argia.eus
INPRIMATU
Lasai ederrean egotearen ederra
Xalba Ramirez @xalbaram 2022ko uztailaren 20a
Lasai Ederrean | Adrian Perez | Balio dute, 2022

Searching for sugar man bezalako istoriorik ez du emango Euskal Herriak. Gutxitu eta gutxietsiak, zer egingo diogu. Baina herri txiki –eta infernu handi– honek eman ditu hainbat mito, itzaletatik agertu eta itzaletara itzultzen direnak.

1980ko hamarkadan eduki zuen bere bataio musikala Adrian Perez donostiarrak, Mogollon taldearekin. Talde horren sortzaileetako bat izan zen eta Donosti Sound zigilua osatu zuten garaiko beste hainbat talderekin batera. Baina ezaguna Mal de ojo runba taldearekin handik eta hemendik ibiltzeagatik egin zen.

Sugar man-en dardara bertsuekin zabaltzen du Adrian Perezek bere lehen bakarkako diskoa. Esaidazu-k badu kantugintzaren ezkutuko DNA horren sekretua. Nik ez dakit sekretu hori zein den, baina erraz identifikatzen da. Esaidazu entzutean, ez dakizu lehen aldia den ala kanta betidanik ezagutzen duzun, zure nerabezaroan oihu ozenez abesten ote zenuen edo ez.

Sixto Rodriguezekin egindako alderaketa estutik aldenduta, badu lanak melankoliatik, baina lan alai bat da –Ezin dugu gutxiago eskatu garaiotan, ezta?–. Bizitzaren kantua eta sample bat dirudien ahots urrun hori. Hemengo dardara ilunek lepoa jartzen dute dantzan.

Herioaren itzala kantaren errepika izan daiteke diskoaren esentzia harrapatzen duena. Nota gutxi batzuekin gai da kanta lekuz mugitu, eta gogoan melodia ederra uzteko, eta herioaren eta lasaitasunaren zapore gazi-gozoa.

Lana egiteko Adrian Perezek bere ilobaren laguntza izan du: Unai Pelayo egiatarrarena. Eta Pelayok bere inkondizionalena: Elena Ramirez, Andoni Olaetxea, Telmo Trenor eta Iker Vazquez. Ramirezek, beti bezala, eman dio ukitu magiko hori, beste inon topatuko ez duzun ukitua. Ahotsetan entzun dut lehen aldiz, duoan abestuz. Mal de ojo-ren kantuaren bertsioan, Ramirezek melodia originala abesten du, eta Perezen ondoan, apurtu berri den maitasun istorioaz ari dira. Erritmo eta melodia ezberdinak batzeak zirrara pizten dit, Ramirez apurketaren ondoan axolagabe azalduko balitz bezala, Perezez paso egiten.

Alaitasunetik eta lasaitasunetik edan du lan honek. Eta emaitza hori da. 20 urteren ostean itzultzen den kantugileak zertarako izango ote du presarik? Etxean grabatu eta etxean landu. Bitxia da, denborak aurrera egin ahala, gero eta gertuago aritu, gero eta urrunago ailegatzen baitzara. “Eta itxaropenak gaur goizean bere buruaz beste egin du bazter baten”.