argia.eus
INPRIMATU
Mugak eta sistemak
IƱaki Barcena 2022ko uztailaren 14a

Duela 50 urte, 1972an, Massachusets Institute of Technology-ko 17 zientzialarik Hazkundearen mugak izeneko txostena prestatu zuten Erromako Klubaren enkarguz. Txostenaren ondorioa honako hau izan zen: munduko populazioaren garaiko hazkundea, industrializazioa, kutsadura, elikagaien ekoizpena eta baliabide naturalen ustiapena aldaketarik gabe mantenduz gero, Lurraren hazkundearen muga absolutuetara iritsiko zen mende batean, 2070ean. Argitaratzean kritika gogorrak jaso zituen zientzialari zein hedabideen aldetik. Oso sinplea eta malthusiarra zela leporatu zioten. Aldiz, gaurko krisi ekosozialaren mugarri zientifiko ukaezin bihurtu zaigu.

Ikerketa, World3 programaren simulazio informatikoa zen. Eta tesi nagusia, “planeta handi baina mugatu batean, hazkunde esponentzialeko dinamikak (biztanleria eta produkzioa) ez direla iraunkorrak, jasangarriak ere ez”. Hots, planetak mugak jartzen dizkio hazkundeari, baliabide mineralak berriztaezinak dira, lur langarriak finituak, eta ekosistemak giza zereginaren ondoriozko kutsadura xurgatzeko duen gaitasuna mugatua da ere. Entropia eta exergiaren legeak onar ditzagun.

"Sistemetan pentsatzea konponbide proaktibo eta eraginkorrak aurkitzeko lehen urratsa dugu"

Donella Meadows ingurumen-zientzialaria izan zen Hazkundearen mugak txostenaren zuzendaria, eta bere heriotzara arte (2001ean) gure zibilizazioaren etengabeko hazkundearen mitoa borrokatu zuen. Emakume hori Thinking in Systems (Sistemetan Pentsatzen) liburuaren egilea da. Idazkiak XXI. mendeko bizitzarako funtsezkotzat jotzen diren pentsamendu sistemikoaren trebetasunak nola garatu erakusten digu.  

Munduak dituen arazo nagusiak —gerrak, gosea, pobrezia eta ingurumen-degradazioa— sistemaren akatsak dira funtsean. Ez dira linealak. Ezin dira konpondu pieza bat besteengandik isolatuz. Ez dira sinpleak. Gero eta konplexuagoa den planeta batean bizi gara, gainezka eta beteta dagoena eta sistemetan pentsatzea konponbide proaktibo eta eraginkorrak aurkitzeko lehen urratsa dugu, Meadowsen aburuz.

Sistema konplexuak alde batera uzteak erantzukizunak saihestea ahalbidetzen du. Jorge Riechman eta enparauek diotenez, geure burua ispiluan ikusten ez dugun bitartean, gure errealitatea sistema artifizial gehiago eta gehiagorekin eraikitzen da, alderdien arteko deskonexioa behartuz, erregulazio politikoari eta kontrol sozialari oztopoak jarriz eta bizitza duinak ukatuz. Hori da, emakume zientzialari horrengandik ikasi duguna.

(Melillako mugan eraildakoak gogoratuz).