxiloa”.

Ipuinen ondoren, gainera, Olasok gogoetarako esaera erdi-poetiko erdi-jolastiak uzten dizkigu: “Ipar Poloa planetaren izozkailua da”, “Farola ilargiaren alaba da” edo “Piruleta gozozaleen lupa da”, besteak beste.

Ikus daitekeen bezala, Xabier Olasok irakurgai eskaintza zabala egiten digu liburu honetan, testu labur, umoretsuak gehienak, erraz irakurtzeko modukoak eta irakurlearen inplikazioa eta konplizitatea ere bilatzen dutenak. Bada kutsu pedagogikoa duen istorioren bat edo beste, Ipuina, adibidez; umore beltzeko esaerak, poesiatik hurbiltzen direnak, alegien kutsua dutenak… baina guzti-guztietan une atsegina igarotzea bilatzen da, irakurgaiekin disfrutatzea eta, aurretik aipatu den bezala, belarritik –edo begietatik, istorioak kontatzeko, baina irakurtzeko ere badirelako– bihotzera iristea.

Liburu aproposa, beraz, irakurtzen hasi berriek goza dezaten literaturarekin, baina baita ere tantaka, apurka, haurrei kontatzeko, irakurtzeko gaueko orduetan, edo, zergatik ez, edozein unetan.