argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Harridura-markak
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2022ko uztailaren 13a

Hitz egiten entzun didanak badaki: apal aritzeko joera daukat, baxu, entzungaitz. Bizitzan gehien egin didaten galdera izango da, segur aski, “zer?”. Edo, “barkatu, zer esan duzu?”. Ez da nahitara egiten dudan gauza bat: naturak batzuei ahots tirrinta azkarra eskaini die, hogei mila legoatara entzuteko modukoa –edo, are okerrago, jatetxeko ondoko mahaietatik, elkarrizketa osorik irentsi behar izateraino–; beste batzuok, ordea, ahots hari fin batekin konformatu behar gara, eta esandakoa maiz samar errepikatzearekin.

Horregatik, asko harritu nintzen, behin, niri egindako elkarrizketa bat –ez dizkidate asko-asko egin, erraza da aurkitzen– harridura-markaz josia aurkitu nuenean –eta nigan sobera ohikoak ez diren “kar-kar” mordo batekin–. Minimoki ezagutzen nauen inork badaki hori ezinezkoa dela, elkarrizketatzailearen imajinazioaren emaitza izan behar zela –gaitz erdi hitz edo esaldirik maiuskulaz jarri ez zidanean–. Nire bizitzako egun handienetan ere –seme-alabak jaio zirenean, Real Union bigarren mailara igo zenean– gehienez pare bat harridura-marka erabiliko nituela kalkulatzen dut. Eta ez dut deskartatzen elkarrizketa hura txispatuta egin izana –egia esan, ez dut gogoratzen–; baina gehiegizkoa litzateke marka kopurua, halere.

Apal aritzeko joera daukat, beraz, are apalki, bizitzaren aurreko jarrera bat da. Idazten ere hala aritu nahi nuke, umil, ez dogmatiko, zalantzakor; naizen bezala, alegia. Harridura-marka izango zait, hartara, puntuazio-marken artean antipatikoena. Zutabe hauetan, luze gabe, zortzi zenbatu ditut, 223.677 karakteretatik (tarterik gabe) –pentsa, Baudelaireri eskainitako zutabe batean bakarrik zazpi zeuden–. Zarata gehiegi dago jada munduan, bazter-txoko honetatik ere oihuka aritzeko. Baten batek gerturatu nahiko balu lerro hauetara, hori bai, xumeki izango da ongi etorria.