argia.eus
INPRIMATU
Eta Sagardui zuzen balego?
Sonia González @sonetska 2022ko uztailaren 11

Bai, Sagardui anderea, nik ere ikusi dut zelan egin duen mundu guztiak zure kontra. Nork esango zukeen? Eufemismo ona zen. Kontu handiz bilatua, seguru. “Kultura” berba ez da inondik inora erasotzailea; areago, sinpatia sortzen du hitz hori entzute hutsak!

Zurekin nago. Kultura aldaketa premiazkoa daukagu (aspalditik). Sei gako emango dizkizut. Zuri, zeuk atera zenuelako gaia, baina edozein erakundetan aplikatzekoak lirateke, bertokoetan zein haragokoetan, udaletatik estatuz gaindiko erakundeetara, agintean edonor dagoela. Sei apunte, osatu beharrekoak, karaktere kopuruaren tiraniak ez baitit horretarako tarterik utziko:

Res publikoaren kultura berreskuratu: zerbait publikoa bada, horrek ez du esan nahi inorena ez denik (Carmen Calvok esan bezala). Jabea izan, badauka, eta ez zarete zuek. Halere, ondasun eta zerbitzu publikoen jabeak geu izanik ere, eskale hutsak bagina bezala hartzen gaituzue, jauntxoen estilora, funtzionario hutsak zaretela ahaztuta.

"Dimisioa ematen duzunean, eskatu komunikazioaz arduratzen den morroiarena ere bai. Ez bazara hurrengo egunean zerbait defendatzeko gai, ez bota"

Erabakiak, norentzat: hartzen dituzuen erabakien gainetik zaudetela uste duzue. Eta hala da. Jakin badakizue zuei ez dizuetela eragingo. Horregatik Azkunak, Osakidetzako buru zela, sektore pribatuarekin trikimainetan ibili ondoren, Houstonera egin zuen minbizia osatzeko. IMQk omenaldi sentitua egin zion. Bien bitartean, berdin da Nafarroa urtez urte kiskaltzen bada. Basoetako suteek beste batzuen etxea, ogibidea, ingurunea… jotzen dituzte eta.

Erabakiak, zelan hartu: sekretu bat kontatuko dizuet; norbaitek baldin badaki zerk egiten duen huts eta zer hobetu behar den zerbitzu batean, horiek dira egunez egun gabeziak pairatzen dituztenak, horretan diharduten langileak, alegia. Baina, jakina, horiek ere eskale hutsak direnez eta, azken batez, helburua ez denez ezer hobetzea, baizik eta zuen asmoei itxura teknikoa emango dien edozein txosten erakustea, kanpoko aholkularitzetan xahutzen duzue berriro geure dirua.

Soldata: ez dizuet opa gutxieneko lanbidearteko soldata, baina batezbesteko soldatatik gora zentimo bat ere ez. Edozein langile publikoren soldata, duina baina ohikoa. “Onenak” nahi dituzuela entzuteaz kantsaturik gaude. Zalantza handiak dauzkagu politikan dabiltzan hainbatek ea eskola amaitu ote zuten. Onenak izan bazarete, baina gauza bakar batean: lapurretan.
Kaleratzeak: edozein langile kaleratua izan daiteke bere lana txarto egiteagatik. Nafarroan, esaterako, berriz ere, inor ez da kanporatua izango. Aitzitik, orain paparra ateratzeko sasoia da: “Hondamen eremutzat aitortzea lortu dugu, dirua eskatu ahal diguzue!”.  Burokrazia eta miseria herritarrentzat. Zigorrik ez kudeatzaile “onentzat”.

Kontrola eta parte hartzea: aparteko proposamenik ez dut egingo, exorzistaren umeari bezala buruak buelta eman ez diezazuen. Has gaitezen jadanik existitzen diren bitarteko bi birformulatzen: arartekoak (eskumen gehiago eta ahalmen betearazlea izan dezaten) eta herri ekimen legegileak (adostasun eta sinadura kopurua eztabaidarako ez, baizik eta onarpenerako baliagarriak izan daitezen).

Eta, azkenik, dimisioa ematen duzunean, eskatu komunikazioaz arduratzen den morroiarena ere bai. Ez bazara hurrengo egunean zerbait defendatzeko gai, ez bota; atzera egiteari ahuldade, beldur eta engainu hatsa dario. Areago, ageriko gezurretan zabiltzanean. Murrizketarik ez lehen arretan? Itzuli egiguzue behingoz, Mendexa eta Amoroto artean konpartitzen dugun medikua, oxtia! (eta falta diren beste guztiak, noski).