argia.eus
INPRIMATU
Agroindustriaren eta bere mega-bassine edo uraska erraldoien aurkako mugimendua zabalduz eta gogortuz doa Frantzian
  • Lurzoruan, erreketan eta euri uharretan pilaturiko urak laborantza intentsiboko bakar batzuei bideratzeko makroproiektuak dira uraska erraldoiak. Bakar batzuk daude martxan, beste andana dago bidean eta guztira milako bat izanen dira hemendik gutxira Frantziako landa eremuetan barna. Horrelakorik ez dute nahi, ez laborantza herrikoian dabiltzanek, ez inguruko herritar anitzek, ezta ekologistek ere; eta aurkako mugimendu zabala loratzen ari da azken hilabeteetan. Urrats bat gehiago emanik, desobedientzia eta ekintza zuzena bideratzen hasi dira, baimenik gabe eta poliziari aurre eginez, azpiegiturak desmuntatuz.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko uztailaren 21a

Abisua emana dute alde guztietatik: idortea pairatuko dugu uda honetan. Lurpeko urmaelak usaian baino hein apalagoan dira, eta hein kezkagarrian, egia erran. Udazken eta neguan bete ohi dira erreserbak –urritik aitzina otsaila arte– eta Frantzia mailan, demagun, ohiko heinaren %70 bete da azken honetan.

Testuinguru horretan berotzen ari da giroa Frantziako hainbat landa eremutan, auzi gatazkatsu bihurtuz mega-bassine edo uraska-erraldoien egitasmoak. Monokulturak ureztatzea bermatzeko ur-erreserba erraldoi artifizialak dira horiek. Hamabost bat metroko barnatasuna eta zortzi eta hemezortzi hektarea arteko zabalera duten eremu plastifikatuak dira –hamar futbol zelairen heina–, funtziotzat dutelarik urtean zehar bertan metatzea ura, ondotik, udan pentzeak ureztatu ahal izateko. Ofizialki, pilaturiko euria biltzeko da, baina azkenean, lurpeko eta erreketako ura izaten da bertaratua gehienbat, ur-ponpa sistemen bidez.

Conféderation Paysanne nekazarien sindikatua –Euskal Herriko ELB honen parte da–, Lurraren Aldeko Altxamendua deitu herri mugimendua eta Bassines non merci (Uraskak, ez eskerrik asko) kolektiboa dira borroka honen lehen lerroan, eta egunez egun zabalduz eta lodituz doan mugimendua. Adibidez, 7.000 lagun batu ziren martxo hondarrean Deux-Sèvres departamenduko Rochenard herrixkan. Gas negargarrien artetik pasaz, polizien hesia gainditu eta ur-ponpa bat desmuntatuz obrak oztopatzea lortu zuten.

Aktibistek hasieratik argi dute auzia ez dela laborarien arteko gerla bat: “Hasieratik argi utzi dugu borroka hau ez dela ‘laborari on’ eta ‘laborari txar’-en artekoa, agroindustria da jomugan daukaguna. Aitzineko protestan interpelaturiko pertsona ez da inoiz bere pentzeetan, 1.200 hektarea eta 20 konpainien jabe da”, dio Lurraren Aldeko Altxamendua kolektiboko Lenak La relève et la peste komunikabideari.

Agroindustriaren mesedetara, orotara milako bat mega-bassine dituzte eraikitzekoak Frantzian barna. Ez da guti. Horregatik dute mobilizazioa hozka bat gorago kokatu: erantzuna sistematizatu dute, eta aldi oro, obrak oztopatzeko helburuarekin juntatuko dira obren gunean –bidean direnak gauzatuz gero, ondotik etorriko direnek bidea irekirik luketeelako–.

“Urak lurzoruan edo erreketan egon behar du. Uraren gestio on bat bermatzeko, ahal den guztia egin behar da ura lurzoruan geldi dadin”
Christian Amblard

Ondokoa irakurri daiteke 40 bat egiturek izenpeturiko manifestuan: "Eraikuntza-lan bat hasiz gero, hortik hiru astetara elkartzeko deia luzatzen dizuegu, inoiz baino gehiago batzeko deia luzatzen dizuegu, manifestazioa egin eta obrak geldiarazteko. Behar bezain beste geratuko gara eta behar den aldi oro itzuliko gara". Estrategia honek badu izena: desobedientzia zibila eta ekintza zuzena, edo sabotajea ere bai... eta azpimagarria da daukan sostengu zabala. Izenpetzaileen artean dira sindikatuak, alderdi politikoak, elkarte ekologistak, anarkistak eta bestelako herritar kolektiboak. Frantziako Estatuari eskatzen dabiltzan motarioa ez datorrenez, desobedituz geldiarazteko determinazioarekin dabiltza.

Aterabidea baino gehiago, egoera okertzeko egitasmoa

Ekologikoki, “zentzugabetzat” dituzte mega-bassine horiek. Ondokoa azaltzen du Radio France irratian sistema hidrobiologikoetan aditua den Christian Amblard ikerlariak: “Ez dauka zentzurik gainazalean biltegien eraikitzeak. Bilduriko urak lurzoruan edo erreketetan egon behar luke. (...) Uraren gestio on bat bermatzeko, ahal den guztia egin behar da ura lurzoruan geldi dadin”. Aditu honek dio lurrinketaren eraginez “%20 eta %60” galtzen dela. Hots, idorteari aurre egiteko bide izan beharrean, arazoa areagotzen dute.

