argia.eus
INPRIMATU
Indar fisikoa
Ainhoa Azurmendi Echegaray @AinhoaAtxur 2022ko uztailaren 20a

Sare sozialetan emakume batek adierazi du zer pentsatua ematen duela Sanferminetako txupinazoan gizon baino askoz emakume gutxiago ikusteak. Espazio publikoaren okupazioaz hausnartzera gonbidatzen zuen mezuak, nola ez, hamaika gizon jantziren erantzun zurrunak jaso ditu, tartean, indar fisikoa hizpide. Antza, jende andana pilatzen duen jaien hasierako ekitaldian edo entzierroan emakumeak ez egotearen arrazoia indarra da.

Txakurra zahartzen ari da, eta atletismoko jaurtitzailea zen lagunak (emakumea) badaki makila ur ertzetik gertu botatzen ez badio, txakurra ez dela bila joango. Mutil ezezagun hura gerturatu zitzaion ia hark bota zezan nahi zuen, urrutirago botatzeko ahalmena baitzuen.

Gimnasioan, halterofiliako entrenamenduan, bi mutilek haien ariketak bukatu zain zegoen emakumea, pisua hartu eta altxatzen hasteko. Amaitu zutenean, pisua kentzeko laguntza behar zuen galdetu zioten; neskak berriz, beroketa egiteko pisu gehiago jarri behar zuela erantzun.

"Jai dugu XXI. mendean hainbat eremutan emakume gutxiago egoteko arrazoiak historia aurreko argudioekin azaltzen jarraitzen badugu"

Ospitalean ingresatuta dauden gaixoak alde batetik bestera eramaten lan egiten duen emakume kirolari bati haren lankide gizonarengatik lehentasuna adierazi zion pazienteak, bera ez zelakoan gai izango.

Etxeko atarian gurpildun aulkian dagoen bizilaguna topatu nuen haren zaintzailearekin. Igogailua ez zebilen eta ezin zen etxera igo. Laguntzeko geratu nintzen eta justu bizilagun bat agertu zen, mutil gazteago bat. Bion artean altxatzeko modua adostu baino lehen, Urliari (beste bizilagun bat, mutila) deituko ote genion galdetu zidan. Hark ez zekien idazten duen honek aitaren zainketan zuen esperientzia, ezta bizitzan zehar kirolaren bitartez garatutako indarra zer nolakoa den.

Kasu horietan guztietan, historikoki emakumeak diskriminatzeko erabili den argudio nagusia –gaitasun fisikoa– azaleratzeaz gain, matxismoaren sustraietan errotuta dauden aurreiritziak aurkitzen dira. Azken batean, emakume eta gizonen gorputza, gizarteko rolen sexu banaketaren oinarri gisa, sistema produktiboa eta erreproduktiboaren bereizketaren funtsa da. Beste modu batean esanda, espazio pribatu eta publikoan emakume eta gizonei egotzi zaizkien betekizunen zimendua.

Beraz, jai dugu XXI. mendean hainbat eremutan emakume gutxiago egoteko arrazoiak historia aurreko argudioekin azaltzen eta horien arabera jokatzen jarraitzen badugu.