argia.eus
INPRIMATU
Urte berri on!
IƱigo Satrustegi @InigoSa 2022ko uztailaren 20a
Argazkia: Ahotsa.info

Txantreatar batek beti aurkeztuko du bere burua txantreatar gisa. Baina uztailaren 6 heltzen denean, o bai, orduan bai, PTV (Pamplona de Toda la Vida) peto-petoak bihurtzen gara.

Sanferminen hasiera
NOIZ: uztailak 6
NON:  Iruñea

PTV on batek uztaila iritsi aurretik egiten ditu jantzi zurien erosketak, txupinazoaren egunean, behintzat, dotore joateko. Normalena da festen bezperan ezin lorik hartzea urduri dagoelako. Baten batek, gainera, ezin dio gogoari eutsi eta 5ean mozkortu egiten da eta damua datorkio gero. Baina PTV on batek nahiago du goiz lotaratu urteko egun berezienerako fresko egoteko.

Goizeko zortzietan goiztiarrenek, eta eguerdira arte, almuerzikoa izaten da, hala esaten diogu PTVok hamaiketakoari, bakoitza bere kuadrillarekin eta ohiko txoko edota taberna estimatuenean. Eta esaten ez den arren, PTV askok bihotzerrea du magrak tomatearekin jateagatik. PTV kuadrillek eztabaida izaten dute sarri: txupinazoa auzoan ala alde zaharrean ikusi/bizi. Jendetzaren beldurrez, baina giro gosez. Gureak aurten auzoko tabernako pantailan ikusi zuen. PTV karneteko puntuak galduko genituen ziur aski.

Euri azpian harrapatuko zuen PTV asko hamabietako eztandak aurten, eta beste askoren planak zapuztu ere bai. Kaleak aurreko urteetan baino hustuago zeuden, iazkoa dut gogoan, birusa oraindik ere bazegoen arren, lepo zegoen alde zaharra. Egunak, hala ere, utzi zituen momentikoak. Giririk ez Nabarreriako iturritik salto egiten, baina baloiarekin jolasean zebiltzanak, brindiseko ur azpiko aurreskua, aspaldiko lagunen itzulera…

Txosnarik ez zegoen aurten, bene-benetako PTVentzako Gaztelu plazakoak salbu. Topaleku baten falta igarri zen eta kuadrillek tabernaz taberna ibili besterik ez zuten izan, atertu zuen arte behintzat.

PTV hau, hiru urteren ondoren, behintzat, gogobete zen. Ez zen amesten genuen moduan, espektatibak goian genituelako akaso. Baina ederra izan zen Iruñea zuri-gorriz jantzita ikustea. Urtea bitan hasten da Iruñean, urtarrilean lehenbizikoz, uztailaren 6an bigarrenez. Beraz, urte berri on PTV guztion partez!