Uztailaren 19an hamar urte bete dira Rojavako iraultza hasi zenetik Siria ipar-ekialdean. Hamar urtez Konfederalismo Demokratikoaren sistema garatzeko lanetan dabil Kurdistango Askapen Mugimendua: egitura komunalak sortzen, Estatu Islamikoaren kontra borrokan eta Turkiaren inbasioei aurre egiten, besteak beste. Alarma egoera ezarri berri da lurraldean, Turkia erasoaldi berri bat abiatzekoa delako, NATOren onespenarekin.
PKK, Kurdistango Langileen Alderdia da askapen mugimenduaren erreferentzia ideologikoa. Bere militanteak koadro politikoak dira, eta aipagarria da borrokarekiko duten dedikazioa. Alderdira batzean uko egiten diote jabetza pribatuari eta harreman sexu-afektiboei, eta bizitza mendietan gerrilla borrokan edo gizartearen dinamizazioan ematen dute. PKKko milaka koadro politiko daude mundu osoan zehar, eta urte gutxitako bizitza laburra izan ohi dute. Beren lana eta ikuspegia zein Rojavako prozesua ezagutu nahian elkarrizketatu dugu, Kurdistan hegoaldeko Bashur hiriran, 22 urteko Ronahi Kurdistane PKKko koadroa.