argia.eus
INPRIMATU
Aritmetika arazoak
Mikel Otero Gabirondo @otero_mikel 2022ko uztailaren 20a

Amaia Zubiriaren lekukoa hartuz, merezimendu osoz jaso zuen duela gutxi Joseba Tapia trikitilariak Donostiako Udalaren Adarra saria, euskal kulturari bizitza osoko ekarpena egin ostean. Trukean, kantu batzuk oparitu zizkigun. Hainbat plazatan kantu horiekin gorputza astindu izan eta gero, nekez lortu genuen ipurdia Victoria Eugeniako eserlekuei itsatsita mantentzea. Gozatu ederra. Etxerako bidean, ordea, kanta bat garunean iltzatu zitzaidan, begiztan; Aritmetika arazoak. Buruan, letra bueltaka: “Zenbat arazo ditu gaur Euskal Herriak? Asko xamar oraindik, balitu erdiak!”.

"Guztiontzako gutxiengoak bermatuko dituen aberastasun banaketa erradikal baterako ofentsiba politikoa antolatzea dagokigu"

Hurrengo egunetan, kanta burutik kendu ezinik, nire eguneroko lan, kezka eta obsesioekin nahastu zitzaizkidan “Aritmetika arazoak”. Adierazle apur batzuk begiratuz gero, arazo aritmetiko potoloak ageri zaizkigu gurean. Energiaren esparruan, berriztagarriak ahoan, baina Hego Euskal Herrian ez dira %15era iristen (ehuneko bakoitza igotzeko ehunka MW instalatu beharko genituzke) eta energiaren %85a kanpotik dator. Elikagaiei begiratuz gero, subiranotasuna jomugan, baino gure plateretara iristen direnak, bataz beste, 3.000 km egiten dituzte. Ekonomia zirkularra ere hizpide, baino gure ekoizpen makineriak, urtero, planetatik hartutako 80 milioi tona material berri behar ditu, %70 kanpokoak. Horietatik, urtero 20 milioi tona baino gehiago atmosferara bidaltzen ditugu (gure ekoizpen nagusia, pisuan, CO2a da) eta 2 milioi tona baino gehiago zabortegietara botatzen ditugu.

Gure aztarna ekologikoak ongi laburbiltzen ditu datu kezkagarri horiek; hau da, gure ongizate eredua eta kontsumo maila mundu mailan hedatuko balitz, bi planeta eta erdi baino gehiago beharko genituzke. Eta, noski, bakarra dago. Orain arte, besteei dagozkien baliabideak erabiliz egin dugu gure bidea. Beste herrialdeei eta datozen belaunaldiei dagozkienak, hain zuzen.

Finean, Euskal Herri iraunkorra nahi eta behar bai, baino iraunkortasunaren aritmetikatik urrun gaude. Jarduera humanoak, oro har, planetaren muga biofisikoekin talka egin eta sorturiko anabasa ekologikoaren lehen trumoi hotsak sentitzen hasi garen honetan, gure metabolismo sozioekonomikoaren dimentsio material erraldoiari premiaz erreparatu beharrean gaude, baliabide gutxiagoko mundu baterantz goaz eta. Ortzi mugan ageri den militarismo harraparian ez badugu murgildu nahi, muga ekologikoetara (ber)egokitzea dagokigu. Horretarako, guztiontzako gutxiengoak bermatuko dituen aberastasun banaketa erradikal baterako ofentsiba politikoa antolatzea dagokigu, beti ere argi izanik baliabideen xahuketa garaia amaitu dela. Bi hitzetan, austerizidioaren aurkako austeritate berri bat. Nahi bada, deitu aritmetika ekologikoa.