argia.eus
INPRIMATU
Ez dute inor lapurreta egitera gonbidatuko
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2022ko uztailaren 15a
Zarata | Perlata & The Dillingers | Autoekoizpena, 2022

Arrasateko Perlata taldea ez da, bada, ia inorekin ezkontzekoa. Haien bide propioa egiten dihardute 2015etik, inguruan zer egiten den begiratuta bai, baina norabide eta erritmo propioan, eta ez lasaian, hain justu. Disko eta kilometro dezente daramate bizkarrean. Harritu nau, baina antza Oibarreko (Nafarroa) The Dillingers banku lapurren trenak haien arreta piztu, eta animatu dira elkarrekin ikatza bota eta bankuaren kontra egitera.

The Dillingers proiektua arrasatearrena baino gazteagoa da; hala ere, dagoeneko badute 2020an kaleratutako disko bat, eta indartsu datoz kontzertuetan. Emango dute egurra!

Honako diskoan launa kantu grabatu dituzte, eta bederatzigarrena, Rock-and-roll herido deritzona, elkarrekin egin dute.

Perlataren kantutegiarekin hasita, Gurea zen-ek rocka eta punka bietatik dauka eta baita tempo erdi zein azkarragoak, beti erraietatik, baina orain arte baino ñabardura gehiagorekin. Konplize amorratuagoa eta sendoagoa da, erritmo pisutsu eta rapeatuak (!) ere batzen dituena; ederra. Eta gaztelaniarekin ostia-txarra areagotuz doa Las barreras kantu erraldoian, abiadura, koru punk zainduak eta gitarra zein erritmo gogorragoak dituena. Bukatzeko, piano soinuak irekitzen duen Respirar sasi-balada batu dute. Hori guztia eta gehiago dira Perlata, sailkaezinak, amorratuak eta era berean sentikorrak; izan ere, beti-beti erraietatik ateratzen dute abestu beharrekoa.

The Dillingers taldea ezezaguna zen niretzat eta sorpresa hartu dut. La diligencia da rock-and-roll punkarra, erritmo bizikoa, jai-girokoa eta lelOi!ak dituena. Ratas 80ko hamarkadarekin bete-betean lotzen gaituen punk-rock ilun eta indartsua. La ruina punk-rock-and-roll bizi-bizia, hit!-a; eta Vía Irati haien jatorria aldarrikatzeko punk-rock melodiko pieza borobila.

Eta, esan bezala, diskoari akabera ematen dion Rock-and-roll herido sasoi bateko MCDk bezala oso gutxik idatzi izan duten tamainako punk-rock-and-roll itsaskorra musikan eta malenkonikoa hitzetan.