argia.eus
INPRIMATU
Hauskorra da uzta berria
Xuban Zubiria @xubanzubiria 2022ko uztailaren 01
Hauskor | Odolaren mintzoa | Egilea editore, 2022

Krisi pandemikoa ere izan da birsortzeko aukera berri bat, halaxe erakutsi du Usurbilgo Odolaren Mintzoa taldeak. Normaltasunari iseka egiten dion lana, su txikian ondu dute Hauskor Andoaingo Garate estudioetan. Kaki Arkarazoren laguntzarekin findu diren 8 kanta biltzen ditu.

Taldearen sorrerari erreparatuta, musikak elkartu aurretiko lagunak direla esan behar da. Musikaltasun ezberdinei tiraka, doinu eta errimak nahasteko anbizio argiarekin, erritmo azkarrek lagundutako melodietan bilatu izan dute ahots propioa. Erroan, baina, beti egon da hitza, esanahia eta mintzoa.

Apenas etenik ez duen diskoa da Hauskor. Orain arte egindakoarekin hautsi baino egin dutenaren gainean ausartzeko jauzia da. Erritmo eta errepika zuzenak herentzian, berritasun musikal eta estetiko nabarmena proposatzen du.

Laukotearen lagun Ixak Arruti – Mendeku Itsua, Izerberg, La Regadera… – gitarra-jotzailearen punteo zorrotzekin, Burua tente kantak heteronormari hozka eginez ematen dio hasiera diskoari. Erritmoari eutsiko balio bezala, taldea bera biluzteko saiakera da Biluzik, gitarra doinu alaiagoekin datorrenaren bezpera modukoa.

Azken hondartzak kantak lehen istantetik harrapatzen du. Pisu poetiko handia duen letra, “azala azalaren kontra”, somatzen du entzuleak gitarra helduen artean Serge – Eraso, Serge… – artistaren ahots indartsua agertzen den aldiro. Diskoko kanta indartsuenetako bat da, harrapatua dagoen entzulea are gehiago interpelatzen duen musikaltasunagatik.

Agertokia bereganatzeko pultsioz, ahotsarena baino gitarren protagonismoa nagusitzen da Eredu berrian, publikoa irabaziko duen proposamena. Ispiluak egunerokotasunari zentzu pesimistago batean hitz egiten dio, soinu ilunagoak izanagatik leherkariagoak diren gitarra eta bateria soinuek diskoko proposamen ausartena egiten dute, Katearekin batera.

Dos pueblos, una vez: 90eko hamarkada hasierako Uruguai. Filtroko gertakarien bozgorailu, hasieratik amaieraraino aldarrikapenari musikak ematen dion eferbeszentzia mantentzen du. Diskoari beharrezko balio erantsia ematen dion aitortza ariketa. Katea dator ondoren, entzulea esfera abstraktuago batera eramateko. Soinu europarrago bat, agian; bide originalagoak jorratzen ditu.

Amaieraren alegoria gisa, balada zantzuekin ixten du diskoa Azkenak. Bideoklipa egiteko aukeratu dute, sarean dago ikusgai. Etsipenaren urka zioen 2017an kaleratu zuten diskoak. Izan dadila Hauskor hitza eta esanahia, areto zein belarriak asebetetzeko enegarren aitzakia.