argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Kain-konplexua
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2022ko ekainaren 28a

Iragan berri diren hauteskundeen harira entzun dut: Kolonbiako eskualde batzuk beste batzuk baino mugituagoak direla –eta, ez dakit zergatik, imajinatzen dut Kolonbiako eskualde lasaienak ere munduko ia beste edozein eskualde baino puskaz mugituagoak izan behar direla–. Halakoxea imajinatzen dut, hain justu, mugitua, Ukraina –bai, behingoagatik: gauza bat da aktualitateari kasu berezirik ez egitea, eta beste bat aktualitatea existituko ez balitz bezala bizitzea–. Gertatuak ikusita, badakit ez dudala ematen oso espabilatua. Baina gertaera belikoek areagotu egin dute herrialde harekiko interesa. Zer esanik ez irakurgaiak uztartzen baditu gaur egungo egoera gatazkatsua, eta gatazkan dauden herrialdeen literatura, egiten duen bezala Marta Rebón idazlearen azken lanak, El complejo de Caín, bere anaia Abel hil zuen haren izena daramana.

Ukraina-Errusia, Errusia-Ukraina harremana, azken buruan, anai-arreben artekoa baita, Nikolái Gógolek esan zuen hura: ukrainar bat ez dela errusiar bat baino gutxiago, eta alderantziz, eta ez badira gauza bera, besterik ez bada elkarren osagarri direla. Nazioei gertatzen zaiena geografiari esker esplika daitekeela ere esan zuen Gógolek. Hortik, beraz, Ukrainaren mugitutasuna: muga eremu batean kokatua, pays-de-frontières gisako bat genuke, Asiak eta Europak talka egiten duten lekua, mundua ulertzeko toki pribilegiatua, poliglota eta multikulturala, Odesa edo Lviv bezalako hiri kosmopoliten ariman islatzen dena. Errusiarentzat, ordea, errusiar unibertso deitu izan den horretan jokatu nahi duen paperarentzat, mehatxu da Ukraina burujabe eta europar bat. Inbasioarekin, hartara, urrundu egin da Rebón literatura errusiarra hartzen duten apalategietatik. Ez, noski, fedea galtzeraino: Vasili Grossman, Lidia Chukóvskaia, Isaak Bábel, Liudmila Ulítskaia, “indarberritu nau bereziki Irène Némirosvskyk idatzitako Chéjoven bizitza irakurtzeak”. Hitz idatziak maiz, ondo dakite errusiarrek hori, errealitateak berak baino balio handiagoa izan dezake eta.