argia.eus
INPRIMATU
Bikingoak eta klima aldaketaren kezka
  • Suedia hegoaldean dagoen duela mila urteko idazkun erruniko baten interpretazio berriak dio, mende batzuk lehenago gertaturiko hondamen klimatiko bat eduki nahi izan zutela bikingoek gogoan.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2022ko uztailaren 07a

Rök harria Ostergötland-en dago, Suedia hegoaldean, eta munduko idazkun erruniko handiena da: 2,5 metro daude ikusgai eta beste metro bat lurrean gordeta. IX. mendeko testua ez dago osorik eta, gainera, hainbat idazkera nahasten ditu.

Horregatik, ez da garbi irakurtzea lortu. Orain arte uste zen gertaera heroikoak jasotzen zituela, baina Suediako hiru unibertsitateko ikerlariek beste interpretazio bat dute: bikingoak beldur ziren klima hoztuko zela. VI. mendeko hondamen klimatikoa memoria kolektiboan iltzaturik zegoen, eta hiru mende geroago, eguzki ekaitz baten, eklipse baten eta udako ezohiko tenperatura hotzen ondoren, uste zuten berriro hotzak, goseak eta heriotzak hartuko zituela: Fimbulwinter –munduaren amaieraren seinalea, mitologia eskandinaviarrean– zetorrela.