Amestu dut hirietako zonalde periurbanoa hiriaren bor-bor gune bat zela, aktibitatez eta jendez gainezka. Hiria elikatuko duten ortuekin batera, hiriak beharrezkoak dituen orotariko azpiegiturak bertan kokatzen ziren. Hirian sortzen diren elektronika gailuen berreskurapenerako lantegiak zeuden bertan, egun eskasian dauden metal eta baliabide askoren eskurapen lekua. Hiriaren meategiak bailiran, non bata zuriko pertsona askoren esfortzua bideraturik zegoen botatzen diren gailu eta objektuak berreskuratzera, piezak eta elementuak izpitzen banan-banan, material bakoitzari dedikazioa emanez. Ametsean hirigintza gogoetarik egiteko paradarik ez nuen arren, pentsa daiteke periurbanoan lanpostu asko sortzeko aukerarekin batera, akaso hiritar askoren lanpostu leku bilakatzean, autoaren beharra zeharo murrizteko aukera zabalduko zela, periurbanoaren biziberritzeak hiriaren funtzionamenduan eragin positiboa ekarriz.
Ametsean arreta eman zidan, aktibitate eta jendetzaren joan-etorriez gain, lekuaren edertasunak; igarotzeko atsegina eta arkitektura adibide onek janzten zituztela azpiegitura eta lantokien eraikin eta inguruneak. Periurbano zaindu baten itxurak egiten zuen ametsa sinestezin, errealitatetik urruti.
Periurbanoa da hirien zentroa inguratzen duen lurralde zatia, hiriaren zerbitzura dagoen lur eremua. Baina ezinbestekoa izanagatik, ez du hiriaren begirunerik gordetzen, eta ez du hiriak hain gogoko duen antolaketa eta irudi zainduarekin zerikusirik. Hiriaren B aldea da, “beste hori”, hiriaren lurrazpiaren antzera, baina denon begietara ikusgai. Asko inporta duten eginkizunak burutzen dira bertan, elektrizitate zentralak, orotariko biltegiak hiria produktuz eta elikaduraz hornitzeko, ur araztegia, hondakinen bilketak… Eta seguraski hiriak behar izango dituen etorkizuneko industria, elikadura eta energia kudeatzeko leku estrategiko bilakatuko da berradiskidetze prozesuan. Trantsizio energetikorako leku bat amestu dut.