Gainera, politikoa den gogoeta ere dakar borrokak: guztiena behar lukeen komuna bat pribatizatzeko bideak dira megaproiektu horiek. Confédération Paysanne sindikatuko bozeramaile Nicolas Girodek argi utzi nahi du ez direla ureztatzearen aurka, baina bai uraren metatze horren kontra: “Guztiona den ondasun baten pribatizazioa daukagu hor. Mega-bassine horien aurka gara, laborantza eredu bakar baten mesedetara direlako, laborantza intentsiboarentzat”. Gaur egun, bakar batzuk dute metaturiko ur horren erabilpena. Adibidez, Deux-Sèvres departamenduko hamazazpi egitasmoak bakarrik 220 etxalderentzat liratezke –orotara 5.371 baserri direlarik eremu horretan–. Zer erranik ez, desagerrarazten dituzten ehunka eta ehunka lur hektareei buruz.

Urarekin zer egin, taldean eta kolektiboki erabaki behar dela dio, zehaztuz elikadura burujabetzaren zentzura doazen aktibitateak behar direla lagundu. Girodek ez du onartzen mega-bassine-n aldekoen argumentazioa, azkenik, Ukrainako Gerrak eragindako elikadura eskasiari aurre egiteko bidea dela dioena. “Badu 70 urte diskurtso berarekin direla. Elikadura burujabetzaz ari dira orain, baina atzealdean logika bera da: transgenikoak behar dituzte, animaledun irinak, diru publikoa, uraren metatze erraldoiak, guztia omen gosetearekin bukatzeko. Baina badu urteak sufrikarioan diren herriak daudela eta laborantza industrialak ez du arazoa konpontzen. Erronka ez da gehiago ekoiztea, baizik eta guztiontzako eskuragarritasuna”.

Estatuak diruztaturiko eredua

Megaproiektu horiek estatuak sostengaturikoak dira, gastuen %70 diru publikoz ordaindua izanik. Hori horrela, gutxiengo bat eta laborantza eredu konkretu bat diruztatzen du estatuak, beste behin: eredu intentsibo eta industriala. Ordainez, produktu fitosanitarioen erabilpena gutitzeko gogoeta abiatzea edota hesiak landatzea jarria dute. “Gogoeta... benetako green-washing-an gara... ‘gogoetatzearen’ baldintzak guztia islatzen du...”, Bassines non merci kolektiboaren iduriz.

Diotenez, klima larrialdiari aurre egiteko bideak dira megaproiektu horiek. Arazoa da monokulturan ekoizturiko landareek sekulako ur kantitateak eskatzen dituztela –adibiderik argiena dugu artoarena–, eta benetan idorteari edota klima aldaketari aurre egiteko, ekoizpen ereduaz gain, ekoizpenak ere aldatu beharko lituzketela, bioaniztasun gehiago bermatuz gainera. Laborantza ministerioaren argudioa izan ohi da “urik gabe ez dagoela nekazaritzarik”; baina, oroitarazi behar da ekoizpenen %95 aurrera doala ureztatze sistemarik gabe, hau da, soilik euriteei esker.

“Guztiona den ondasun baten pribatizazioa daukagu. Laborantza eredu bakar baten mesedetara dira mega-bassine horiek, eredu intentsiboarentzat”
Nicolas Girod

Ekintza zuzenaz gain, justiziaren bidea eta Europako instituzioen esparrua ere baliatzen dituzte aurkariek. Demagun, Europako Batzordera jo du Bassines non merci kolektiboak, honen arabera, bederatzi zuzentarau direlako zangopilaturik. “Uraren babesaz kezkatuta” eskaera serioski hartzen duela erantzun die Europako Batzordeak, Frantziako Estatuari ondoko betekizunak luzatuz: lurpeko uren kontrola hobetzea, proiektu horien kostu finantzario eta ekologikoa “gardentasunez ” aurkeztea eta “uren gehiegizko metaketen” aurkako neurriak bideratzea. Dei Auzitegi batek ere berretsi egin du hainbat uraska erraldoien ilegalitatea. “Bataila juridiko horiek eraman beharrekoak dira, baina tamalez, gehienetan, epaiak berantegi datoz eta obra potolo batzuk jadanik abiaturik dira”, Julien Le Guetek aktibistaren hitzetan.

Badirudi geroz eta traba gehiago dituela agroindustriak, eta horrek dakar hastapenean ondoan zituen elkarte geroz eta gehiago ari direla ateratzen egitasmoak kudeatzen dabiltzan batzar administratiboetatik. Bai, mugimendua puztuz doa eta badirudi Frantziako Gobernuak ez duela neurtzen parean daukan potentziala. Abisua emana du Bassines non merci mugimenduak: “Horrela segituz, Larzac-eko edo Notre-Dame-des-Landes-en eramandako borroken bidera gehituko zaio mega-bassine-ena”.