argia.eus
INPRIMATU
Ane Zufiaurre Feijo. Ilustrazioaz
“Ez dakit nire estiloa definitzen duen izenik ote dagoen”
  • Irakaslea da ogibidez Zufiaurre. Ez zituen Arte Ederren ikasketak egin, “zerbait zientifikoa nahiago nuen egin” aitortu digu. Irriz kontatzen du, ordea, jakin bazekiela zeinen giro on eta ederrean ikasten duten Leioako campusean sail horretako ikasleek. Bilbon bizi da egun, baina etxera itzultzeko gogoz dago, Irunera. Barruan bizirik duen ilustratzaile sena are gehiago arakatu eta aukera bat eman nahi dio bere buruari. Zeinen erraza den ordea idaztea, eta zeinen zaila egin eta ekitea. Bitartean @ane.ilustra Instagram kontuan ikusi ahal izanen ditugu bere sorkuntzak.

Aitziber Zapirain Etxaniz @ZapirainEtxaniz 2022ko uztailaren 06a
“Buruan dudana islatzen saiatzen naiz, eta gehienetan oso konplexua izan ohi da” (Argazkiak: Irantzu Pastor)
“Buruan dudana islatzen saiatzen naiz, eta gehienetan oso konplexua izan ohi da” (Argazkiak: Irantzu Pastor)

Noiz ohartu zinen marraztea maite zenuela?

Gustuko izatea baino, nire egunerokotasunaren parte dela ohartu nintzen. Orri batean, koadernoen ertzeetan, edonon eta edozein unetan ekiten bainion. Egun ez dut nire bizitza marraztu gabe irudikatzen. Eta emaitzak baino, horretaraino heltzeko prozesua atsegin dut. Horrek asebetetzen nau.

Ilustrazailea zarela onartu diozu zure buruari?

Ez, oraindik ez. Ez dakit zergatik gainera. Uste dut baldintza asko behar direla horretarako, edo behar ditudala. Editorial batekin kontraturen bat, bizitza profesionala horretara bideratzea gehienik… Zaila zait nire buruari ilustratzaile etiketa jartzea, geroz eta normalizatuagoa dudan arren. Nire kasuan, momentuz bide horretatik lortzen dudana oso prekarioa da ekonomikoki. Uste dut guztiz profesionala bilakatu arte ez diodala nire buruari ilustratzaile naizela aitortuko.

Zufiaurrek 2022. urteko Hitzaren egutegia apaintzeko egindako ilustrazioa.

Zein da zure estiloa?

Errealista den irudigintza atsegin dut, ez naiz abstraktuarekin identifikatua sentitzen. Piktorikoa deituko nuke, errealismo pintzelada askorekin. Kolore aldetik bizitasuna sartzen ahalegintzen naiz. Hasierako garaietan dena txuri-beltzean egiten nuen arkatz eta Bic boligrafo arrunt batekin. Ez dakit nire estiloa definitzen duen izenik ote dagoen. Nirea da eta kito, kar kar kar! Sare sozialen bidez hainbat erreferente topatu ditut, baina nire bidea urratzeari ematen diot lehentasuna.

Bost urtean behin egina dudana argitaratzen dut eta berriro hasten naiz hutsetik. Noizean behin, ilustrazio garatuagoren eta biribilagoren bat egiten saiatzen naiz. Askotan beste zerbaitetan nabilenean hasten naiz marrazten, ikasten edo lan bat amaitzen ari naizenean, adibidez. Orriaren ertza zirriborroekin apaintzeari ekiten diot orain.

Nola ilustratzen dira testu idatziak eta zein helbururekin?

Hasi nintzenean ez nuen egilearekin hitz egiten. Argitalpen egunaren arabera gertakariren bat edo beste probesten nuen irudia sortzeko. Egun ordea –bi urte daramatzat jada–, egilearekin hitz egiten dut eta berak helarazi nahi duen mezuaren inguruan galdetzen diot. Berak transmititu nahi duen hori ahalik eta modurik errealenean marrazteko. Batzuetan ez dut askorik pentsatzen, barne ahotsa segitzen dut. Besteetan, ordea, buelta gehiegi ematen dizkiot. Azken batean nirea ez den testu batetik abiatzen naiz eta horrek badu bere zailtasuna. Testua eta mezua nire egiten saiatzen naiz, ilustrazioa testuaren segida gisa hartua izan dadin, eta alderantziz. Osagarriak izan daitezen.

Nork agintzen du, buruak ala eskuek?

Nire kasuan buruak! Bertan dudana islatzen saiatzen naiz, eta gehienetan oso konplexua izan ohi da.   Nire baliabide eta gaitasunak neurtzen ditut une oro, eta horrekin ekiten dut. Erdibideko zerbait ateratzen zait batzuetan. Zenbaitetan ez naiz gai sentitzen eta azkenean errealista izateko eskatzen diot nire buruari. Prozesu hori guztia ilustrazioarekin lotzen dut. Emaitza baino, berau lortzeko bidearekin gozatzen baitut.

Ilustratzaile asko emakumeak badira ere, profesionalki jarduten duten gehienak gizonezkoak dira.

Jendarteko hainbat sektoretan gertatzen den bezala, gurean ere hala gertatzen da. Haur literaturan adibidez, emakume ilustratzaile asko aritzen da. Komikietan, egunkarietan, nobeletan… ordea gizonak dira gehienak, nabarmen gainera. Emakumeak ekarpen ezberdin bat egin dezakeela uste dut.

Irakaslea zara, hezkuntza sisteman orokorrean marrazketari bazter egin zaio.

Bai, hala da, larriki eta oraindik ere oso nabarmen gainera. Marrazketa gutxiesteari utzi beharko litzaioke, gainontzeko irakasgaien maila berean jarri. Ez soilik marrazketa, baita musika ere, adibidez. Aisi moduan ulertzen da gehienetan, pertsonari ekarpenik eginen ez dion irakasgai gisa. Marrazketarekin ordea, hamaika gauza landu daitezke. Prozesua oso interesgarria izan daiteke eta ekarpen handikoa. Hezkuntzak aniztasuna bermatu behar duela uste dut, eta egun aukera bat egiten denean, bazter uzten dira beste hainbat esparru. Txuri ala beltz dirudi. Berriz planteatu beharko litzatekeela uste dut, behar eta merezi duen garrantzia emanez.

Zaletasuna eta lana uztartuz

Lan egitea maite du Zufiaurrek. “Beno, lanaren arabera”, azpimarratu du ondoren irriz. Betidanik aisi moduan identifikatzen zuena, bide profesionaletik urratzen saiatzen ari da orain irundarra. Ilustratzailea denik esatera ez da ausartzen oraindik. Eskuekin buruak agintzen diona egiten saiatzen dela kontatu digu, emaitzarekin baino, sormen prozesuarekin gozatuz. Egun Oarso Bidasoko Hitzan jarduten du iritzi artikuluak ilustratzen, eta lanketa gehiagotan jarduteko ilusioz dago, izan paperean, hormetan...