argia.eus
INPRIMATU
Kalean otso, etxean…?
Axier Lopez @axierL 2022ko uztailaren 20a
Argazkia: Jim Lo Scalzo - Getty Images

Presidente bat [Trump] prest badago, gezurren eta engainuen bidez, bere jarraitzaileak gerra zibilera bultzatzeko, horrek dakarren giza kostua kontuan hartu gabe, zer gehiago egin lezake bera berriro [presidente] aukeratzen badute?”, adierazi du Jason Van Tatenhovek 2021eko urtarrilaren 6an AEBetako Kapitolioari egindako erasoa ikertzen ari den batzordearen aurrean. Van Tatenhove, The Oath Keepers-eko kide eta bozeramaile ohia da, zibil armatuz osatutako eskuin muturreko talde supremazista bat. Izan ere, azken asteotan jakitera eman dute Trump eskuin muturreko taldeekin harremanetan jarri zela erasoaren aurreko egunetan.

Donald Trumpen gobernuko Segurtasun Nazionaleko aholkulari ohi John Boltonek iradoki du presidente ohiak ez zuela behar besteko gaitasunik kontu handiz planifikatutako estatu kolpe bat gauzatzeko.Gaineratu duenez, kapitolioaren kontrako erasoa "ez zen gure demokraziaren aurkako erasoa izan. Berak bandaloak askatu zituen Kapitolioan, ez dago zalantzarik, baina ez Konstituzioa boteretik kentzeko, berarentzat denbora erosteko baizik".

Halere, horiek ez dira izan zalaparta eragin duten adierazpenak. AEBek beste nazio batzuetako herritarren bizitzetan etengabe egindako esku-sartzea salatzen dutenei arrazoia eman die Boltonek: “Estatu kolpeak planifikatzen lagundu duen norbait izanik, ez hemen, baizik eta beste leku batzuetan, badakit lan asko egin behar dela”. Boltonek Segurtasun Nazionaleko aholkulari gisa jardun zuen 2018 eta 2019 artean, harik eta Trumpek kargutik kendu arte. Bolton ezaguna da sionismoaren aldeko bere jarrerengatik, baina bereziki Saddam Hussein boteretik kentzeko Irakeko 2003ko gerraren sortzaileetako bat izan zelako, suntsipen handiko armen gezurra haizatu zuenetako bat izan baitzen. George W. Bushen agintaldian NBEn enbaxadore ere izan zen 2005etik 2006ra.

2019ko Venezuelako krisi politikoa zehazki aipatu du Boltonek, oraindik Segurtasun Nazionaleko aholkulari zela gertatutakoa. Urte horietan AEBetako gobernua izan zen Juan Guaidóren figuraren sortzaile eta sustatzaile nagusia. AEBek emandako nazioarteko babesari esker, Guaidók bere burua aldarrikatu zuen Venezuelako presidente gisa, hautestontzietatik igaro gabe. Herritarrek aukeratutako Venezuelako gobernuaren aurkako kolpe horrek porrot egin zuela onartu du Boltonek elkarrizketan.

AEBek historia luzea dute demokratikoki aukeratutako gobernuen aurka laguntza militarra ematen, finantzatzen, antolatzen eta estatu-kolpeak aktiboki sustatzen. Eta beharbada, kolpeak antolatzen dituen herrialde batek ez luke hainbeste harritu behar hori bera etxean bertan gertatu denean.