Aulus Gelliusek erromatar inperioaren garaian idatzitako obra batean agertzen da lehen aldiz "proletarii" hitza: ondasunik ez zuten jendeek euren seme-alabak erregistratzen zituzten, erromatar jendarteko klase sozial baxuena osatuz. Hortik aurrera, proletario hitzak bere ibilbidea egin zuen.
Erroma, K.o. II. mendea. Aulus Gellius abokatu eta idazleak Atikako gauak obra osatu zuen Marko Aurelioren agintaldian. Idazlearen obra ezagun bakarra da eta bertan jaso zituen inguruan entzuten zituen eta liburuetan irakurtzen zituen orotariko kontuak: historia, geometria, gramatika, filosofia… Horri esker galdutako hainbat obra eta dokumenturen berri iritsi zaigu.
Lan horretan behin baino gehiagotan agertzen da proletarii hitza: Hamabi Taulen Legeari erreferentzia egiten dionean agertzen da, adibidez, eta metaforikoki ere erabiltzen du goi mailako idazleez ari denean, behe mailakoak deskribatzeko. Izan ere, proletarius hitza proles-etik dator –leinua edo ondorengoak, latinez– eta “haurrak egiten edo zaintzen dituena” esan nahi du.
Terminoa Errepublika garaian sortu arren, Erromatar Inperioan hartu zuen indarra. Inolako ondasunik ez zeukaten herritarrek erroldan seme-alabak erregistratzen zituzten eta, hala, proletarioek erromatar gizarteko seigarren taldea, klaserik baxuena osatzen zuten, eta haien ekarpen bakarra erromatar armadarako soldaduak ekoiztea zen.
Gizarte postindustrialean, proletarioak beste termino batzuekin bat egin du: egungo proletarioak “kognitarioak” dira maiz, ezagutza besterik ez dutenak, ezagutza baita merkatu berrien lan indarra
Erdi Aroan erabiltzeari utzi arren, XVI. mendeko Ingalaterran agertu zen, berriro klaserik baxuena izendatzeko. Eta Frantziako Iraultzan ñabardura berriak erantsi zizkioten: proletarioak eskubiderik gabeko langileak ziren, baina beren egoeraren kontzientzia zutenak. XIX. mende hasieran, Henry de Saint Simon-entzat jabetzarik gabeko masa ziren, eta Louis A. Blanqui-k kapitalisten antagonistatzat jo zituen. Jakina, urte batzuk geroago, Friedrich Engels eta Karl Marxek nabarmendu zuten antagonismo hori. Manifestu komunista-n proletariotza ekoizpen bitartekoen jabetzarik ez duen klase soziala da, bere lan indarra besterik ez duena.
Hala ere, jatorri etimologikoa ez zuen galdu terminoak; estatu proletarioan, emakumeek beren gorputzaren eta ugalketaren kontrola izango zuten. Leninek berak, esaterako, Urriko Iraultza baino lehen ere, abortuaren aldeko aldarria egin zuen, eta 1920an Sobietar Batasuna izan zen abortua legalizatzen lehena.
Gizarte postindustrialean, proletarioak beste termino batzuekin bat egin du: egungo proletarioak “kognitarioak” dira maiz, ezagutza besterik ez dutenak, ezagutza baita merkatu berrien lan indarra. Edo “prekario” hitza ere proletarioaren sinonimo bihurtu da, lan segurtasunik eta eskubiderik eza medio.
Baina proletariotzaren zentzu erromatarra indar betean da. Berriki AEBko Auzitegi Gorenak ahalbidetuta, hainbat estatuk atzera abortua debekatzea eta zigortzea erabaki dute. Beste ondasunik ez duten emakumeak ekoizpen bitarteko hutsak dira, XXI. mendeko inperioen legioak elikatzeko erabiltzen direnak.