argia.eus
INPRIMATU
Aitzakia
Itxaro Borda 2022ko uztailaren 07a

Europa mailan, gobernuek ez dituzte min egin lezaketen neurriak hartzen, bereziki aldaketa klimatikoaren alorrean, jende xeheak, behartsuak, klase ertain apaletako bozkatzaileak xifritzeko beldurrez. Hori diote behintzat, halako paternalismo airea bekokian. Egia da behin hasi zirela karbono-tasarekin eta biribil-guneak sutu zitzaizkiela, Frantzian. Adibidez. Labe gaina hunkitzen duen haurrak ez du gehiago eskurik bertara hurbiltzen: ikasia du. Politikariek halaber.

Batak bestea sustatzen du eta alderantziz. Multinazionalen geldotasuna justifikatzen du statu quo horrek. Beraiek direlako mundu honen beroketa larriaren errudun nagusiak, nahiz eta karia horretara, boteretsuen diskurtso orokorrak herritar arruntak dituen bekatoros gisa seinalatzen, eta horien bizkar uzten den egoeraren aldatzeko betekizuna. Diru gutxi dutenek ez dute autorik, ez dute hegazkin ibilaldi askorik egiten, ez dute janari soberarik botatzen... Iragarriko liratekeen murrizketa drastikoek sosdunak lituzkete ondorioz hertsiki gaztigatuko.

Aitzakiak baztertzen ez badira, laster, ipurdia lastoz geratuko gara.