argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Beltza
Ula Iruretagoiena 2022ko ekainaren 28a

Aurtengo arkitekturako saririk handiena, pritzker saria, Francis Kèrè-k eskuratu du. Aitortzen dut Kèrè dela ezagutzen dudan arkitekto beltz bakarra eta ezin dudala arkitekto indiar edo peruar baten arkitekto izenik aipatu, literaturan gai naizen moduan. Jaso dudan hezkuntza eta ikuskatzen dudan argitaralpen-sarea eurozentrista da, Japoniaren salbuespenarekin. Sariak garai ezberdin baten ataria seinalatzen du.

Kéréren bizitza zinemara eramateko modukoa da. Burkina Fason jaioa, argirik eta edateko urik ez duen komunitate txiki batean, eskola-lagunak hiltzen ikusi zituen. Komunitateak dirua bildu zuen bere ikasketak Berlinen jarrai zitzan arkitekto bilakatzeko. Pobrezia handian bizi diren afrikar komunitateen etorkizuna kanpoan ikasketak egitera bidaltzen dituzten seme-alaben prestakuntzan omen dago, jakintzaren bidez bizitza kalitatea hobetuko dutela sinetsita. Kéréren kontakizuna Melillako irudiekin nahastu zaizkit eta ezinegona sartu zait.

Kéré pribilegiadun arkitekto afrikarra da, baina jaioterrira itzuli den semea, komunitateak eskainitako abagunea herriari itzultzeko nahiaz. Komunitatera itzuliko da, arrakastarekin komunitatearentzako eraikin gehiago egiteko aukera emango diolako, arrakastari balio soziala eskainiz. Bere lanaren irudietan eraikitzaile afrikarrak ageri dira, emakumeak eta gizonak, eskuekin lanean. Komunitateko langileen gaitasuna ezagutu eta teknika tradizionalak eta berrituak frogatu dituzte eskola bat egiteko, tenperatu altuekin konforta eskuratzeko ikasgelak eraikiaz. Kéréren lana errepikaezina da, bertakoen jakintza eta eskuen trebakuntzarekin egina delako, eta eskuz egindako akaberen kalitatea Europan lortu ezina da, kapitalaren gurpilak artisautza lana akabatu duelako. Kèrèk komunitate-eraikitzaile papera betetzen du, profesioa bertako norbaiti erakusteko ardura baitu, bera hil ostean arkitekturak komunitatearen bizitza kalitatea hobetzen jarrai dezan. Lezio ederrak, Afrikatik.